_
_
_
_

Gudaoste ametsak

Fernando Morillo idazle azpeitiarrak Donostia Hiria Literatur Saria irabazi zuen joan den urtarrilean, gaur EL PAÍSek argitara eman duen Gudaoste Ametsak izenburuko ipuinarekin. Hilabete batzuk besterik ez daramatza literaturaren munduan, 1998ko udatik hain zuzen ere. Geroztik idatzitako lanek, ordea, emaitza ezinhobea eman diote. Irailetik urtarrila bitartean sei sari irabazi ditu. Mota guztietako gaiak erabiltzen dituen idazle honek guda ondorengo garai ilunetan bizi den mutiko talde baten bizipenak isladatu ditu lan honetan. Gudaoste Ametsak mutiko horien nerabezarotik helduarorako bidaiaren kronika da. Exekuzioak eta gudak dakartzan bestelako izugarrikeriak "jolaserako aukeratzat" hartzen dituzte inolako ardurarik gabe. Bat-batean, ustegabeko gertaera batek aldatu dena. Ezer ez da lehen bezala izango protagonisten mundu txikian.Ametsak merke saldu ohi dira gudaosteko giro lardaskatuan. Ekaitzaren ondoren, izan ere, ez da beti barealdia heltzen eta eldarnioen erresumak askoren euskarri bihurtu behar izaten du. Orain, urte asko igaro badira ere, zapore hauskara bat geratzen zait oraindik barrenean, izerdi eta itxaropen zaporea, lurrarena eta jan murritzarena, haurrak ginenen arteko jolas eta algararena, inguratzen gintuen isiltasun laiotzarena. Ez diot sekula aukera gehiegirik eman izan nahi, maiz zaurgarriegia bilakatu daitekeen (eta bilakatzen den) nostalgiari. Haatik zenbaitetan, hemen, balkoian isolatzean, egunak grisak eratortzen direnean batik bat, une horietan, gudaosteko koloreak hartzen du guztia. Baita oroimena ere. Gaur bezala. Gaur, egun gris horietako bat da. Eta gogoratzen hasi naiz. Dena zen grisa, lehen hurbilpen batean bederen. Arreta handiagoz ihardunez gero, ordea, bizigarritasun arrantzak entzun zitezkeen aiene guztien azpian. Bizitzak tinko irauten du, bai, gogorrenetan zailtzen betiere. - Orain gu gara soldaduak, eta zuek hanka egin behar duzuenak. Aire! Aldaezinki, geure haur jolasak gudaren inguruan mugitzen ziren beti. Jazarpenak, gudarosteak, borrokak... ezagutzen genuen hura. Bizkitartean, egoten ziren bestelako olgetak, geure gertaera berrien premia irrikatsua apur bat asetzeko. Ruiz jauna esaterako. Ruiz jauna gizon erdigor bat zen. Guda hasi aurretik zirku batean egiten omen zuen lan, batzuetan pailaso edota mago, bestetan aurkezle, pixka bat han, pixka bat hemen. Hori diote auzoko hainbat neskazaharrek behinik behin (garai guztietako kronista saiatuenak, alegia). Orain aldiz, diotenez, zeharo aldatu da, gudak semea eta emaztea kordarki ostu baitzizkion etengabe errepikatzen zion moduan entzun nahi zuen orori. Dena utzi zuen albora, antza, eta biraderadun organo zahar bat jotzen hasi zen, kalerik kale, tximino bat lepoan zuela. Laster barreiatu zen bere balizko istorioa, eta jendeak, tartean behin diru pittin bat ematen zion, edo zenbaitetan jatera ere gonbidatzen zuen. Gizon zintzoa izan ei zelako. Eta oraindik ere hala zelako. Nik horrela ezagutu nuen, organo eta tximinoarekin, kanta goibel batzuk ia ahapeka abesten. - Ruiz dator, Ruiz dator! aztoratzen ginen gazteok. - Nork nahi du pare bat gozoki? - Bere inguruan elkartzen ginen algaratsu, eta berak, orduan, hainbat magia truku egin (merkeak baina edonola eragingarriak) eta hamaika txiste zirriborratzen zizkigun, tximinoarekin jolasten utzi, eta azkenean, bina gozoki ematen zizkigun. Ez zen tipo