Ixilik bizi, ixilik joan
Luis Villasante bizi izan zen moduan joan zaigu: ustekabean, isil-isilik, gure artean inoiz ere egon izan ez balitz bezala. Orain dela urte asko, mendira egin zuen itzuli harrezkero ez zen egundaino ongi jarri. Ez, segurik, aurretik ezagutzen genuen moduan. Villasanterekin joan zaigu euskararen garapenak mende honetan izan duen oinarrietako bat. Villasantek eraman du berarekin euskalgintzak izan duen protagonista eta lekuko sendoenetako bat.Entzute handiko Arantzazuko batzar hartan gertatu ziren iskanbilen ondorioz izan zen Villasante Euskaltzaindiarentzat lehendakari aukeratua. Eta aukeratua izan zen unetik beretik, argi izan zuen berak orduan akademiak egin behar zuen apustua zein zen: euskararen kode idatzi batu bat bultzatzea, honek honela esaten du eta bertze horrek hartara erraten du horretatik denak lerro idatzi berera makurtzea alegia, hizkuntza guztietan gertatzen den gisa. Zailtasunekin -ez baitzen bide erraza, eta anitzetan, nora joan behar zen jakitea ere aski zail bihurtzen baitzen-, baina beti aurrera gero euskara batua bezala ezagutzen den horri bultzaka. Villasantek, kontu hauetan, zuzen joan zituen karguko urratsak, hala nola orena erloiko orratzak, urepeldarrak esan lezakeen moduan. Eta ez zen aise egiteko kontua hura gero.
Euskaltzainburu honen garaian zehaztu ziren euskara batuaren ereduak, edo ereduaren oinarriak. Eta bere ardurapean erlojuaren orratzek beti alde onera egin zuten: gramatika, hiztegia, atlasa, onomastika, literatura... Lan gaitzak hasi zituen Euskaltzaindiak urte horietan, bere historian zehar inoiz egin dituen hoberenak, landuenak eta serioenak. Eta uste dut euskaltzainok ez ditugula ahaztuko, eta berriz ere hartzen dut hemen neuretzat urepeldarraren aho hotsa, ez ditugula ahaztuko, diot, berak eman kontseiluak, berak egin graziak, uzta ekarriko baitu, ekarri du ia dagoeneko, erein zuen haziak.
Anitzek, zoritxarrez, nahasi izan dute hizkuntza erabiltzaile txarrek erabiltzen duten euskara batu txar hori, euskararekin antz handia duen hizkera mota hori, euskararekin berarekin, kontuan izan gabe ez dagoela gure artean euskara batu onik edo txarrik, baizik euskara ona edo txarra, ez besterik. Villasantek hitz lau ederra erabiltzen zuen, prosa argia, aberatsa, ez joria, ez astuna. Eta euskara batu ona erabiltzen zuen horregatik ere. Euskara baita izena, eta batu, ostera, izenondoa. Ez alderantziz, batzuek nahi luketen gisa. Hori izan da batasunak ordaindu behar izan duen kostuetako bat. Baina batasunari esker, pentsatu baino mende erdia beranduago gertatu baldin bazen ere, orain baditugu liburuak irakaskuntzaren maila guztietan, baditugu eleberriak, baditugu egunkariak, baditugu lanabes guztiak. Mitxelenak egin zuen oinarrizko txostena, eta Villasanteren ardura izan zen eredua bultzatzea eta egun ikusten dugun bezala, bizitzaren bazter guztietara zabaltzea. Lana bete ondoren joan zaigu gizona, zinez hain gogoko zuen Axularrek nabarmendu zuen kezka konpondu nahian.
Villasanterekin desagertu da, eta urratu, gogo irekiko gizona, aldi berean. Euskara politikaren gainetik jartzen zuena, besteari errespetua erakusten ziona. Euskaltzale sutsua -hori ez du inork ere zalantzan jartzen-, euskararen alde borrokatu zen, euskaltzaleen artean bereizketarik egin gabe eta bere ideia politikoengatik inor ere baztertu edo gaitzetsi gabe. Berak eraman ditu hilobira egun Euskal Herrian galdurik dauden eta herri bat eraikitzeko funtsezkoak diren balio batzuk, hemen, euskara batuarekin gertatzen den gisa, batu horretaz landa zerbait gehiago behar dela hizkuntza jakiteko alegia, beste maila honetan ere, diot, herri horretaz gain zerbait gehiago behar baita gizarte aske bat egitekotan. Edo, ikusten dugunetik, hori iduri du behintzat. Luis Villasante har ezazu atseden, ongi merezia duzu eta.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.