Traduttore, seduttore
Itzultzaileen definizio omen den izenburuko esamolde ezagun horrek, jatorrizko bertsioan, traduttore tradittore dio; baina nik, aukeran, nahiago neure moldaketa, egoki baino egokiago baitatorkit aurrerantzean hementxe aipatu nahi ditudan kontu batzuk nolabait izendatzeko. Hiztegi-izen gogoangarri hartan bezala esateko, euskararako literatur itzulgintza aspalditxoan sendotze bidean jarri zitzaigula errepikatzera nator; errepikatzera, diot, ia dena esana baitago, omen; baina harako hark esan zuen bezala, "inork entzuten ez duenez, behin eta berriz esan beharra dago". Ez dakit zer izango ote zuen buruan itzultzaileon izenari "traidore" hitza halaxe, errima eta guzti, josi zionak. Gaur egun aipatzen denean, itzulgaiaren egileari ezinbestez egiten omen zaion traizioa azaltzeko erabiltzen da. Baina niri traidore hitzak beti ekartzen dizkit gogora hastapenetako interpreteitzultzaile mestizo haiek, gerra edo konkista garaian, herri elkarren artean ezezagunen arteko lokarri susmagarriak, etsaiaren jarduna ulertzen zuten ia bakarrak izanik, traidore izateko egokierarik onenean zeudela. Garai bateko gerretan behintzat, hizkuntzak jakiteak espioitza susmoa omen zekarren berez. Traizioak traizio Beste traizioa, arimarena, ahantzi gabe, ordea: itzultzailearen lana beti izan da ideia berrien -eta, beraz, susmagarrien- sarbide eta, literaturan, molde berrien inportatzaile eta egokitzaile. Gurean topiko izan da luzaroan euskal sen guztizkoa bakar-bakarrik sorkuntza lanetan aurki daitekeela, euskal itzulpenen kaltetan; zeren, euskaldunon artean, itzulpena, euskarazkoa denean baino ez bide da arazo: gaztelaniazkoak edo frantsesezkoak, zeinek bereak, itzulpena ote diren ere gogoratu gabe irensten ditugu lasai arraio. Baina euskal itzultzaileak susmo hutsei baino gauza gogorragoei ere egin behar izan die aurre: prestakuntza-bide egokien faltan (euskarak oraindik! ez du itzulgintza lizentziaturarik), tresneriaren eskasian, garaian garaiko garbizalekeriari gutxi-asko men eginez, esateko beti eredu faltan, eta ia beti irakurle egokiak aurkitu ezinik. "Euskaldun bat, filologo erdi" dioen esaerak ongi definitzen du zein girotan aritu den itzultzailea azken garaian. Euskaltzaindiaren etengabeko gurpilari zorrotzen begiratu dionik; euskal sintaxiaren torlojoei bira gehien eragin dienik; hizkera mailen eta konta-tekniken maratilei anitzen heldu dienik bada, azken urteotan etengabeko prestakuntzan aritu diren literatur itzultzaileak izango dira horiek, dudarik gabe. Baina jakituria hori guztia irakurlearen konplizitate bila aritzeko, orriaren bestaldean dagoena egoki irudikaturik, haren literatur zaletasuna euskaraz goxatzeko asmo sendoz darabiltenak interesatzen zaizkit gehien. Ondotxo dakitenak hiztegia itzultzailearen maiteñoa bezain, irakurlearen gorrotoñoa izan daitekeela; eta arriskutsua dela, jatorrizko literatur lanaren egilearekiko traizioa bezain, testu itzuliaren irakurleari egindakoa. Burutik ezin kendu dutenak irakurle euskaldunak euskarazko literatur testu eraginkor eta gozagarriak behar dituela ezeren aurretik. Datozen urteotan erabakiko dira, dudarik gabe, euskarazko literatur merkatuaren tamaina eta izaera; eta itzulgintzak eragin erabakigarria izango bide du bilakaera horretan. Liburu itzulienganako aurreiritziak bere horretan iraunez gero, euskaraz sortuek nekez aseko dute literatur zaleen irakur-gosea, eta euskaldunok alboko erdaretara jotzen jarraituko dugu, oraino bezala, irakurgai beltz, arrosa, berde eta abarren bila. Hiru adibide ekar ditzadan, esandakoaren adierazgarri, zein bere erara eta nire ustez, azken urteotako euskal literatur itzulgintzan mugarri gertatu diren lanak hirurak. Literatura Unibertsaleko bilduma orain hain famatuaren bederatzigarren aleak Altxor uhartea ekarri zigun (Ibaizabal, 1991), María Garikanoren euskara garden, zuzen eta neurri egokiz lotsagabean: "Nolaz eta Trelawney Squireak, Livesey doktoreak eta gainerako gizaseme horiek Altxor Uharteko xehetasun guztiak, hasieratik eta azkenera arte, idazteko eskatu baitidate, ezer ezkutuan gorde gabe uhartearen posizioa salbu, hain zuzen ere altxorraren parte bat oraindik han dagoelako, nire luma hartu eta atzerantz noa...", ahaztu ezineko nobela-hasiera iruditzen zait oraindik, konta-euskara zaharberritu horretan, eredugarri bere sintaxi arreta-harrapatzailean. Itzulpen eta edizio onak Gaztetxotako irakurketa enblematikoak erdaraz egin genituenoi, begien bistakoa iruditzen zaigu, euskarazko literatur zale gogobetekoak sortzeko, ezinbestekoa dela irakurgai horiek itzulpen on eta edizio txukunetan izatea. Juan Mari Mendizabalek euskarazko konta-jardun trabarik gabea bihurtu zuen Raymond Carver-en errealismo zikina Katedrala (Elkar, 1993) ipuin-bilduman, eta errazago da esaten burutzen baino. Irakurgai gozagarria, euskaraz itxura berri-berrikoa, eta aldi berean irakurlearen literatur prestakuntzari eta sortzaileen baliabide-biltegiari ekarpen sendoa egiten diona. Eta trinitate estu baina adierazgarri honen hirugarren pertsona aipa dezadan: Matías Múgica beste kontu batzuengatik famatuak alimaleko ahalegina egin zuen Louis-Ferdinand Céline-ren Gauaren muturrerainoko bidaia (Igela, 1992) euskarazko untzian berregiteko. Irakurleak ez du, beharbada, askoz ahalegin txikiagoa egin beharko Céline eta Múgica bidaide hartuz gero, baina era askotako probetxu handiz burutuko du, zinez, literatur ibilaldia.
Gerardo Markuleta idazlea eta EIZIEko kidea da.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.