_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Madrilgo euskal liburutegia

Frantzisko Zabalburu bilbotarra duela 110 urte hil zen, baina bere ondareak zutik dirau oraino

Frantzisko Zabalbururen gorpua Bilboko San Frantzisko Asiskoaren elizan datza duela 110 urtez geroztik, Zabalburu plazatik metro gutxira; baina XIX. mendeko negozio-gizon bilbotar honek sortutako liburutegi zabala, euskaraz eta euskal gaiei buruz idatzitako liburu zahar ugari biltzen duena, Madrilgo Cibeles plazaren ondoan kontserbatu da gaurdaino, ikertzaile eta liburuzale guztien mesederako.

Denetariko bitxi bibliografikoak aurki daitezke Frantzisko Zabalburu Artxibo-Liburutegia osatzen duten 18.000 liburu eta 120.000 agiri zaharren artean. Leovigildo monjearen X. mendeko kodize bat da bildumako alerik zaharrena, baina Amerikako konkistari buruzko gutun eta agiriak dira ikertzaileek gehien erabili ohi dituzten dokumentuak.

Gaiei dagokienez, artea, arkitektura, literatura, ekonomia, merkataritza, zuzenbidea, erlijioa, genealogia, nazioarteko harremanak eta Amerikaren historia dira, batik bat, Zabalburu Liburutegiko apalategiak betetzen dituzten jakintza-alor nagusiak.

Horiekin batera, Zabalburuk berak Libros raros y manuscritos de las provincias vascongadas izenaz bataiatu zuen liburutegiko atal berezi batean, Axular, Garibai, Iztueta, Larramendi, Astarloa, Poza eta XVI. mendetik aurrera euskal kultura idatziaren bilakaera markatu zuten beste zenbait egile klasikoren monografiak aurki daitezke.

Bitxi horiek guztiak behar bezala kontserbatu ahal izateko, Frantzisko Zabalburuk esparru bereziak antolatu zituen Madrilgo zabalgunean -Alcalako Atea eta Cibeles plazen artean- Jose Segundo de Lema arkitektoari enkargatu zion arrazionalismo neogotikoko jauregi dotorean.

Agiri eta liburu guztiak hezetasun eta argitasun egoera egokian edukitzeaz arduratu zen, zurez eta beiraz egindako apalategietan sartuta, eta erabiltzaileen bilaketa errazte aldera, gordetako ale guztien lehen inbentario orokorra landu zuen, kutxa berezietan gordetako fitxa bibliografikoen bitartez.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Kultur ondare erraldoi hau erabilera pribatukoa izan zen urtetan, harik eta 1969 urtean ikertzaileen esku jarri zen arte. Duela 12 urte, Ramon Areces Fundazioak Zabalburu Liburutegiko funts bibliografiko orokorrak digitalizatzeko proiektua abiarazi zuen.

Euskal liburuei dagokienez, 1998an Fondos vascos Biblioteca Francisco de Zabálburu izenburuko katalogoa argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emandako 2,5 milioi euroko dirulaguntzaren bitartez.

Frantzisko Zabalburu 1826an jaio zen Bilbon, Joan Krisostomo Arriaga musikari bilbotarra Parisen hil zen urte berean, alegia; eta 1897ko urtarrilaren 2an, Kubak eta Filipinek independetzia aldarrikatu baino urtebete lehenago, azken arnasa eman zuen Madril aldean.

Zabalburuk Bilboko Areatzan iragan zituen haurtzaroko urteak, gurasoekin eta lau anaia-arrebekin batera. Areatza zen orduan Bilboko erdigune ekonomiko eta finantzarioa, eta Frantziskoren aitak hartu-eman sendoak gauzatu zituen negozio-giro kosmopolita hartan atzerriko inbertsiogileekin, bereziki Frantzia eta Ingalaterrakoekin.

Zabalburuk aitarengandik jaso zuen, zalantzarik gabe, negozioetarako dohain berezia. Gazterik, negozio-bidaia ugari egin zuen Europako eta Estatuko hiri nagusietara, eta etxetik mugitu gabe ere, Bilboko Bankua -Estatuko lehena- eta Bilbo-Tutera trenbidearen sorreran parte hartu zuen.

Horrez gain, Frantzisko Zabalburu kultur eragile handia izan zen. Julian Gaiarre tenore erronkariarra, esate baterako, Zabalburutarren mezenasgoari esker osatu ahal izan zituen kantu-ikasketak. Familiak Abando aldean zuen Villa Mena jauregiko liburutegi zabala, bestalde, Zabalburu Liburutegiaren oinarrietako bat izan zen.

Euskal foruen deuseztatzeari buruzko eztabaidan parte hartu ondoren, Frantzisko Zabalburu diputatu eta senatari hautatu zuten zenbait legealditan. 1877an, Pilar Mazarredorekin ezkondu eta Madrilgo Zabalburu jauregian finkatu zuen hil arteko bizitokia, negozioak, politika eta kulturgintza uztartuz. Bilbotik urrun bizi arren, Zabalburuk bere horrexetan eutsi omen zion txikitan ikasitako euskarari.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_