Letren oroimen galdua
Gorka Mercero filologo donostiarrak iraganaren tratamendua aztertu du euskal narratiba garaikidean
Iragana eta oroimena txanpon bereko aurrealde eta ifrentzu bihurtu dira munduko idazleentzat, eta euskal literatura garaikidea ere ez da joera horretatik at gelditu. Horixe da, behinik behin, Gorka Mercero (Donostia, 1969) filologoak landutako doktorego tesiak frogatu nahi duen argudio nagusia. "Oroimena zuzen-zuzenean lotuta dago identitatearen auziarekin, identitate indibidual nahiz kolektiboarekin, eta euskal literaturak erruz jorratu ditu bata eta bestea", azaldu du.
Mercerok lau urte daramatza tesia lantzen Maria Jose Olaziregi EHUko irakaslearen zuzendaritzapean. "Egia esan, nik ez nuen honelako tesi bat egiteko asmorik; Mari Jose izan zen iragana, oroimena eta postmodernismoa aztertzearen interesaz ohartarazi ninduena", aitortu du.
Hortik aurrera, azken urteotan euskararaz plazaratu diren nobela garrantzitsuenak arakatu ditu, gaur egungo euskal idazleek oroimenari ematen dioten garrantzia eta tratamendua argitu nahian.
Ahalegin horretan, baliabide teoriko egokiak aurkitzea izan omen zen gainditu beharreko lehen eragozpena, "euskal literatur kritikan ez baitago gauza asko idatzirik oroimenari eta postmodernismoari buruz, han-hemenka eginiko aipamen solteak izan ezik", zehaztu du Mercerok.
Ondorioz, "hurbiletik urrunera eginez", euskal literatur kritikariek plazaratutako testuak bildu, espainiar kritika ere aztertu eta, amaitzeko, Cardiffeko Unibertsitatera jauzi egin zuen Eusko Jaurlaritzak emandako beka batez. "Eremu anglofonoan aurkitu ditut tesia garatzeko oinarri teoriko-analitikoak eta nobelak aztertzeko eredu kritiko nagusiak", esan du.
Baliabide horien bitartez, tesiaren egileak "euskal nobela garaikidea oroimenari oso lotuta dagoela" frogatu ahal izan du. Oro har, "hiru mundu-ikuskera eta hiru oroitze-modu ezberdin" bereizi ahal izan ditu azken urteotan euskaraz argitaratu diren eleberrietan: errealista, modernista eta postmodernista.
Kontzeptu hauek argitzeko, "nor naiz ni?" galdera erabili du adibidetzat. "Jarrera errealista baten arabera, galdera horrek erantzun garbia izango luke; modernistentzat, berriz, porrota izango litzateke praktikan erabateko erantzuna ezin aurkitzea, eta estetika postmodernistak, nitasuna ukatu gabe, galdera desegokitzat joko luke, beste nitasun-mota paradoxikoago batzuk sumatuko lituzkeelako", azaldu du Mercerok.
Hiru kategoria hauek egoki ordezkatuta omen daude euskal narratiba garaikidean. "Koldo Izagirreren Metxa, esate baterako, mundu-ikuskera errealista baten emaitzatzat jotzen dut; Irigoien edota Lertxundiren nobela asko nitasunaren bilaketa modernista ezinezko baten ildoan ikusten ditut; Saizarbitoriaren Hamaika pauso modernismoa eta postmodernismoaren arteko erdibidean dago, eta Sarrionandiaren Lagun izoztua eta Atxagaren Soinujolearen semea postmodernismoaren adibide bikainak direla esango nuke", laburbildu du filologo gipuzkoarrak.
Oroimena eta iraganaren errekreazioa mundu osoko adituen artean pil-pilean dagoen gaia da. "Oroimenik gabe ez dago identitaterik, ezta errealitaterik ere, eta pertsona izateko ezinbestekoa zaigu memoriarekiko loturari eustea", esan du Mercerok gaiaren garrantzia azpimarratuz.
Negarra
Euskal literaturari dagokionez, Jon Juaristiren El bucle melancólico saioa ekarri du gogora. "Beraren hitzetan, Sabinoz geroztik euskaldunok negar batean bizi izan gara, ez noizbait galdu genuena gogoratuz, inoiz lortu ez duguna oroituz baizik".Ildo honetan, XX. mendeko euskal memoria "mitiko samarra" izan dela uste du. "Baina oroimen mitiko hori gabe nekez helduko ginen honaino".
Nortasunari buruzko hausnarketa honetan, Mercerok esentzialismoetan erortzeko arriskua nabarmendu du. "Jacques Derrida pentsalari handiak dioenez, identitate kultural, nazional edota linguistikoen aldeko borrokak ekimen zintzoak dira, baina borroka horietan dihardutenek kontuan hartu beharko lukete identitatea ez dela berez esentzia bat", esan du. Kontu honek beste galdera bat jartzen du mahai gainean: "nor gara gu?". Kasu honetan, ezinezkoa omen da behin-betiko erantzunak ematea, "behin-behineko erantzunak baizik".
Azken urteotako eleberrietan "bada ikuspegi honen arabera idatzitako alerik", baina oraindik ez da joera nagusia. "Horixe da aurrerantzean literaturak har dezakeen biderik interesgarrienetako bat", ziurtatu du Mercerok.
Betiraundea eta zalantza
Jakintza eta inspirazioa oroimenaren alabak dira Greziako mitologian, eta hango poema epikoak, Iliada eta Odisea, lehen nazio-estatuen oroimen kolektiboa eraiki zuten Ernazimenduko idazleen inspirazio iturri bilakatu ziren. Geroztik, oroimen kolektiboa eta oroitzapen indibidualak elkarren eskutik ibili dira.
Irudimenak zeregin handia izan du hartu-eman horietan, eta historiak proposatzen digun kontaketa hotz eta urrunaren aldean, fikzioak iragana berpizteko ahalmena eskaintzen du.
Marcel Proust-ek eta Jorge Luis Borgesek literaturan baltsamatu zituzten norberaren oroitzapenak, eta Thomas Mannek eta Manuel Vázquez Montalbánek nazismo eta frankismoaren mamu beltzak harrapatu zituzten betiko beren eleberrietan. Ildo honetan, iraganaren errekreazioa lagungarria suerta daiteke gertaera traumatikoak irensteko, historia ofizialak ezarritako amnesien gainetik.
Postmodernismoak ideologien eta historiaren amaiera aldarrikatu du, oroimena eguneratzeko ahaleginak zalantzan jarriz. Neoliberalismoak ezarritako "pentsamendu bakarraren" eraginez, oraina da balio duena. Orwellek honela deskribatu zuen oroimen askearen akabantza: "Iragana kontrolatzen duenak geroa ere kontrolatzen du; oraina kontrolatzen duenak iragana ere kontrolatzen du".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.