Liburuak plazara
Giro berezia izaten da azoka egunetan. Liburuak dendetako apaletatik irtetzen dira eta, sasoiko fruta freskoaren antzera, plaza eta espaloiak hartzen dituzte, nork dastatu zain. Aleak sinatzera etorritako idazleak literaturazale peto-petoak eta autografo harrapatzaileekin nahasten dira. Giro berezia, zalantzarik gabe. Euskal Herrian Liburu azoka gehienak orain 13 urtez geroztik antolatzen dituzte editoreen elkarteek. Dena den, orain dela bospasei urtera arte ez zuten egutegi finkorik izan. Gaur egun, liburu zaharretatik edozein hizkuntzatan argitaratutako berrikuntzetaraino hartzen dituen egitaraua osatu dute sektoreko profesionalek. Durangoko Azokaren kasua berezia da, ezagunena izateaz gain antolaketa autonomoa baitu. Idazle, editore eta antolatzaileak bat datoz ekitaldi hauek liburuak ezagutzera emateko balio dutela esaterakoan; urtean behin bada ere, literaturak egunkarietarako izenburuak bereganatzen dituelako. Aldiz, zalantzak dituzte literaturarentzat izan ditzaketen ondorioez, azken finean, sektorearen profesionalizazio prozesuaren beste isla bat ere baitira. Asier Muniategik sei urte daramatza euskal liburu azoken koordinatzaile. Inork baino hobeto ezagutzen ditu A-8 autopistako bazterrak, egunotan hamaika aldiz egin baitu Donostia eta Bilbo arteko ibilbidea, hiriburuetan ezezik Santurtzi, Ondarroa edota Lekeition antolatzen dituzten azoketako arduradunekin hitz egiteko. "Helburuetako bat irakurzaletasuna bultzatzea da. Ohitura duenak liburudendan erosiko du. Guk nahi duguna ohiturarik ez duenak irakur dezan da, gero liburudendara joan dadin; hau da, irakurleak sortzea. Horretarako kultur ekintza sarea eratzen ari gara liburua protagonista izan dadin", azaldu du. Profesionalizaziora Irakurleentzat ezezik, idazleentzat beraientzat ere garrantzitsuak dira liburu azokak. Pedro Ugartek Bilboko Azokaren bezperetan aurkeztu zuen Una ciudad del norte lan berria. Ekimen hauen bidez, beste arrazoi batzuen artean, literatura jendearengana hurbilbu eta idazleen ogibidea pixkanaka profesionalizatzen ari dela deritzo. "Horri esker gaur egun literaturaz bizitzea ez da heroizitatea". Ondorioz, merkatuaren legeei egokitu behar dute idazleek, "profesional errota horretan sartuz gero, lanak epe jakin batzutan eta maiztasun finkoaz" aurkeztu behar baitituzte. Ugarteren arabera, idazle gehienak ez dira batere ondo moldatzen ikuskizun horretan, baina, profesionalak direnez gero, jokoaren arauak errespetatzen dituzte. Iritzi horrekin bat dator Koldo Izagirre. Donostiako Liburu Egunean gehien saltzen den liburuari euskarazko atalean ematen zaion Euskadi saria jasoko du hurrengo astean, Agirre zaharraren kartzelaldi berriak lanarengatik. "Profesionaltzeak dakarren gaitzetako bat da, eta idazle gehienok ondo portatzen gara; argazkietan azaltzen gara zerbait garrantzitsua egingo bagenu moduan". Azoken funtzioa "erlatibizatu" egin behar dela uste du Izagirrek. Batetik, euskarazko produkzioa "itota" geratzen da, eta, bestetik, "liburu formatoan argitaratzen den zaborreria" nagusitzen da askotan. "Nik uste dut beste kanpaina mota batzuk antolatu beharko liratekeela, alde batetik gure hizkuntza bultzatuz, baina, aldi berean, hizkuntza guztietan, eta nik hor ez nuke diskriminazioarik egingo, literaturarenganako hurbilketa bat proposatu beharko litzateke", zehaztu du. Bi idazleon iritziz, liburu inflazioa izaten da neguan eta udaberrian, azoka gehienak sasoi horietan pilatzen baitira. Ildo horretan, euskarazko ekoizpenari dagokionez, Durangoko Azokak sortzen duen zentralizazioa kaltegarria dela dio Izagirrek, idazle asko "anonimatoan" gelditzen baitira, "batez ere gaztea edo oso ezaguna ez bada". Liburu salmentatik bizi direnek, berriz, bestelako kezkak dituzte: azoketan parte hartzeak dakarren inbertsioa, besteak beste. Hori dio José Manuel Vilasek, Gipuzkoako Liburu Saltzaileen presidente eta Donostiako Azokaren antolatzaileak. "60.000 pezeta kostatzen zaigu erakusmahaia jartzea. Kopuru hori irabazteko milioi bat pezetako salmentak egin behar dituzu eta ez dago hamar egunetan hainbeste saltzerik". Iritziak iritzi, azokak liburuak plazara ateratzeko aukera aproposa izaten dira. Liburua protagonista bihurtzen da, horrek dakartzan gauza on eta txar guztiekin. Globalizazioak ere onurarik ekarri dio literaturari; esaterako, Kepa Murua Bassarai argitaletxeko arduradunaren iritziz, hainbat "prejuizio" gainditzen lagundu du. "Orain zazpi urte idazle euskaldunak alde batetik eta erdaldunak bestetik ikusten zenituen azoketan, eta hori aldatzen hasi da. Azokek sortzen dituzten ohituren ondorioak epe luzera ikusiko ditugu".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.