txarra Ruiz hura. Marta ere gogoratzen dut, nola ez. Marta. Nork ahaz zaitzake? Benetan neskatila polita eta bizia zen, apur bat buruarina, eta xeratsua nolanahi ere, guztiekin. Auzotar guztien neska, nolabait esatearren. Guztiok maitatzen genuen, nerabetasun ozen ala isilean. Guztiok diot. Orduan ezin baikenuen arras ondo desberdindu berotasun nahasgarri bat maitasunaz. Orduan ez. Eta gaur ere, egia esan, nekez beharbada. Martarekin ikasi nituen nik nesken leuntasuna, eta nahigabearen krudeltasuna, ezpainen soinu leuna, eta begiraden su zorrotza. Eta ni bezala, auzotar gehienek. Ai Marta. Marta. Orain dela pare bat hamarkada aurkitu nuen kalean. Goi mailako dama bihurtua zebilen, itxura zenez, eta bere gerria pasiatzen zuen handiki nakarren bati helduta. Zuzentasun, zorroztasun barregarri batez mugitzen zen, edozer gauzetaz, munduko itzal guztietaz, errugabea bailitzan. Baina denok gara, izan ere, bera bezain errugabeak. Ala bera bezain errudunak. Zein ikuspegi hartzen den, ez da hala? Ikusi nuen. Ikusi ninduen. Ikusi zuen ikusi nuela. Ez ninduen agurtu. Ez dakit zinki ezagutu ote ninduen, baina baietz jokatuko nuke. Garaiegi zegoen nonbait, garai bateko epeltasun likitsak gertatu izan zitezkeenik onartzeko. Beste mundu bateko (gure mundua izar zeneko) misterio askoren aurkezpena, berak protagonizatu izan zituela gogoratzeko. Orain garbia zela uste zuen, ausaz, lohitu ezineko tontor soil batean gorderik. Tontor soil eta hila. Aitzitik, seguru sentitzen zen, neuretzako, bizitzaren planta bat besterik ez zen bideska idor horretan. Dagoeneko ezin zidan minik egin. Orduan jada ez, sinestarazi nahi izan nion neure buruari. Erdipurdi lortu nuen. Bete irudi batek hartu nau, oroimen festa honetan. Guda amaitua bazegoen ere, fusilamenduak atergabe jazotzen ziren oraindik gau batean eta hurrengoan ere, festa makabro baten soinu burrunbatsuaren gomutagarri bezala. Mendeku zaharrak, ezin ikusiak, apeta hutsak...hamaika aitzakia zeuden susmagarria izan zitekeen edozeinek horman amaitzeko (egiazki, berdin zion zergatik). Egonkortasunaren aurkako atentatua egozten zieten aldagaizki koitadu haiei (goikoen euren egonkortasuna noski, mahai atzean eseritzen diren horiena), eta akabo, haienak egin zuen. Guk, jolaserako aukeratzat hartzen genuen. Zer egin genezakeen bestela? Apustuak egiten genituen, ea nor oldartzen zen exekuzioetara hurreratzen, ea nor hurbilago edota gehiagotan izan, nork hildakoak ukitu. Egun beltzetan, jolas beltzak. Martinena gertatu zen arte. Martin, mutil bihurria zen oso. Zolia, argia, txantxazale amorratua. Aita ez zuen etxean eta ama hila zuen. Horrexegatik, auzo osoak adoptatu zuen, hein batean, eta etxez etxe ibiltzen zen erdi-adopzio laburretan. Batzuek ziotenez, aitak ihes egin zuen herritik hondamendia aurreikusiz. Beste batzuen esanetan berriz, jadanik atxilotuta zegoen non edo non. Martinek ez zuen ezer aipatzen, eta ziurrenik, berak ere guk beste jakingo zuen, ez baitzegoen orduan horrelako gauza bat gordean izaterik. Edozer jakin izan balu, guk ere jakingo genukeen onerako eta txarrerako. Ditxosozko eguna heldu zen. Gauean, berari tokatzen zitzaion hilketen lekuko izatea. - Baietz begiak itxi gabe begiratu! - oihukatu zigun bere gar amaiezinean. Baietz amaiera arte eutsi! - Guk, alboko kaleska batetik zelatatuko genuen guztia. Eta ordua heldu zen. Gizon bakarra zen oraingoan. Harro altxatzen zuen