_
_
_
_
Reportaje:

Basarri, egungo bertsolaritzaren ispilu Gizarte herrikoiaren ahotsa, bertsolaritzari aurretik ez zuen duintasuna eta norabidea eman zion

Inazio Eizmendi Manterola, Basarri pasa den astean hil zen Donostian. Sortzez errezilgo Granada-Erreka baserrikoa, sei urte zituela Zarautzera joan zen, bertan bizi izan delarik azken egunerarte. Kostaldeko herri honetan bere gurasoek ireki zuten Azken-Portu tabernan piztu zitzaion bertsoarekiko grina, ohikoa baitzen bertan Frantses-Txikia edo Gaztelu bezalako bertsolariak topatzea. 1935ean, 21 urte zituela, lehenengo Bertso Egunean parte hartzea erabaki zuen eta, Txirrita, Zepai edota Txapel atzean utziz, estreinakoz txapela jantzi zuen. 25 urte geroago, bere bigarren eta azken txapelketa eskuratu zuen.Bertsolaritzaren berritzaile, kazetari modura eginiko lanak ere ospe handia lortu zuen, irratian nahiz prentsa idatzian. El Día, Euzkadi, El Pueblo Vasco, Argia, La Voz de España edota El Diario Vasco-n argitaratutako bertso eta artikuluek garai bateko gizarte herrikoiaren bozemailerik nagusienetakoan bilakatu zuten. Bere heriotzak bertsolari batek inoiz izan duen omenaldirik hunkigarrienetakoa eragin du, bertan kultur arlo osoaren errekonozimendua jasoaz.

Más información
ANDONI EGAÑA BERTSOLARIA
Kultur egarria asetuz, bertsoa janztea lortu zuen gizona

Handienen artean

Basarrik publiko aurrean eginiko azkenetariko agerraldia 89ko Euskal Herriko Bertso Txapelketako finalean izan zen. Ez zuen txapelketan parte hartu, baina berari egokitu zitzaion azken agurra botatzea. Hango hartan Jon Lopategi, Baltzak lortu zuen txapela, eta honek Basarriren eskutik jaso zuen hain altxor preziatua.

Lopategik Tolosako Sakramentinosetan ikasten ari zela ezagutu zuen Basarri. Eskolako jairako Basarri eta Uztapide gonbidatu zituzten bertsotan aritzeko, baina ez ziren bakarrik aritu, Jon Lopategi gazteari beraiekin abesteko aukera eman baitzioten. Egun hartan hasi zen bertsolari muxikarraren Baserrirenganako mirespena: "Nortasun handiko bertsolaria izan zen, berak jorratu zuen ibili beharreko bidea, besteena antzeratzen ahalegindu gabe". Basarrik bertso munduan izan duen garrantziaz galde egiterakoan, Jon Lopategiren ustez, "Uztapide, Xalbador eta Lazkao Txikirekin batera, bera izan da handiena".

Beste bertsolari Muxikar batek, Jon Enbeitak, ikuspuntu ezberdinetatik aztertzen du Basarriren irudia. Alde batetik, berarentzat suposatu izan duena (nahiz eta bertsolari Zarauztarrarekin aritzeko aukerarik ez izan), eta, bestetik, bere aita Balendin Enbeitak eta aitonak, Urretxindorrak, izan zuten berarenganako harremana. Jon Enbeitaren ustez, "Basarrik bertso munduari beste itxura bat eman zion, seriotu egin zuen. Gainera normalean bertsolariek beraien eragina esparru mugatuetan izaten duten arren, Basarriren kasua arras ezberdina izan zen, honek Euskal Herri osora zabaldu baitzuen bere eragitea. Bi hitzetan, bertso mundurako eta bertsolariarenganako errespetagarritasuna piztu zuen".

Baina dagoeneko jakin badakigu Basarrik, bertso munduaz aparte, kazetari lana ere egin zuela. Urte askotan El Diario Vascon kolaboratu zuen Nere Bordatxotik atalean, non bere usteak eta egonezintasunak agertzen zituen. Enrike Erentxun izan zen Basarri La Voz de Españatik egunkari honetara pasatzearen erruduna, ziur dagoeneko askok eskertu dioten erabakia.

Felix Ibargutxi El Diario Vascoko kazetaria da, eta, zuzenean Basarrirekin harremanik izan ez zuen arren, bere kazetari lana azter dezake. "Bi gauza aipatuko nituzke: alde batetik, erlijioari buruz zuen kultura, gai honetaz halako kezka azalduz, eta bestetik baserritarren mundua, eta batez ere Herri kirolak ezagutarazteko egin zuen lana, berari esker erdal giroko pertsonek baserrietako bizitza ezaugutu zutelarik".

