Bilboko euskalki galduaren bila
Mintzaira honetako azken hiztunak Arbolantxa, Larraskitu, Buia eta Begoñan bizi dira
Bilbon euskara errotuz gero, betiko amaituko litzateke, euskaltzale askoren ustetan, hizkuntza galtzeko arriskua. Oso bestelakoa da Iñaki Gaminde hizkuntzalariaren iritzia: "Hemen ez dugu birkonkista lanik egin behar, euskara ez baita inoiz desagertu Bilbotik". Laster, CD batean plazaratuko ditu jatorrizko bilbotar euskaldunen oihartzunak.
Bilboko apaiz batek bertako euskararen ezaugarriak bildu zituen XVII mendean
Larraskitu, Begoña eta Buiako baserrietan bizi dira bertako euskarari eusten dioten hiztunak
Bilboko jatorrizko euskara aspaldi galdu zela pentsatu izan da urtetan, baina Iñaki Gaminde hizkuntzalariaren lanak argi utzi du, gora-behera historiko eta politiko guztien gainetik, hizkuntzaren katea ez dela eten Euskal Herriko metropoli nagusian. Lan horren emaitza Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak abiarazitako fonoteka digitaleko webgunean (www.bideoteka.ehu.es) kontsulta daiteke, eta urritik aurrera, CD eta liburuska batean bildurik eskuratu ahal izango da Batana Batu kultur elkartearen ahaleginari esker.
Kasualitatea izan zen Iñaki Gaminderi Bilboko jatorrizko euskararekin topo egiteko aukera eskaini ziona. "Txurdinagara bizitzera etorri ginenean, andreagaz paseoan nenbilela, euskaldunik ezagutzen ote zuten galdetu nien gaztetxo batzuei, eta eurak bertoko euskaldunak zirela esan zidaten".
Hura izan zen Begoñako euskararekin izan zuen lehenengo kontaktua. Hilabete batzuk lehenago, Santutxun bizi zen Buiako emakume euskaldun bat ezagutu zuen. Aurkikuntza haien haritik, Larraskituko euskaldunengana jo zuen informazio eskean. "Nik banekien txikitatik Errekalde gaineko inguru horretan familia euskaldunak bizi zirela, baina haiekin kontaktatu arte kanpotik etorritakoak zirela uste nuen", esan du.
Iñaki Gamindek Bilboko euskalki galdua-ren bila egindako lehen grabazioak 1979tik 1991ra bitartekoak dira. "Ikerkuntza linguistikoaren arloan, euskara galdutako toki askotan ibilia naiz, baina bilbotarra naizen aldetik, oso gauza berezi eta zirraragarria izan zen niretzat bertoko jatorrizko euskararen azken aztarna biziak aurkitzea", ziurtatu du.
Gaur egun, Larraskitu, Buia eta Begoña aldeko baserrietan biltzen dira nagusiki Bilboko jatorrizko mintzairari eutsi dioten euskaldunak. Gaminderen kalkuluen arabera, "20ren bat izan daitezke oraindik Bilboko euskaraz mintzo direnak".
Kasu batzuetan, gainera, hizkuntza transmititu egin da belaunaldi batetik bestera. "Begoñako Arbolantxa auzuneko biztanleek, esate baterako, trauma handirik gabe eutsi diote euskarari, baina ez da gauza bera gertatu Larraskitu aldeko familia euskaldun batzuetan, gerra ondoren jaiotako seme-alaba asko erdaldun hutsak baitira jazarpen linguistikoaren ondorioz", gaineratu du.
Bilboko euskara Ugaotik Galdakaoraino erabiltzen den bizkaiera-motaren kidea da. Soziologikoki ere, Bilboko euskaldunak hartu-emanetan ibili dira beti inguruko herriekin.
