Golardoak eta susmoak
Euskadi Sarietako "irregulartasunak" salatzeko manifestuak iritzi kontrajarriak eragin ditu idazle eta editoreen artean
Euskal idazle talde batek zalantzan jarri du Euskadi Sarien sinesgarritasuna, gure literaturako golardo nagusien epaimahaietan idorotako "irregulartasunak" medio. Eusko Jaurlaritzatik "etxekalte"tzat jo dute idazle matxinatuen jarrera, eta Euskal Editoreen Elkarteko presidente Jorge Gimenezen ustez, Utikan Euskadi Sariak lemapeko manifestua "sekulako porrota" izan da, "polemika piztea ere ez baitu lortu", bere esanetan.
Jon Alonso idazle eta itzultzaile nafarraren artikulu bat izan da ikamika honen abiapuntua. Argia aldizkariaren aurtengo urtekarian plazaratutako sei orrialdeko testu luze horretan, Alonsok 2003ko Euskadi Sarien itzulpengintza arloko epaimahaian izan zuen esperientzia gogoratu du. Orduan ikusitakoaren haritik, honelako sariketetan "literaturaren aitzakian beste zerbait epaitzen den" susmoa azaldu eta "planto egiteko garaia" iritsi dela aldarrikatu du.
"Edorta Jimenez: "Zer publikatu eta zer saritu den ikusita, irakurleak senti dezake ez dakiela zer den literatura"
Lertxundi: "Denok ditugu mila gorabehera beste alor batzuetan errealitatea desenfokatzeko
"Ez gaitzaten tronparazi beren baraja markatuekin, uneko egokieraren arabera aldatzen dituzten arautegiekin, botoak kontatzean dituzten hutsekin", idatzi du jarraian, epaimahaikide lan hartan somatu zituen balizko irregulartasunak laburbilduz.
Amaitzeko, Koldo Izagirre idazle donostiarrarekin gertaturikoa -Sua nahi, Mr. Churchill? narrazio liburuaz saria jaso ez izana- nabarmendu du, galdera honen bitartez: "Orduan, zer da hau, ofizioa ez diogula barkatzen?".
Alonsoren artikuluaren ildotik, makina bat iritzi plazaratu dira geroztik zenbait komunikabidetako orrialde eta web guneetan. Anabasa horren erdian, Koldo Ordozgoiti Kultura Saileko komunikazio arduradunak "Alonsok nahi dituen ipuinak [sic] idazteko eta sinatzeko eskubide osoa" duela adierazi zuen.
Handik astebetera -hilaren 16an-, idazle eta itzultzaile talde batek Utikan Euskadi Sariak manifestua aurkeztu zuen Donostian hedabideen aurrean, Euskadi Sarietan "hala lehiakide gisa nola epaimahaiko gisa" parte hartzeari uko eginez.
Jon Alonso, Koldo Izagirre, Txillardegi, Josu Landa, Paddy Rekalde, Eider Rodriguez, Julen Gabiria, Igor Estankona eta Iñigo Aranbarri dira manifestua sinatu duten euskal idazleetako batzuk. Donostiako aurkezpenean, 29 ziren sinatzaileak, eta bi aste geroago -atxikimenduak biltzeko abian jarri zuten www.utikan.com web gunearen bitartez-, sei gehiago.
Agiri horretan, Euskadi Sarien aurka matxinatutako euskal idazleek argi eta garbi azaldu dute "zenbait teknikari, kritikari eta epaimahaikok irregulartasunak egin eta ontzat ematerainoko jokabidea" erakutsi dutela.
"Baieztatu ahal izan dugu, urterik urte, gero eta ageriago, sarion helburua ez dela literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea", irakurri zuen Edorta Jimenezek taldearen eledun gisa. "Sarion helburua, funtsean, egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara susmatzen", gaineratu zuen manifestuaren testuari jarraiki.
Esanak esan, Jimenezek argi utzi nahi izan du, "manifestuaren sinatzaileek ez dietela inondik ere boikotik egin nahi Euskadi Sariei". Egunkari honi egindako adierazpenetan, idazle bizkaitarrak "epaimahaikide zeregin horretan gertatu den profesionalizazio arriskutsua" azpimarratu du, literatur sistemaren alor batzuk "gutxi batzuen eskuetan patrimonializatuta" daudela ziurtatuz. "Ondorioz, haien mende jartzen ez bagara, ahaztuta gelditzen gara", gaineratu du.
