Etxegoien eta Némirovsky
Lehengoan irakurri nuen, egunkari honetan bertan (06-XII-30), Irène Némirovskyren altxor literario berri bat aurkitu dutela, Chaleur de sang eleberri galdua hain zuzen ere. Némirovskyrena azken aldiko literatur berreskurapeneko kasu deigarrienetakoa dugu: judu errusiarra jatorriz, Frantzian nobelagile ezaguna bihurtu zen gerrarteko garaian, baina Auschwitzen 1942an hil ondotik ahaztu samar geratu zen, duela bi urte beraren nobela amaitu gabe bat argitara eman zen arte: Suite française. Lan hori, Frantziako okupazioaren hasieran kokatua eta ia gertakariekin batera idatzia, Némirovskyren alabek kontserbatu zuten urte askotan zehar. Suite française Frantziaren derrotaren kronika bat da, zehatza eta zorrotza, gerraostean Frantziak berak eraiki zuen Herri Erresistentearen mitotik aski urrun dagoena.
Suite français-ek sekulako arrakasta izan zuen, eta berehala hasi zen beste hizkuntza batzuetara itzultzen; Némirovskyren gainontzeko lanak berrargitaratzeari ekin zioten ondoren. Chaleur de sang-ek, antza denez, sekretu bat ezkutatzen duen gizon baten istorioa kontatzen du, eta idazlea 1941-42 bitartean errefuxiatuta egon zen herrian gertatzen da ekintza. Kontuan hartuta bolada labur horretan Némirovskyk Suite française erraldoiaz gain beste nobela bat idatzi zuela -Les feux de automne, 1957an argitaratua- eta zenbait ipuin- Gringoire aldizkarian ezizenez kaleratuak- , ez da harritzekoa batzuek errezeloz hartu izana jatorrizko berri horren aurkikuntza, idazlearen lanerako ahalmena ezaguna den arren. Chaleur de sang-i buruzko albisteak "partikular baten etxean topatu dutela" dio soilik.
Etxe partikular hori Biarritzen balego, eta Etxegoien familiarena balitz, ordea, motibo asko izango genituzke faltsifikazioa ez dela baieztatzeko. Xabier Montoiak bere Blackout nobelan kontatzen ez duen arren, bertako Jean Etxegoien protagonistaren eta Irene Némirovskyren artean egon zelako harremanik. Blackout irakurri dutenek ondo dakite zein zen Jean Etxegoien: bere jaioterria gorroto zuen kazetari kolaborazionista, Gerra Handiko lubakietan usteldutako anarkista arnegatua, Paris okupatu hartan estraperloko negozio ilunetan nahastuta ibilitako morroia. Eta baita idazle frustratua ere, boxeo kronikak zirriborratzetik juduen kontrako editorialak idaztera pasako dena 1940 eta 1944 bitartean. Eta frustrazio horretan dago gakoa.
Etxegoienek bazuen Némirovskyren berri, II. Gerraren aurreko garaietan ezaguna baitzen Frantziako zirkulu literarioetan. Paradoxikoki, Némirovsky judu atzerritarrak -ez zioten sekula eman frantziar nazionalitatea- eskuin muturreko giro intelektualean mugitzen zen, Candide edo Gringoire bezalako aldizkarietan idatziz, hots, okupazioaren ondoren joera antisemita nabarmena hartu zuten argitarapenetan: horregatik ezin izan zituen sinatu bere izen-abizenez 1940-42 bitartean bertara bidali zituen narrazioak. Eta horregatik, diruaren eta babesaren truke, saldu zizkion zenbait ipuin Etxegoieni.
Zeren eta, Etxegoienek berak Blackout-en aitortzen duen bezala, "izan nintzen poeta Champagne aldeko erreketan baratu zuan", eta harekin gelditu zen, antza, inspirazio literarioa ere. Idazle ezkertiarrez eta juduez libratutako Frantzia berri hartan arrakasta lortzeko aukera bat zeukan Etxegoienek, baina ez talentu nahikoa. Eta Némirovsky izan zen irtenbidea. Ziur nago 1943an Je Suis Partout agerkarian Etxegoienek izenpetutako zazpi ipuin laburren analisi estilistiko zehatzak Némirovskyrenak direla frogatuko lukeela.
Izan ere, Chaleur de sang-ek Etxegoienen lehenengo nobela bihurtu behar zuen: enkarguz idatzi zion Némirovskyk, beste ipuin haiek bezala. Eta ez litzateke harritzekoa, frogarik ez dagoen arren, Etxegoien bera izatea, lana burututa, Némirovsky salatu eta Auschwitzerako bidean ipini zuena. Horrela lasai kaleratu ahal izan zituen ipuin horiek, eta, ondoren, fama pixka bat irabazita, nobelarekin gauza bera egiteko asmoa zeukan.
Zergatik ez zuen inoiz argitaratu Etxegoienek Némirovskyren eskuizkribu hura? Agian, 1944ean, urrats hura ematera zihoanean, gerraren norabidea aldatu eta ez nabarmentzea erabaki zuelako; Montoiak kontatzen digun bezala, Biarritzera erretiratu zen orduan. Edo, besterik gabe, interesa galdu zuelako, alkoholean itota. Nolanahi ere, ez zuen suntsitu, eta horri esker helduko da gure eskuetara, Etxegoien sendiaren etxean aurkitu izan balute, Némirovskyren nobela berria.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.