burua, buru-estalkirik gabe, eta burgoi begiratzen zien borreroei. Erditzalean egonik ere, bere begien indarra erruz soma zitekeen, eta horrek, guztiok hunkitu gintuen. Martin ez zen inondik ere agertzen alta. Hantxe aurrean egon behar zuen bada, begira. - Non da Martin? - hasi ginen elkarri galdezka. - Non sartu ote da? - Martin ez baitzen koldar bat, eta beti egin ohi zuen baietsikoa. Txarrrik gerta zekiokeen? Bitartean, gure zalantzen berri izan gabe, tiro zuten borreroek. Senezko erreakzioaz, denok itxi genituen begiak, burua ere alboratuz, maiz ikusten bagenuen ere antzekorik, ez baikinen inoiz ohitzen. Gizona erori egin zen behingoan. Borreroetako bat hurbildu zen gorpurantz eta beste pare bat tiro bota zion, hildakoari azken inarrosaldia eraginduz, eta guri barneak erabat dardaraziz. Beste bi gizon hurbildu zitzaizkion gorpuari, hartu, zain zegoen kamioi batera jaurti eta alde egin zuten. Bost minututan gertatu zen guztia. Isiltasun atezu bat besterik ez zen geratu horma inguruetan, Martinen aztarnarik ordea, inon ez. Horma aldera hurreratu ginen. Kaka, izerdi, odol eta heriotza usaina, harrotasun galdu baten oroimen nahasi bakarra. Azken finean, hildakoek ez dituzte ohitura onak gordetzen. - Martin! Martin! Non haiz? - ez zen erantzunik entzuten. Alabaina, isildu ginenean, negar sarkor bat atzeman genuen. - Martin? Martin kartoi mordoska baten azpian zegoen, negar batean. Inoiz ez genion, ordurarte, malko bat bera ere ikusia urpegia hezetzen, bizitzak sendoegi zaildu baitzuen mutil hura. Orain ordea, negarretan urturik zen. - Zer duk ? - galdetu genion zurturik. Zer duk? Hala ere, denok hauteman genuen zer gertatzen zitzaion. Denok ulertu genuen, itsumustuan, nor zen fusilatu berria zen gizona. Hala eta guztiz ere, mila jazoera gogoratuz ere, oroimenik biziena, berebizikoena. Beltzarena izan zen neuretzat. Neuretzat eta gertuko hainbat lagunentzat. Beltza zen, nola esan, gure heroi propioa,geure ametsen gauzapen arre modukoa bat. Guk baino urte batzuk gehixeago izango zituen, hogei inguru edo hogeita zerbait, ziurrenik, eta arriskuaren deiarbuiaezina suposatzen zuen geure kitzikagarritasun gutizia irrikatsuentzako. Egia esan, egun, denborak eskaintzen duen ikuspegi urrun eta fidagarriagoarekin, munta txikiko lapur bat besterik ez zela izan iritziko nioke, baliteke. Aitzitik, orduan, orduan dena zen, erraldoi mugaezina, Robin Hood bidelapurra berraragiztatua, eta hilezkortasun mitologiko baten eredu halaber. Ez gutxi ere! Etengabe ziharduen erregimenaren aurka biraoka, kristorenak egingo zituela egoera salatzeko, mugitu egin behar ginela eta horrela. Horrek, bandil txintxoaren aureola bat ezartzen zion auzo kolorge haietan. Gehiegikeriak, esaten genuen txutxu-mutxuka, gehiegikeriak. Haatik, onartu nahi ez bagenuen ere, zeharo miresten genuen Beltza, eta horrelako oldarraz iharduten zuen, horrelako suharraz, agian izan zitekeela... Izan ere, guztia zen oraindik posible gure begirada tolesgabean. Gazteak ginen artean. Eta esaerak dioen moduan, gaztetasuna, denborarekin sendatzen den gaixotasuna da. Ez dut erabaki egundaino, alabaina, honen zuzentasuna. Neskek ere (eta neska hitzarekin neskatxak, emakumeak eta emazteak sartzen ditut) aho bete hortz begiratzen zioten, nola mugitzen zen, nola hitz egiten zuen, eta esaten zituen haiek irensten zituzten. Halako... dohaina zuen. Jendetasuna deritzona edo. Joaten