Kultur egarria asetuz, bertsoa janztea lortu zuen gizona
Memoriak okerrik egiten ez badit, txapela janztea, pilotazale izatea eta sagardoa gustatzea, hiru ezaugarri horiek falta omen zitzaizkion Koldo Mitxelenari euskaldun petoa izateko. Niri dagokidanez, hiru horiez gainera, laugarren ezaugarri bat ere aitortu beharko nuke: ez naiz sekula bertsozale amorratua izan.Letrazko bideetan ibili eta asetu ditut nire arretak eta hautamen horri eskaini diodan astiak gero eta tarte gutxiago utzi dit beste zaletasunetarako. Horregatik, bada, jende asko dago ni baino iaioagoa Basarrik bertsolaritzaren istorian izan dituen itzala eta maila aztertzerakoan.
Ez, ez nator kantari. Ezta kantuei buruz hitz egitera ere. Gutxitan aipatu den Inazio Eizmendi, Basarriren alde deigarri batek nakar gaur hona: Granada-Erreka izeneko bere baserriko zuloan jaio, gazterik Zarauzko Azken portua tabernara joan, eta eskola handirik gabeko mutil koskor hark berehala erakutsi zuen paper zaletasunak, hain zuzen.
Gogoan dut txikitako eszena bat. Auzoko neska koskor bat zerbait irakurtzen ari zen etxeko atarian. Halako batean amak deitu egin zion eta zertan ari zen galdetu. Neska koskorrak irakurgaia ezkutatu zuen. Beranduegi, ordea. Amak ipuina edo dena delakoa kendu zion brastatekoan. Ea agindutako lan guztiak eginak zituen. Neskak, baietz. Hala ere, amak lau puska egin zuen neska koskorraren ipuina. Gero, alabatxoari besotik oraturik, etxe barrura eraman zuen, esaten ziolarik: "Mugi hadi, alferrik badarik ere!".
Gure jende xeheak ez ditu letrak estimatu. Aberatsen kontutzat jo izan ditu. Edo apaizen entretenimendutzat. Lan fisikoa egiteko premia izan ez eta irakurri beste zereginik ez duen jendearentzat. Mingain sueltoko bertsolari batek lasai asko eta hitz bakar batez esango lukeen bezala: alferrentzat.
Mugimenduaren, akzioaren, zerbait egin beharraren gizartea izan da gurea. Eta oraindik ere halaxe da neurri handi batean: ekintzaren aldekoa eta hausnarketaren aurkakoa. Gizaseme eta emakume hiperraktiboen mundua.
Inork esango du premia ekonomikoak eragindako jarrera dela, baina ni nago alderantzizko logika baten gurpilak ibilarazten duela jokabide hori: lana bera da -lan fisikoa, jakina- helburu, etekina baino; ez dago lanik gabeko zerurik, ez dago izerdirik gabeko zorionik. Lanak egiten gaitu gizon nahiz emakume.
Kultur egarria ulertu ezin zuen kontestu horretan Baserrirenak bazuen meriturik. Besteak beste, bere jarreraren aurkako isekak eta ziriak eraman behar zituelako etengabe. "Bertsolari ona izango duk, nik ez diat ezetzik esango, baina..."
Inork gutxik ukatu du eta ukatzen du Basarrik bertsogintzan eta kazetaritza herrikoian egindako lan oparoa. Hala ere, hainbat lan egin zuenak beti eraman du, itzala nola, alfer fama halako bat gainean.
Egia da aurreko bertsolari gehientsuenek ere fama horixe bera zeramatela gainean, baina Basarri, bertsolaria izateaz gainera, bazen aldi berean liburuzalea ere: Txirritak bi alkandora nola, Basarrik ere bi aitzakia eskaintzen zizkion jende guzti horren ulertezintasunari.
Kultur egarria asetu ahal izateko erakutsi zituen gogoa eta kemena ekarri nahi nituen gaurkoan orrialde hauetara. Nik Basarri letrazale hori dut gogoko, bere burua jantzi izan ez balu ez baitzuen bertsolaritza janztea lortuko.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.