Jimenezen iritziz, prozesu honek nolabaiteko etena sortu du Euskadi Sarien eta euskal irakurleen artean. "Urterik urte zer argitaratu eta zer saritu den ikusita, irakurle askok senti dezakete ez daukatela ideiarik ere zer den benetako literatura", esan du.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik "etxekalte"tzat jo dute Utikan Euskadi Sariak agiria, eta sinatzaileen erabakia eta adierazpen eskubidea aintzakotzat hartuta, Miren Azkarate sailburuak goitik behera gezurtatu ditu Jon Alonsoren artikuluan eta manifestuan iradokitzen diren presioak.
"Gauza guztien gainetik, goraipatu eta eskertu nahi dut urte hauetan guztiotan epaimahaietan lanean jardun duten 200 pertsonen lan ona eta zintzoa", esan du Azkaratek.
Antzeko hitzak erabili ditu Jorge Gimenez Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak Euskadi Sarietako epaimahaikideen garbitasuna defendatzeko. "Nik ez dut ulertzen Jon Alonsoren beranduko damu hori; zergatik ez zuen salatu gertatu zenean, duela hiru urte?", galdegin du.
Gimenezen iduriko, Utikan Euskadi Sariak manifestua "sekulako porrota" izan da, "kopurutan ez baita ezeren adierazgarri", argudiatu du. Euskal idazle eta itzultzaile elkarteetan 565 bazkide erroldatuta daude; horietatik 34k baino ez dute sinatu agiria.
Euskadi Sariak irabazi dituztenen izenean, Anjel Lertxundik -Argizariaren egunak eleberriarekin bereganatu zuen 1999an- "tamalgarritzat" jo du azken asteotako "polemika puztua". "Egitate handi bat balitz bezala aurkeztu da halakoa ez dena, eta ez dira konturatzen denok dauzkagula beste mila gorabeheratxo hainbat alorretan errealitatea desenfokatzeko", esan du.
Lertxundiri "harritzeko modukoa" iruditu zaio ikamika "zer eta sari batzuen inguruan sortzea, sistema literarioan beste arazorik ez balego bezala".
Iazko Euskadi Sarien irabazleek ez dute adierazpenik egin nahi izan kontu honen inguruan, baina off the record, "umekeria" eta "nerabe batzuen purrustada"tzat jo dute gertaturikoa. "Formari begiratuta ere, idazleok dotoreziari eta formari erreparatu behar baitiegu, ez da batere dotore eta gustu onekoa izan", esan dute.
Soka luzeko ikamika
Euskadi Sariak banatzeko prozeduraren inguruko eztabaida ez da inondik ere atzo goizekoa. Eusko Jaurlaritzak 1982an sortu zituen sari hauek. Hasieran, argitaratu gabeko lanak ziren sariketan parte hartzeko aukera zuten bakarrak.
Duela hamar urte, arautegia aldatu eta Euskadi Sarien oraingo aroa hasi zen. Handik hona, epaimahai bat izendatzen da kategoria bakoitzerako -idazle, itzultzaile eta editore elkarteen aholkularitza tarteko-, eta aurreko urtean argitaratutako obra guztiak dira hautagai sariak banatzeko orduan.
2002an, bost finalista hautatzeko ohitura ezarri zen, baina sariketaren azken txanparako aukeratuak suertatzen zirenek agiri bat sinatu behar zuten saria onartuko zutela hitz emanez.
Betebehar horren inguruan piztu zen Euskadi Sarien inguruko lehen ikamika garratza, Koldo Izagirrek -Idi orgaren karranka obrari esker finalista- uko egin baitzion 2003an agiri hori sinatzeari. Gauza bera egin zuten hurrengo urtean Xabier Montoiak eta Jon Alonsok. Horrelako gorabeherak ekidin nahirik, Eusko Jaurlaritzak onespen-agiria sinatzeko betebeharra ezabatu eta bost eguneko epea ezarri zuen horren ordez, finalista izan baina sariari uko egin nahi dioten idazleek espreski adierazteko aukera izan dezaten. Aldaketa horiek guztiak gora-behera, Utikan Euskadi Sariak manifestuaren sinatzaileek kolokan jarri dute zenbait epaimahaiek egindako lanaren zorroztasuna. Izena agertu nahi gabe egindako adierazpenetan, manifestuaren sinatzaileek argitaletxe jakin batzuen alde egitea leporatzen diete Euskadi Sarien arduradunei. "Kasualitatez, Erein eta Alberdania izaten dira normalean obra irabazleen argitaletxeak", seinalatu dute, beste editorialek jasaten duten "diskriminazioa" nabarmenduz.Manifestuaren sinatzaileen esanetan, "irakurleen auzia eta euskal literaturaren egoera dira agiriaren azpian dagoen gaia". Ildo honetan, "kezkagarri"tzat jo dute sarien inguruan sortu den idazle irabazle eredu berria, "beti ere gipuzkoarra eta gizonezkoa"
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.