"Tolerantziaren osasuna gero eta hobea da gure artean"
Xabier Agirre Urteagak (Eibar, 1967) seigarren Juan Zelaia Saria irabazi zuen ostiralean, Tolerantziaren gaineko hitz-aspertua saiakera laburrari esker. Zizur Nagusiko (Nafarroa) institutuan filosofia eskolak ematen dituen irakasle honek 51 orrialdeko testua landu du, atal bakarrekoa. Tolerantziaren inguruko tira-bira historikoak aztertzeaz gain, globalizazioak dakarkigun aniztasun kultural eta ideologikoa behar bezala kudeatzeko gakoak azaldu ditu, Euskaltzaindiaren Mikel Zarate Saiakera Saria irabazi zuen eta bi urtera.
Galdera. Saiakera honetan, tolerantziaren bilakaera aztertzen ahalegindu omen zara.
Erantzuna. Bai, hala da. Tolerantziaren kontzeptua erlijio gerren garaian sortu zen. Orduan, hilketa eta gerren bitartez leuntzen zituzten diferentziak, baina denborak aurrera egin ahala erabaki zuten hori ez zela konponbiderik egokiena eta elkar onartu beharra zegoela. Une historiko horretatik abiatuta, tolerantziaren azken hiruzpalau mendeotako bilakaera deskribatu dut, garai honetako aniztasun kultural, ideologiko eta erlijiosoa aztertzeko. Ildo honetan, aniztasun hau era koherente batean kudeatzeko plazaratu diren azken proposamen filosofikoak aztertu ditut.
"Internetekin leku guztietara irits gaitezke, eta gure jarrera eta arrazoiak beste arrazoi batzuen maila beretsuan defenda ditzakegu"
"Kontua ez da nazionalismoa ala antinazionalismoa; gauza berriak datozkigu, eta horien aurrean toleranteago jokatu behar dugu"
G. Nolako osasuna du tolerantziak Euskal Herrian?
E. Gero eta hobea, nire ustez. Duela hamar edo hamabi urte ez nukeen horren baikor hitz egingo, baina azken hiruzpalau urteotan asko hobetu dugu, eta gero eta osasun hobea izatea espero dut. Zorionez, ezin konponduzkoak ziruditen gatazka batzuk gaindituz joan dira piskanaka-piskanaka, eta ez naiz bakarrik euskal arazoaz ari. Ikuspegi soziologiko batetik, gero eta errealitate aberasgarriagoa izango dugu inmigrazioarekin, ikuspegi ideologiko diferenteekin eta abarrekin. Beraz, kontua ez da bakarrik nazionalismoa ala antinazionalismoa. Gauza berriak datozkigu, eta horien aurrean ere, jarrera tolerantea gero eta handiagoa izan behar dugu.
G. Antzeko optimismoa darabilzu nazioarteko egoeraz?
E. Ez dakit jarrera ona ala txarra den, baina ni beti optimista naiz. Nire ustez, txip batzuk aldatuz gero, edozeinek defenda dezake nahi duena, baldin eta besteek nahi dutena defendatu ahal badute, noski. Denok dakigu ekonomian, hedabideetan eta beste hainbat mailatan indar neurketa diferenteak daudela, baina hala eta guztiz ere, nik uste dut gero eta baldintza objektibo gutxiago daudela nork bere arrazoiak ez defendatzeko. Orain Internetekin leku guztietara irits gaitezke, eta gure jarrera eta arrazoiak beste jarrera eta arrazoi batzuen maila beretsuan defenda ditzakegu. Errealitate berri honen aurrean, guk ere edozer gauza entzuteko prest egon behar genuke.
G. Nondik sortu zitzaizun gai honetaz idazteko asmoa?
E. Azken urteotan, XX. mendeko filosofia ikertu dut, eta bereziki filosofia iparramerikarra. Ikertu ahala, idazteari ekin nion, ikasitako guztia era xume eta xalo batean adierazteko asmoz.
G. Eta zerk bultzatu zintuen sariketa honetara aurkeztera?
E. Zerbait idazten duzunean, eta batez ere euskaraz, sariak oso bide ona izan daitezke irakurleengana hurbiltzeko. Motibazio horrekin aurkezten duzu lana. Irabazten baduzu, badakizu zuk idatzitakoa jendearengana ailegatuko dela. Aldiz, irabazten ez baldin baduzu, berdin dio, lana hortxe geratzen baita.
G. Saria irabaz zenezakeela uste al zenuen?
E. Ez nuen espero irabaztea, noski, baina banuen ilusioa. Idazten duzunean, beti nahi duzu norbaitek kontuan izatea idatzi duzuna. Alde horretatik, sari hau garrantzi handiko errekonozimendua izan da niretzat.
G. Ados zaude saiakera literaturaren ahaide pobretzat jotzen dutenekin?
E. Literaturarekin asko gozatzen da, asko sentitzen da, baina nik uste dut saiakerak ere baduela bere funtzioa, bereziki ideia berriak iradokitzeko orduan. Nobela bat irakurtzen duzunean ez duzu beti gozatzen, baina baduzu paragrafo edo atal bat bete egiten zaituena. Saiakerak horrelako zerbait egin dezake baina ez sentimenduen arloan, pentsamenduaren arloan baizik.
G. Baina horretarako, behar-beharrezkoa da, noski, generoa sustatzeko neurriak hartzea.
E. Saiakera laburrak eta iradokitzaileak sustatu eta irakurri beharreko generoa dira, zalantzarik gabe. Saiakera akademikoan aurrerapen handiak egiten dira, baina jende guztia ez dago prestatuta era horretako lanak irakurtzeko. Horregatik uste dut saiakera arinak baduela berezko leku bat, prestakuntza minimo bat duen jendeari ideia berriak iradokitzeko.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.