Humboldten azken bidaia
Bizkaiko Foru Liburutegiak eta Euskaltzaindiak ikerlarien esku jarri dituzte euskalariaren eskuizkribuak
Nork esango zion Wilhelm von Humboldt hizkuntzalari alemanari, XX. mendearen hondarretan oraindik ere bidaiatzen jarraituko zuela? Hala dela esan daiteke, zinez, euskal kultura eta gizartearen egituraketari buruz jaso eta idatzi zituen agiriek Poloniatik Euskal Herrirako bidea hartu baitzuten duela bi urte eskas. Horri esker, bere lanaren kopia mikrofilmatuak Euskaltzaindia eta Bizkaiko Foru Aldundian daude ikerleek eskuratzeko moduan, jatorrizkoak Krakoviako Unibertsitateko artxibategietan gordetzen baitira.
Agiri hauek hamaika gorabehera igaro dituzte berrehun urteotan. Prusian jaioa 1767. urtean, Wilhelm Humboldt 1801.ean etorri zen estraineko aldiz Euskal Herrira. Mundu zabaleko beste hainbat herrialdetatik ibili ondoren, Europaren bihotzean hain deigarria egiten zitzaion kultura hura ikertzea erabaki zuen. Egonaldi hartan, hainbat lagunekin izan zituen harremanak, besteak beste Pablo Pedro Astarloa garaiko hizkuntzalari handiarekin, bere jakinmina asetu nahian.
Bigarren Mundu Gerran, Polonian galdu zen jakitunaren agirien arrastoa
Ondorengo hogei urteetan bidaiariak politika kontuetan jardun zuen bereziki, Prusiako erregearen ministro izan baitzen -Europan gehiago ezagutzen dute politikari gisa hizkuntzalari edo ikerle gisa baino-. Horrela, Napoleon jausi ondorengo bake negoziazioetan, paper garrantzitsua jokatu zuen. Gero politika utzi eta bere gaztelura erretiratu zen, gazte denborako bidaietan jasotakoak paperean jartzeko asmoz. Han idatzi zuen, besteak beste, Euskaldunen herrialderako bidaia liburu ospetsua, non euskal gizartea eta ohiturei buruzko datu ugari bildu zuen. Eta han, bere gazteluan, ehun urte baino gehiago eman zituzten paper haiek.
Baina Bigarren Mundu Gerra amaitzear zela, gaztelua hondatu eta agiriak desagertu egin ziren. XX. mendeko laurogeiko hamarkadaren hasieran jakin zen Polonian zeudela, Krakoviako Unibertsitatean zehazki, hara eraman baitzituzten gerra piztu aurretik, Alemaniari zegozkion zenbait lurralde Poloniak eskuratu zituenean. Gaur egun, Humboldten lanei dagozkien mikrofilmak Bilbon daude, Euskaltzaindia eta Foru Aldundiaren artxibategietan.
Azkue Bibliotekako zuzendari Pruden Gartziaren iritziz, ez da batere harritzekoa paperokin gertatu zena, hau da, ia berrogei urtez haien arrastorik ez aurkitu izana, ikerle poloniarrentzat ez baitzuten aparteko garrantzirik. "Gerra ostean erregimen politiko komunista ezartzen dute", azaltzen du, "hondasun guztiak nazionalizatzen dituzte, agiri hauek barne, baina alemanez idatzita zeuden eta ez ziren bereziki interesgarriak ikerlari poloniarrentzat".
Kontuak kontu, agiriak ikerleek eskuratzeko moduan daude jada. Erreportaje hau egiteko garaian, adibidez, Deustuko Unibertsitateko aditu bat ari zen haiekin lanean, euskarazko aho literaturari buruzko ikerketa bat osatzeko asmoz. Mikrofilmak irakurtzeko erabiltzen den pantailan antzinako kanta bat ageri zen, estrofa batean honela zioena: "Octabiano munduco jauna/ lecobidi vizcaicoa/ ichasotatik eta leorrez/ imini deusco molsoa". Hi bai lelo kantaren zati bat da, ziur asko, Carlos V.aren idazkari euskaldun batek idatzitakoa, "batzuek erromatarren garaikoa zela uste zuten arren", Bibliotekako arduradunak zehaztu duenez.
Baina Polonian aurkitutako agirien artean badago beste altxorrik. Adibidez, Pablo Pedro Astarloak idatzi zuen euskarazko gramatika. XIX. mende hasierako euskal hizkuntzalaririk handienetakoa izanik, Humboldt beste inor ez zen arduratu haren lanak gordetzeaz. "Hori da gure herriaren patua", dio ironia puntu batez Pruden Gartziak, "bera saiatu zen euskarari buruz informatzen eta agiriak gordetzen, bere garaian euskaldunak saiatzen ez ziren bezala".
Ildo honetan, Europako hainbat unibertsitatek elkarlan hitzarmena izenpetu dute Wilhelm von Humboldten idazkiak sailkatu, aztertu eta argitara emateko. Euskara eta euskal kulturari dagozkionak Grazeko (Alemania) unibertsitateak hartu ditu bere gain. Elkarlan horren bidez, hainbat dokumentu baliotsu liburutan ordenaturik aurki ditzakete... alemana menperatzen dute ikerleek.
Bien bitartean, mikrofilmak behinik behin Bilbon ikus daitezke, eta adituek Krakovian aurkitutako paperak ordenatzen amaitzen dutenean amaituko du Wilhelm von Humboldtek bere azkenengo bidaia.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.