"Emozioak nire literaturaren lehengaia dira"
"Mingostasun puntu hori txertatzen dut irakurlea deseroso uzteko, pentsarazteko. Guztia idilikoa bada, ez dago ez ipuinik ez mamirik"
Haur izateari uzten ari zaion nerabea edo nerabe izateari aspaldi utzi baina onartu nahi ez duen 30eko gizon ezkondua. Horiek bezalako pertsonaiak erabili ditu Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981) Sua falta zaigu (Elkarlanean) bere estreineko liburuko zazpi ipuinak osatzeko. Izenburu horren atzean krisi garaietan gizakiek sentitzen dituzten gabezietan arakatu du errealismo iparramerikarraren eragina aitortzen duen idazleak.
Galdera. Zure literaturak emozioak ditu oinarritzat?
Erantzuna. Suposatzen dut baietz, ez dakit nola egin nezakeen emoziorik gabe idazteko. Nik emozioetatik idazten dut eta baita ere bilatzen dut besteen emozioetan eragina izatea. Hori da lehengaia niretzat.
G. Zure pertsonaia gehienak krisi garaian bizi dira, haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko mugan, edo nerabezaroaren eta helduaroaren artean. Zergatik?
"Pozgarria da emakumezko irakurle gazteak ateratzea, horrek kolorea gehiago ekarriko baitio euskal literaturari"
E. Bai. 30eko muga horretan, edo 40 urteko krisialdi horretan. Krisi momentuak dira, aldatzea tokatzen den momentuak dira eta agian pertsonaia guztiak ez daude prest urrats hori egiteko.
G. Nahita aukeratu dituzu momentu horiek?
E. Gauza horiek ez dira nahita egiten. Burura etortzen zaidana idazten dut, besterik gabe. Baina gero konturatzen zara gauza asko, zure leit-motiv horiek, ipuin guztietan daudela.
G. Emozioez aritu garenez, ez da harritzekoa liburuan Sharon Oldsen aipu bat txertatzea. Hori da miresten duzun idazle mota?
E. Amerikarrak asko irakurtzen ditut, eta gaien aldetik egia da gehiago gustatzen zaizkidala pertsonen artekoak, ez hainbeste genero-nobelak, nobela beltzak adibidez. Gustukoago dut genero errealista.
G. Zure ipuinek bukaera mingotsak dituzte. Zergatik?
E. Aipatu dudan irekitasun hori bultzatzeko. Gauzak ez dira ixten, ez dira idilikoki geratzen. Mingostasun puntu hori txertatzen duzu irakurlea deseroso uzteko, berari pentsarazteko eta emozioren bat pizteko.
G. Beste generoren batean saiatzeko asmorik duzu?
E. Poesian saiatu nintzen bere garaian, baina uste dut pasa zaidala sasoia. Nire ustez, poeta ez bazara, hori ezin da bortxatu. Poesiarako nik ez dudan dohaina behar da. Nobela bat idaztea gustatuko litzaidake, denbora eta ideia zoragarri bat ditudanean. Eta saiakera eta antzerkia. Zergatik ez?
G. Narrazioa edo ipuina genero egokia da idazle hasiberri batek bere burua ezagutzera eman dezan?
E. Idazle hasiberri batentzat ipuina errazagoa da, hobeto kontrolatzen da. Nik ez dut behin ere nobelarik idatzi, oraindik ez naiz saiatu. Benetan erronka latza iruditzen zait nobela batean sartzea. Aldiz, ipuin batean sartzen zara eta errazago kontrolatzen den espazio batean zaude.
G. Zeintzuk dira genero horretan menderatu beharreko erremintak?
E. Ez duzu dena esan behar. Kontrakoa, oso gutxi esan behar duzu eta asko kontatu. Normalean istorioak abiatzen dira puntu batean non jada hasita dauden. Atea irekita uzten da. Hori da behintzat niri gustatzen zaidan ipuinaren ezaugarria, nolabait denboran suspendituta dagoen zerbait, baina aurretik gauzak ditu eta atzetik ere etorriko dira. Eta irakurleak bete behar ditu hutsune horiek.
G. Horren harira, zer ulertu behar du irakurleak Sua falta zaigu izenburuan?
E. Modu literal batean uler daiteke. Baina ipuinetan ikusten da gabezia batzuk dituztela pertsonaiek: zerbait egiteko adorea falta da, edo baten buruan konfiantza izatea, bizitzeko ilusioa... metafora moduan aukeratu nuen izenburua.
G. Eta gabezia hori da ipuinen motorea.
E. Hala da. Pertsonaiek zerbait lortu nahi dute. Gero lortuko dute ala ez. Baina dena baldin badugu, ezer falta ez den egoera idiliko batean bizi bagara, ez dago ez ipuinik ez mamirik.
G. Emakumea, gaztea eta hiritarra. Badirudi beste idazle eredu bat sortzen ari dela euskal literaturan.
E. Pozgarria litzateke hala izatea. Gainera, ni arabarra naiz. Gaur egungo paradigma nobelak idazten dituen gizonezko gipuzkoarrarena da eta ni emakumezkoa, arabarra eta nobelarik ez baizik eta ipuinak. Eta azken bolada honetan emakumezko idazle batzuk atera dira. Nire ustez hori pozgarria da, azken finean kolore gehiago, ugaritasun hori emango diolako euskal literaturari. Baina ez emakumeak garelako, baizik eta orain arte gizon asko egon direlako eta badelako garaia beste gauza batzuk egon daitezen.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.