Euskal flamenkoak
Ba omen zen Antonio el de Bilbao izeneko cantaor ospetsu bat. Ba omen zeuden 20ko hamarkadan Bizkaiko hiriburuko flamenkozaleak biltzen zituzten tabernak, café cantante izenarekin ezagutzen zituztenak. Hain urrun jo gabe, badira gaur egun Euskal Herrian duende-a barruan dutela jaio direnak.Sestaokoa da eta genero honetako izarrik handienekin batera mundu zabaletik ibili da gitarra lagun duela. Jesús Torres Cristina Hoyos dantzariaren konpainiarekin ari da gaur egun. "Nire familia guztia Andaluziakoa da", dio Sevillako La Maestranza antzokian taularatu berri duten ikuskizunerako azken entseguaren atsedenaldian, "gurasoen hizkeragatik, betidanik flamenkoa entzun dudalako...alde horretatik erraza izan dut mundu honetan sartzea; baina han honetaz bizitzea gogorragoa da, zirkuitu flamenkoa oso mugatua delako, nik alde egin nuen orain hamar urte eta geroztik Madrilen bizi naiz". Rafael Martínez de Nerva, Mari de Linares eta José de la Picá gipuzkoarrarekin batera, flamenkoaren elitean ari diren euskal lurretan jaiotako dantzari eta musikari talde txikia osatzen du. Jesus-i gustatuko litzaioke bere herrian "profeta izatea". "Mundu guztiko antzokiak zapaldu ditut eta sarritan esaten diot Cristinari (Hoyos): 'Oraindik Arriagan jo gabe nago!'. Tamalez ez naiz egon hara joan den konpainia batean. Oso arraroa da han lana izatea".
Jesús Torresek 80ko hamarkadan Bilbon ezaguna izan zen Los Vargas taldean eman zituen lehen urratsak gitarrajole gisa. Sasoi hartan Bizkaiko hiriburuan lehen flamenko akademia zabaldu zuen emakumea ezagutu zuen. Sara Lezana esparru berriak jorratu nahian heldu zen hara. "Euskal Herria ezagutu nuen eta asko gustatu zitzaidan.", azaldu du, "bolada baterako joan nintzen eta urte batzuk eman nituen bertan. Akademia zabaldu nuen eta gauzak ez zitzaizkidan batere txarto joan, sevillanen boom-a izan zen orduan eta mundu guztiak joan nahi zuen bertara". Azken urteetan bere izena duen dantza konpainia berri bat zuzentzen ari da Madrilen. "Nik irakatsitako gazte talde batek Candela izeneko taldea sortu zuten orduan",dio.
Talde horretako kideetako bat Cristina Lindeegard bilbotarra da. "Barruan zerbaitek eraginda" hurbildu bulerien erresumara. "Askok ez zuten ondo ikusten espainiarren kontua zelakoan; baina flamenkoa artea eta kultura da, eta ez du inolako zerikusirik politikarekin". Inguruan genero hau jorratzen bakarretakoa izanik, sarritan deitzen zioten Cristinaren taldeari jaialdietan dantzatzeko eta telebistara ere joan ziren behin baino gehiagotan. "Jende askok txantxetan hartzen du; ezin dute imajinatu ere egin zein garrantzitsua izan daitekeen zuretzat. Ni ezkondu nintzen eta bakarrik joaten nintzen oporretan gehiago ikasteko. Orduan ezin nezakeen imajinatu ere egin gaur egun egiten ari naizena egingo nuenik".
Chúa Alba Granadakoa da eta badirudi inguruan duen haizea mugiarazten duela ibiltzen denean. Beste zortzi musikari eta dantzarirekin batera mestizaia aldarrikatzen duen konpainia sortu du Bilbon. "Txalapartari batek (Ander Sánchez) deitu zidan eta nirekin zerbait egin nahi zuela esan zidan", dio Bilborock Aretoko kamerinoetan, Distintas ikuskizunaren emanaldia eskaini eta gero, "niri txalaparta interesatzen zitzaidan eta berari flamenkoa. Hauxe da emaitza. Beraiek erritmo flamenkoak barneratu dituzte; ttakunarekin, baina buleria erara".
Taldeko beste dantzaria Rosa La Hoz gasteiztarra da. Zaletasuna nola piztu zitzaion azaldu du ia beste galderarik egiteko astirik eman gabe. "Flamenkoa jaio daiteke. Batzuek zortea izan dute eta flamenkoak jaio dira; baina egin zaitezke ere bai; nik flamenkotzat dut nire burua hala bizi naizelako lan egitean, azokara joatean, sentitzerakoan...Izpiritu pixka bat eduki behar duzula uste dut; sentibera izan behar duzu. Teknika egokiak irakatsiko dizkizun norbait ere behar duzu. Nik bietatik egin behar izan dut: goizaldea arte parrandan ibili dantzetan eta gero akademiara, badakizu: bat, bi, hiru..."
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.