"XVI. mendean agertu zen euskararen batasuna sortzeko kezka"
XVI. mendeaz geroko amets gauzatu ezina, euskararen batasuna, euskara estandarra, batua, 1968an Arantzazun egia bihurtu zen utopia. Ahalegin horren historia Euskara batua, ezina ekinez egina liburu txukun eta ezinbestekoan bildu du Koldo Zuazo ikertzaile eta idazleak (Eibar, 1956), Axularren garaitik hasi eta Mitxelenaren mendera arte.
Galdera. Ia berrogei urte pasa dira Arantzazuko batzarretik. Une aproposa da liburu hau ateratzeko?
Erantzuna. Nire iritzian askozaz lehenago atera behar zen. Jendeari hobeto azaldu behar zitzaion zer eta zertarako zen euskara batua. Batzuek euskara batua "euskara ona" dela uste dute eta euskalkiak, berriz, "euskara txarra", eta gauzak ez dira horrela. Euskara batua euskaldun guztiok ulertzeko eta literaturan, eskola liburuetan eta horrelako beste zenbait esparrutan erabiltzeko egin zen. Beraz, herri euskaldunetan, lagunarte giroan, euskalkiek badute lekua.
"80eko hamarkadan izan zen Euskaltzaindiaren urrezko aroa, aitzindari izan zen orduan. Harrez gero, etengabea izan da haren gainbehera"
"Eredu bat aurkezteko orduan, ezaugarri jakin batzuei begiratu behar zaie: ahalik eta jende gehienak erabiltzea eta ikasteko erraza izatea"
G. Euskaldunok aspalditik erakutsi dugu euskara estandar bat osatzeko nahia. Axularren ahaleginarekin hasi zen dena?
E. Ez, XVI. mendean agertu zen batasuna sortzeko kezka eta baita konponbidea ere. Kontua da Nafarroa Behereko Erreginak Testamentu Berria euskarara itzultzeko agindu ziola Joanes Leizarraga artzain protestanteari, eta bere egitekoa betetzeko euskalkien ugaritasunean aurkitu zuen oztopoa. Leizarragak ondorengo erabakia hartu zuen: Lapurdiko euskaran oinarritu eta Ipar Euskal Herri gainerako hizkerekin osatu. Artifiziala zela eta ez zuen jarraitzailerik izan.
G. Gero gipuzkera osotuaren moda etorri zen eta Lapurtera klasikoaren ahalegin txikia ere bai, batuaren bideari ekin orduko. Nahaste handiegia?
E. Nik uste dut gauza baterako balio izan dutela: zeintzuk diren bide egokiak eta zeintzuk desegokiak ikusteko. Baturako eredu bat aurkezteko orduan, ezaugarri jakin batzuei begiratu behar zaie: Bat, ahalik eta jende gehienak erabiltzea edo ulertzea; bi, hiztunentzat ikasteko erraza izatea; hiru, eredu hori hedatzeko indarra izateao; eta lau, prestigio oneko hizkera izatea. Gipuzkoako euskaran ikusi zen horretarako oinarri egokia eta bete-betean asmatu zen.
G. Gerra osteko belaunaldiek bultzatu zuten batua. Nola eta nortzuk?
E. Guraso askok euskarazko eskolak sortzea ezinbestekoa zela erabaki zuten. Gero, gurasoak eurak ere euskara ikasi behar zutela konturatu ziren, seme-alabei laguntzeko, eta horrela sortu ziren gau eskolak. Gertakari bi horiek ekarri zuten, gehienbat, euskara batua.
G. Koldo Mitxelena aipatzen duzu eta, berarekin batera, Aresti eta Txillardegi. Aitzindariak denak?
E. Nik neuk Gabriel Aresti eta Txillardegi dauzkat euskara batuaren aintzindari nagusitzat. Mitxelenak arautu eta egituratu egin zuen baturako eredua eta Luis Villasantek ere eragin handia izan zuen.
G. Euskara batua sortzeko zeintzuk izan ziren eragozpenik gogorrenak?
E. Euskal Herria Estatu bitan zatituta dago, eta Estatu bi horietan euskara ez da oraintsu arte hizkuntza ofíziala izan. Gaur egun bertan ere, Nafarroa gehienean eta, batez ere, Ipar Euskal Herrian euskara guztiz baztertuta dago. Nire iritzian, horren ondorio izan ziren batuaren aurkako jarrera gehienak.
G. Zure ustez, eta ia 40 urteko historian, zeintzuk izan dira gazi-gozorik aipagarrienak?
E. Gauza gazien artean, batuak euskalkiei zegozkien esparruak kentzea eta jende arruntaren artean euskara batua ez zekitenengan konplexuak sortzea nabarmenduko nituzke. Gauza gozoen artean, berriz, euskara batuari esker, alderdi guztietako euskaldunok batak besteari erraz eta eroso ulertu ahal izatea eta euskaldun berriak ugaritzea aipatuko nituzke.
G. Euskara eta hizkera batua ezberdintzen dituzu liburuan, euskaldun askoren mesedetan.
E. Bai, batua euskararen hizkera bat da. Euskarak aurrera egingo badu, nahitaezkoa da batua, baina gainerako hizkerak ere bai.
G. Badago batua ez dela komunikatiboa esaten duenik.
E. Zenbaitek darabilten euskara batua ez da, ez, komunikatiboa. Hori gertatzen da euskalki guztiak senik gabe nahasten dituztelako, edo euskara zaharreko gauza gehiegi erabiltzen dituztelako.
G. Nahikoa edan du batuak euskalkietatik?
E. Ez, eta kontuan eduki behar dugu, gainera, euskara batua etengabe ari garela egiten. Egunero sortu behar dira hitz eta esapide berriak eta horiek, jakina, hizkuntza bizitik hartu behar dira.
G. Euskañola gero eta toki gehiago irabazten ari da, batez ere ikastetxeetan. Arazo larria izan liteke?
E. Bai. Kontua da erdaretatik hartzera ohitu garela. Erosoa da hori, baina hondamendirako bidea ere bai.
G. Euskaltzaindiak gauza hurbilekoak konpondu behar dituela azpimarratu berri duzu. Baina askotan kazetariak arinago dabiltza.
E. 1970 eta 80eko hamarkadan izan zen Euskaltzaindiaren urrezko aroa. Aitzindari izan zen orduan. Harrez gero, etengabea izan da haren gainbehera eta eskerrak, bai, beste indar batzuk dauden.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.