Hitz jokoa
IBAN ZALDUA
Azken aldi honetan sarritan gogoratu naiz institutuan izan genuen irakasle harekin. Sarriegi, agian. Espainiar literaturaren historia azaltzen zigun, eta ez zen andereño txarra. Baina ezin esan azken orduko teknikak axola zitzaizkionik: eskoletan egileen eta haien lanen historia zehatz-mehatz kontatzera mugatzen zen, anekdota eta bitxikeriak barne. Klase-ordu hartan nahikoa aspertzen ginen, beraz. Bizkor aurkitu genuen, ordea, dibertitzeko aukera. Irakasleak apunteak emango zizkigula abisatu zigun lehenengo egunetik; berehala konturatu ginen eman baino diktatu egingo zizkigula, ez oso abiada handian gainera. Kurtsoa hasi eta laugarren astean, atzealdean eseritzen ginenok joko berria asmatu genuen: xede nagusitzat andereñoak diktatuko zuen hurrengo hitza asmatzea izango zuen. Igarritako hitz bakoitzak puntuak emango zituen, eta eskola amaituta gehien bilduko zituenari besteek zuritoa ordainduko zioten.
Kontua ez zen soilik klasekideek baino arinago asmatzea: hitz guztiek ez zuten berdin balio. Esaterako, que, y, o eta enparauek, edo artikuluek, zero balio zuten; adjektiboek eta mente-n bukatutako adberbioek tanto bakarra (irakaslearen erretolika pittin bat ezagutuz gero, errazak suertatzen ziren), izenek bi, eta izen propioek hiru; hitz elkartuei eta esaldi-zati osoei puntuazio aldagarria ematen zitzaien... Espainiar literaturako eskoletan ondo pasatzen hasi ginen.
Halako batean, ordea, irakaslea jokoaz jabetu zen: ez zigun inoiz ezer esan, baina hala zela konturatu ginen. Oso isilak ginen, berez, eta ahalik eta iskanbila txikiena ateratzen saiatzen ginen. Hala ere, hasieran bizkorrago diktatzea deliberatu zuen; baina aurreko errenkadetakoak hasi ziren kexatzen eta bide hori bertan behera utzi behar izan zuen. Edozelan ere, jokoa atsegin zuela ematen zuen. Biharamunean, aurpegia irribarre enigmatiko batez jantzirik, estrategia berri bati ekin zion: atzealdetik heltzen zitzaion zurrumurru hitsari adi egotea, ondoren esan behar zuen hitza erabat aldatzeko. Ariketa, bat-batean, zailagoa bihurtu zitzaigun, baina horrek ez zuen lortu atzealdekoon interesa areagotzea baino. Izan ere, irakasleak, batzuetan, ez zuen ondo aditzen igarritakoa eta, besteetan, alternatibarik ezean, guk esandakoa botatzea beste erremediorik ez zuen. Baina abila zen eta gure iragarpenak sarritan saihesten zituen, horretarako esaldi luzeagoak erabili behar bazituen ere. Apunteak perifrasi dotore bezain badaezpadakoez betetzen hasi zitzaizkigun, eta baita dezente luzatzen ere. Irakasgai horretako ekaineko azterketa kristolako pagotxa izan zen.
Gure andereño hura egunkari batean hasi da idazten iritzi artikuluak. Interesarekin hartu nituen, eta berehala ezagutu nuen bere gaztelania dotorea. Batzuetan ados, beste batzuetan ez hainbeste, pixkanaka dèja vu-aren antzeko zerbaiten sentsazioak menderatu ninduen. Zutabeen izenburuak arrunt diferenteak dira eta gaiak ildo ezberdinetatik abiatzen dira, baina hurrengo hitza edo esaldia zein izango ote zen asmatzeko ahaleginetan hasi nintzen. Eta baita lortu ere! Igarritako hitzen kopurua susmagarriki handia iruditzen hasi zitzaidanean, paper zuria hartu, testua pixkanaka agertaraziz joan, eta proba egin nuen: bat, hiru, bi, bi eta erdi, esaldi erdi honengatik gutxienez lau... amaierarako tanto piloa metatu nuen. Hurrengo asteetan ariketarekin jarraitu dut: estrategia hitza ekidiezina da, testuaren zokoren batean edo bestean; adhesión-en ondoren ia beti a las libertades agertu ohi da; no son admisibles-en jarraipenean cambios edo alteraciones constitucionales dator (batzuetan en el marco constitucional batek puntuazioa izorratzen badizu ere); chantaje eta gero soberanista jarrita aukerak %25 ingurukoak dira; democracia-ri, ordea, ez dio sekulan adjektiborik laguntzen.
Jada ez naiz hamabost urteko ikaslea, eta jokoarekin nekatzen hasia naiz. Gure andereñoa atzealdekook berriro txutxumutxuka hasi garela konturatuko balitz sikiera! Agian berriro ere esaldiak luzatzen hasiko litzateke eta, ondorioz, bere artikuluak omen duten zentzu eta eduki apurraz biluzten. Idatzitakoak, agian, nonsense huts bihurtuko zaizkio, baina ez zait inportako. Edozer gauza nahiago, jokoa irabazten jarraitzea baino.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.