_
_
_
_
_
Gaiak

Euskarazko musikak ez du 'udako kanta' tipikoa izaten

Garai honetan musika jartzen duen areto edo festa batera joaten denak, nahitaez, entzun egin beharko ditu errekurtso gutxiago edo gehiago baldarrak eta errepikapenez baliatuta 'udako kanta' bihurtzea helburu duten hainbat abesti. Abestuena, dantzatuena. Batzuren gogokoa, bestek gorrotatua. Baina harrigarria da abesti horietako bakar bat ere euskaraz ez izatea. Uda batez Sorotan Bele edo Gozategiren doinu bat gehiago jartzea gerta daiteke, edo Fermin Muguruza, Alaitz eta Maider eta Hemendik at!ekoena, baina ez dago taberna, terraza, txosna eta bestelako topalekuetan entzuna izateko ezinbesteko osagaiak hartu eta baldintzak betetzen dituen kantarik euskaraz.

Euskal taldeek ez dute euskaltegietan buruz ikasiko liratekeen Las Ketchupen Asereje, Chayannen Torero edo Bisbalen Ave María bezalako kanta bat egiteko behar diren osagaiak zakuan sartzeko ohitura.

Honen zergatia bilatzerakoan, Metak -Esan Ozenki desagertu ondoren sortutako zigilua- eta Elkarlanean bezalako etxeek arrazoi berak aipatzen dituztela ikusten da, kontutan hartzeko moduko iritziak, saltzen duten disko kopuruagatik eta soilik euskaraz argitaratzeagatik.

Hasteko bai disketxeen eta baita artisten interes eza aipatzen dute. 'Guk ez dugu sekulan udako kanta bilatzearen helburua izan, eta ez dut uste taldeek ere horretan pentsatu dutenik. Lan bat editatzerakoan abesti batean baino gehiago disko batean pentsatzen dugu', dio Metakeko Zuluk, konpainia horren politikari buruz. 'Existitzen ez bada, zerbaitengatik izango da. Akaso hemengo taldeek ez dute mota horretako musika egiteko interesik', dio Elkarlaneaneko Angel Valdések.

Euskararen hedapen txikia

Baina edonork entzuna izatea eta asko saltzea oso gustuko duenez, Valdések ondoren dionak garrantzia handiagoa du oraindik: 'Udako kanta gogoraerraza da, baina beti doa horrekin batera merkatuan pisu handia duen konpainia batek egiten duen marketing eta publizitate kanpaina', dio, euskal etxeek ez duten multinazionalen ahalmen ekonomikoa azpimarratuz.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Bestalde, hizkuntzaren mugak daude. 'Euskarazko kanta batek Euskadin lor dezakeen hedapena gazteleraz egindakoarena baino nahikoa murritzagoa da', dio Zuluk, arrakasta azkarra eta erraza nahi duten taldeek euskara ez aukeratzearen beste azalpen gisa. 'Soilik saltzea bilatzen duen talde batek ez du euskaraz abesten. Eta badaude kontutan hartzeko beste alderdiak ere, sinesgarritasuna bezala', dio Valdések.

Norberaren esku udako kanta euskaraz ez izatea euskal merkatuaren akatsa ala bertutea den. 'Industriaren parametroak erabilita, nolabait esateko, gabezia da. Eta kalitate parametroetan, handia izaten ez dutenez, bertutea izan daiteke', dio Metakekoak.

Horrela, euskararen hedapen mugatuagoak, euskal konpainien inbertsio ahalmen txikiagoak eta artisten interes ezak bat egiten dute euskal musikak bere udako kanta propioa izan dezan galerazteko.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_