zen lekura joaten zela, berehala egiten zituen bi edo hiru betiereko lagun. Hori, eta igortzen zuen iluntasun misteriotsua kontutan izanik, ba, aipatu bezala, neskak barra-barra inguratzen zitzaizkion. Eta berak ez zien ez muzinik egiten. Ez horixe. Behin, emagaldu gazte batekin azaldu zitzaigun. Koro. Bere maskota bailitzan jarraitzen zion neskak, beti isilik, beti agintzen zion oro txintik atera gabe betetzen. Koro. Ai, Koro. Oso polita zen, eta Beltzaz erabat txoraturik zegoen, argiro. Gu berataz neurrigabe txoratu ginen bezala. Gutako norbaitek bere gustuko zerbait egiten bazuen (Beltzaren gustuko, esan nahi dut), edo besterik gabe, sudur puntan jartzen zitzaiolako gure heroiari, utzi, mailegutu egiten zigun bere... garaipen hura. Neskak garaipenak baitziren Beltzarentzat. Garaipenak bere buruaren aurrean, garaipenak gainontzekoen aurrean. Guztia zekusan berak, garaipen moduak bezala. Buruzagi militar handia izan zatekeen mutila, apika, egoera apur bat desberdinean bizi izan balitz. Noan ordea, esaten ari nintzenera. Batzuetan, nioen, Koro mailegatzen zigun, eta neskak, inongo kexarik gabe, bere mutilak agindutakoa konplitzen zuen. Guk... guk ez genuen jarrera hori ulertzen, baina tira, uzten zigunean, ba, erabili egiten genuen. Zer erremedio! Gutako beste edonork antzerako zerbait egiteko gai izan balitz, ziur naiz gainerako neskek erdeinatu egingo zutela. Ba, hara, kasu hartan, ankerkeria hutsaz har litekeen hura. Beltzak ariman zuen oinazearen adierazgarri omen zen (emeek dixit), eta gehiago liluratu zituen honek oraindik emakumeak, neskak, atso zaharrak, eta titiak zituen edozer! Ai ene, eme arimaren misterioak... Beste egun batean, anarkista zela esanez agertu zen (sarri desagertzen zen , enork ez zuela jakiten ez nora joaten zen, ez noiz itzuliko zen, ez itzuliko zen). Anarkista. Horixe esan zuen. Beste maila bateko lapurretak egin behar zituela orain. Eta laster izango genuela, nola ez, bere berri. Bere ideikide batzuekin ikasitako hainbat beharrezko gauza irakatsi zigun (autoei delako zubia nola egin, lehergailuak osatzea ongarriekin...), inoiz ez delako jakiten. Beti prest egon behar omen zelako. Zer gerta ere. Askatasuna ezin bide delako erosi, irabazi egin behar zelako. Hizlari benetan aparta zen gure Beltza, zirraragarria. Besteen ahotan, neurriz gaineko edota gauzaezinezko idei inuzentea zatekeena, bultzada txiki bat besterik behar ez zuen amets hurbila bihurtzen zen geure lagunaren eraginpean. Sofista hutsa zen, greko jakintsu bezain ernai haien parekoa. Eta gauzak horrela, berriro ere desagertu zen inori ezer esan gabe, ohi bezala. Horregatik hain zuzen, ez zen inor gehiegi larritu. Gazteok tristatu ginen apur bat, baina besterik ez. Itzuliko zen. Hori pentsatu genuen bederen. Haatik, egunak joaten ziren, asteak joaten ziren, eta Beltza ez zen azaltzen. - Lapurreta handia izan omen zen atzo ertorbideko banketxean! Anarkistak izan ei ziren! - hedatu zen tximista bezain azkar. Eta tximista berbera bezala eratorri zen erauntsi gure baretasuna. Izan zitekeen... ? Bat-batean asaldaturik abiatu ginen inguru hartara. Batek daki, beharbada handik aurki genezakeelako Beltza. Bagenekien zaila zela. Bagenekien ezinezkoa zela. Aitzitik, joan egin ginen. Arestian aipatu bezala, oraindik gazteak ginen. Eta batzuetan, bizi egiten ginen. Banatu egin binen (filmetan ikusten genuen moduan, eta behin, Beltzak