Hartu-eman horiek guztiak arakatu ditu Iñaki Gamindek azken urteotan, Bilboko mintzairaren eboluzioa argitu nahian. Bidean, behialako ohitura, ipuin zahar eta sineskerien arrastoa aurkitu du. "Orain eskuin-ezker aldarrikatzen den Bilbo kosmopolita horren aldean, beste errealitate zaharrago baten azken oihartzunak bildu ditut", esan du.
Horrela jakin zuen, esate baterako, ume bati ez zaiola inoiz sorgina esan behar -"hitz hori esanez gero, umea ez omen da hazten egun horretan"-, eta Begoña aldean badagoela Sorgintxulo izeneko toki bat, non eskualde osoko sorginak biltzen omen ziren. "Otxarkoagako elizaren azpian, erreka bat pasatzen omen da, eta eliza eraiki aurretik, inguruko baserrietako etxeko andreak horra joaten omen ziren lixiba egitera, baita lamiak ere", gaineratu du.
Urtetan bildutako xehetasun horiek guztiak Larraskitu eta Begoñako euskarari buruzko monografia banatan bilduak ditu, eta teknologia berrien abantailei esker, internauta guztien esku dago www.bideoteka.ehu.es helbidean.
Urria amaitu baino lehen, bestalde, Batana Batu kultur elkarteak CD eta liburuska batean bilduko du Bilbo inguruko altxor linguistiko eta etnografiko hau. "Urtez urte egindako grabazioak sartu ditugu diskoan, gehienak kultur gaiei buruzkoak, eta horrekin batera, testuen transkripzioak, gramatika labur bat eta Bilboko euskararen hiztegi txiki bat ere prestatu ditugu argitalpen honetarako", azaldu du Gamindek.
Nolanahi ere, ez da hau Bilboko euskara sistematizatzeko egiten den lehen ahalegina. Rafael Mikoleta apaiz bilbotarrak antzeko zerbait egin zuen duela 351 urte Modo breve de aprender la lengua vizcayna izenburuko gramatika-liburuska prestatzerakoan.
Mikoletaren lanak, eta bereziki liburuskaren azken zatian agertzen den elkarrizketak, ezin argiroago frogatzen du euskara bizi-bizirik zegoela Bilbon XVII. mendean. Mikoletak batu zituen hitz askok eta aditza jokatzeko era berezi batzuek ere bere horretan iraun dute gaurdaino inguruko mendietan. "Hemengo euskaran, sorotsi eta horditu bezalako antzinako berbak topa daitezke, eta grabazioetan ateratzen diren hiztun batzuek aoristoa erabiltzen dute lehenaldiaren ordez", zehaztu du lanaren egileak.
Urteak joan eta urteak etorri, ordea, Bilboko jatorrizko euskararen eremua murriztuz joan da etengabe, hizkuntzaren mugaldean kokatutako beste toki askotan bezalaxe. "Hala eta guztiz ere, euskara ez da inoiz desagertu Bilbotik, zenbaitek besterik sinestarazi nahi izan diguten arren", aldarrikatu du Gamindek. Eta esandakoa frogatzeko, Alfontso Irigoien zenak Azkueren testuetatik bildutako datu bat gogoratu du: "Duela 100 urte, euskarazko gabon-kanta lehiaketa bat antolatzen zen urtero Santiagon, eta Azkuek berak dioenez, garai hartan, Bilboko populazioaren %25 euskalduna zen".
XX. mendeko urterik latzenetan, euskara ia-ia desagertu egin zen hiriko bizimodutik. Erriberako plaza izan zen garai hartan euskara entzun zitekeen hiriko gune bakarra. "Deustun, Zorrotzan, Olabeagan eta Barakaldo aldean ere euskara bizirik egon zitekeela iradokitzen duten datuak bildu ditugu, baina zoritxarrez, ez gara garaiz ibili toki horietako azken euskaldunekin topo egiteko", esan du Bilboko jatorrizko euskalkiaren ikertzaileak. "Gure berramona bat Lutxanan bizi izan zen eta ez zuen inoiz ikasi erdararik".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.