Imanol Muruak bertsolaritzari esker izan zuen estreinakoz Basarriren berri. Bere esanetan, bertsolari "zoragarria" zen. Gero, Zarauzko alkate modura, harreman estuagoa izatera iritsi zen. "Herri osoak errespetatzen zuen" dio, eta, horren adierazle, Torre Luzea plazan bere bustoa ezarri zela duela 15 urte, edota Udalak urrezko domina eman ziola.

Bere izaeraz, "oso metodikoa" zela azpimarratzen du. "Ohitura finkoetako gizona zen. Soziedadera joateko, adibidez, bere ordua izaten zuen. Garai hartako gazteoi horixe egiten zitzaigun deigarri: zazpi t"erdietan bazenekien non topatu, soziedadean, eta bederatzietan, aldiz, bazenekien etxera joaten zela".

Aitzindari

Gaur egun ETBn ari den José Mari Iriondok harreman handia izan zuen Basarrirekin. "Ikuspegi bereziko pertsona zen", dio, "baina oso hurbilekoa". Bere berri 14 urterekin izan zuen, Gabirian ikasten ari zela. "Urte haietan, euskaraz idatzitako liburu bat topatzea ez zen erraza. Bat-batean, ikastetxeko liburutegian Basarriren bertso sorta izeneko liburua topatu nuen. Eskuz kopiatu nuen eta, zenbait pasarte, buruz ikasi. Mitotzat izan dut beti".

Hedabideetan Basarrik eginiko lanaz, "aitzindari" izan zela dio. Artetxe, Lujanbio edota Arrueren eskutik hasi ziren María Dolores Agirre, Milagros Bidegain, José Mari Etxebeste eta Basarri irratian lanean. "Euskal kirola eta kulturaz aritzen zen, saio bakoitzeko hiru edo lau bertso abestuaz. Herri kiroletaz inork hitz egiten ez zuenean, Basarri ildo horretan lanean hasi zen. Herri kirolen arloak zor handia dio".

Euskararen alde, garai latzetan

Inazio Eizmendi, Basarri bertsolariak era guztietako gaiak aipatu izan ditu bere bertsoetan. Dena den, Zarauzko alkate ohia den Imanol Muruak dioen bezala, euskara eta gure hizkuntzak bizi izan duen egoera kezkagarria izan da nagusienetako bat. "Euskaraz esaten dugun modura, Basarri euskaldun eta fededun peto-petoa genuen. Oso garai gogorretan, frankismoan alegia, gutxik bezala euskararen alde lan egin zuen gizona izan zen. Euskara jaso zuen, eta bertsolaritzari, berriz, aurretik ez zuen duintasuna eman zion", dio Muruak. Guzti honen lekuko, 1935eko lehen Bertsolari Egunean Basarrik abestutako hurrengo bertso hau aipa daiteke: Itxas ertzetik entzuten dira ama euskeraren antsiak

ta bai dirala ilun tristeak,

ene! bai negargarriak.

Nola kanpoan ala etxean

nunai ba-dauzka etsaiak,

au oldoztuta malko trinkotan betetzen zaizkit begiak;

bera iltzen ba-da ez du askorik paltako Euskalerriak.

Gaur egun, Euskal Telebistan lan egiten duen José Mari Iriondok Basarri "bertsoa teorizatzen" lehena izan zela dio. Bertsolaritzan, hiru eskola nabarmentzen ditu berak: "Lehenengoa, Txirritarena; bigarrena, Basarrik sortua; eta, azkena, Amurizarena". Une honetan ez du beste inor maila horretan ikusten. "Zero eta hamar puntu bitarteko grafikoan, Basarri ez da inoiz 10ean egongo", adierazten du, baina, bai, "beti, erditik gora". Bere aburuz, Basarrik beti zekien zer egiten zuen, "zer esanari" aparteko garrantzia emanaz. Euskara eta euskal kulturaren inguruko bere kezka -baserria tartean- zabaltzen saiatu izan zela nabarmentzen du Iriondok. Hona hemen, beste bertso esanguratsua:

Euskal baserri aintzagarriak

gure oñarri lerdenak...

gure izkuntzaren gordetzallerik

bikaiñen da sendoenak...

O, kaletarrok, txapela erantzi iñoiz mendira joatean,

baserri zabal urtez jantziak

aurrez aurre ikustean.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_