berak azaldu zigun bezala), eta bakoitzak kale bat hartu zuen. Alboko txiki bat suertatu zitzaidan, nire atsekaberako. Nola aurkituko nuen bada, Beltza han, zaborraz gainezkaturiko zulo hartan? Aurrera egin nuen alta, soldadu bat nintzen, eta egin behar nuena egingo nuen. Dena dela, laster aspertu nintzen gora eta behera ibiltzeaz. Kartoizko fardel handiska bat ikusi nuen albo batean, bildurik, eta ostikoka hasi nintzen nire etsipena nolabait asetu nahian, jo eta su. Ireki egin zen tupustean, eta gorpu bat erditu zuen bere paperezko erraietatik. Heriotzaraino jipoituriko gorpu ubel bat. Zur eta lur gelditu nintzen, lurrean itsatsirik, imajina daitekeen legez. Pare bat segundo igaro eta gero, besteen bila abiatu nintzen, eta hamar minutuetan, hantxe ginen, zortzi-hamar lagun gorpuaren inguruan (hilda eta ondo hilda zegoen). Nik, buruz behera zegoelako aurpegia ikusi ez nion arren, bihozkada txar bat banuen. Txima luze beltz haiek, gorpuzkera hura... Dani oldardu zenerako buelta ematera, denok genekien noren aurpegiarekin egin behar genuen topo. Minutu luze batez egon ginen isilpean. Zer gertatuko zen? Aurrean genuen hura geure amets propioa zen, geuk eraturiko jainko partikularra. Hilezkorren endako euskarria. Eta orain zendua zen. Hilik! Dani hurbildu zitzaion berriro, heriosuhar. Harriturik begiratu genion. Zer zuen ordea honek? Orduan, ezer esan gabe, ostikada izugarria eman zion lurrean zetzan buruari. Beltza, jakina, ez zen kexatu. Astinaldi labur bat baino ez zuen egin. Beste segundo batzuez egon ginen geldi. Orain, bizkitartean, geure beldurren izotzaldia urturik zegoen. Supituki ulertu genuen denok. Ulertu genuen Beltzak abandonatu egin zigula, bakarrik utzi zigula berak hainbeste aipa-tzen zuen mundu gaitzesgarrian, bakarrik bakardadean (nolabait esatearren). Mila urte. Milioi bat urte. Eta gehiago. Betiko. Betiko! Saldu egin zigulako uste ahaltsuenak harrapatu gintuen, eta guztiok hurbildu gintzaizkion. Eta guztiok hasi ginen ostikoka. Ostiko basatiak, urratzaileak. Zenbakiak eskaintzen duen eromenean ezkutaturik, geure gabezi guztiak ordainarazi genizkion Beltzaren gorpuzkiari. Gogotik. Azkenik lasaitu ginenean, zer egin jakin gabe gelditu ginen. Ezer esan gabe (ez zegoen ezer esateko), gorpua hartu genuen batzuen artean, eta handik gertu zegoen belardi eremu batean lurperatu genuen ahal izan genuen moduan. Itzuli egin ginen. Ez zen inor hitz egitera ausartzen. Ez egindakoak barne aladurak sor ziezazkigukeelako, baizik eta oraindik nolabaiteko aztikeria baten menpean baikeunden sentitzen ginelako, flotatzen eskergatasun lazgarri eta...liluragarri batean. Izenik gabeko eternitate batean igeri genbiltzan, bakarrik, aske (aske!), izuturik, itzelenaren eraile errugabeenak bagina bezala, buru-birjintasuna galdu berri duten Nietzsche putaseme txiki batzuk bezala. Organo baten musikak blaitu gintuen betan. Musika goibel eta alaia, gezurtari eta egiatia era berean. - Nork nahi du pare bat gozoki? - entzun genion Ruiz jaunari, ozenki, bere presentziaren iragarpen gisa. - Ez bizitzari jaramonik egin !, oihukatu zuen kantari. - Izango da sobera, bihar, mingarraren garaia. - Eta biraderari eragin zion. Tximinoak pozik zirudien. Irribarretsu, lasterka hurbildu ginen. Kale Kantoitik, haurtzaroak, agurtu egin gintuen. Betilun zirudien. Ez zen inor ohartu alabaina.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_