"Veleiakoa egia ez balitz, kaltegarria izan liteke euskalgintzarako"
Andres Urrutiak (Bilbo, 1954) Euskaltzaindia XXI. mendeko erronketara egokitzeko asmoz bereganatu zuen 2004ko abenduan Akademia zuzentzeko ardura. Agintaldiaren erdialdera iritsita, hasierako helburuak oso-osorik betetzen ari direla uste du. Argi dauka Euskaltzaindiak "gizarte osoarentzat" lan egiten duela, eta oraingo "une beltza" gora-behera, etorkizun hobe baten esperantzari eusten dio.
Galdera. Nolako balantzea egingo zenuke orain arteko lanaz?
Erantzuna. Duela bi urte hiru helburu zehaztu nituen: egonkortasun finantzarioa, estatutuen aldaketa eta ikerketa programa berriak martxan jartzea. Finantzazioari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan dugun finantzazio markoaz aparte, bai Nafarroan, bai Iparraldean eta bai Madrilgo Gobernuarekin ere baditugu sinatuta lankidetza hitzarmenak. Diruaren ikuspegitik, beraz, egonkortasuna lortua dagoela esan genezake. Estatutuen aldaketa ere eginda eta argitaratuta dago, eta euskaltzain berriak sartzen hasiak gara. Prozesu hau 2008an amaituko da.
"Teknologia berrien mundua oso garrantzitsua izango da lana gizarteratzeko, eta horretan ahalegin handia egingo dugu"
"Pisu handiko fenomenoak daude bidean, telebista digitalak kasu, eta Euskaltzaindiak hortxe egon behar du laguntza eskaintzeko"
G. Euskaltzaindiaren lemaz jabetu zinenean, Lazarragaren sindromearen pean geunden, eta orain aldiz...
E. Veleiaren sindromearen pean? Bai! Hala da. Eta honela planteatu duzunez, egia da herri honetan askotan punta batetik bestera joaten garela, zeru ala infernu, bitartekorik ez balego bezala. Baina kontu honetan burua hotz eduki behar dugu. Errespetu osoa izan behar dugu hor lanean jardun duten ikerlarientzat, bai eta kritika egin dutenentzat ere. Komunitate zientifikoaren ikuspegitik aztertu beharko da orain non zeuden idazki horiek, nola izan diren tratatuak, eta diziplina desberdinen arteko kolaborazioaren bitartez konbentzimendu batera iritsi beharko dugu denok, medikuntzan egiten den bezalaxe.
G. Zuri zer esan zizun bihotzak Veleiako aurkikuntzaren berri jakin zenuenean?
E. Egia izango balitz, egia izango ahal da...
G. Eta egia izango balitz?
E. Sekulako iraultza, jakina. Ni neu igurikimenez beteta nago, baina honelako egoeretan ondo neurtu behar dira pausoak. Veleiakoa egiazkoa ez izatea kaltegarria izan liteke euskalgintzarako. Horregatik uste dut arreta guztia jarri behar dugula horretan, baina arinegi ibili gabe.
G. Ikerketa bultzatzea zen zure gobernu-programaren hirugarren puntua.
E. Alor honetan, hiru proiektu nagusi jarri dira martxan: bata da ECO (Euskal Corpus Onomastikoa), bestea euskal gramatika orokorra eta hirugarrena Euskaltzaindiaren hiztegia, Hiztegi Batuko lehenengo itzuliko adierak eta adibideak emango dituena.
G. Eta atlas linguistikoa?
E. Atlasa osatzea oso prozesu konplexua izan da. Proiektu honetan urtetako lana dago, eta teknikaren azkeneko azkenekoak erabili nahian, programak aldatu behar izan dira. Honek zailtasunak areagotu ditu, baina eragozpen horiek guztiak gaindituta, nik uste dut apirilerako edo maiatzerako lehenengo liburukia ikuski ahal izango dugula, eta 2007 eta 2008an beste bi kalean eta laugarrena inprentarako bidean egon litezkeela. Literatura Batzordeak egindako literatur hiztegia ere luze gabe argitaratuko da.
G. Duela bi urte, beharrezkotzat jo zenuen Akademiaren lana gizarteratzeko ahalegina.
E. Ahalegin horren emaitza dugu Plazaberri agerkari digitala. Honek beste itxura bat ematen dio Euskaltzaindiaren informazioari eta Sarean gure presentzia handiagotzea lortu du. Etorkinari begira, nik uste dut beste pauso batzuk eman beharko ditugula, batez ere ikusentzunezkoen arloan. Hitzarmen batzuk eginak ditugu irrati eta telebistako baliabideak erabili ahal izateko, baina formatua da oraindik erabaki gabe daukaguna.
G. Nolako garrantzia dute teknologia berriek lan-ildo berri horretan?
E. Teknologia berrien mundua oso garrantzitsua izango da gure lana gizarteratzeko. Ildo honetan, gogoratu beharra dago etxe honetan dauden liburuak, argitalpenak eta gainerako artxiboak digitalizatzeko lanean ari garela aspaldidanik. Gure asmoa da ondare hau guztia, edo zati esanguratsu bat behintzat, jendearen esku uztea Interneten bidez.
G. Euskaltzaindiaren web gunean?
E. Web izan behar da ala web baino potenteagoa? Horixe da aldi honetan gogoetan darabilgun kontua, baina argi daukagu teknologia berrietan oinarritutako proiektu sendo bat bideratu nahi dugula.
G. Noiz ikusiko dugu martxan proiektu hori?
E. Politikariek esango luketen bezalaxe, nik nahi nuke pauso esanguratsuak egotea begien bistan 2008a baino lehenago.
G. Zeintzuk dira Euskaltzaindiaren erronka nagusiak datozen bi urteotarako?
E. Gerora begira, berebiziko garrantzia izango dute apirilean egin behar ditugun barne jardunaldiek. Hor abiapuntu bat zehaztuko dugu 2007 eta 2008an egin behar dugunari buruz. Nik uste dut aurrera jarraitu behar dugula erakunde eta kultur eragileekin hitzarmenak sinatzeko politikarekin. Fenomeno garrantzitsuak daude tartean, telebista digitalak kasu, eta Euskaltzaindiak hortxe egon behar du laguntza eskaintzeko prest.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.