Inoiz baino ekitaldi gehiagoz, dena prest igandeko Nafarroa Oinezi begira
Nafarroako Ikastolen aldeko festak inoiz izan duen egitaraurik zabalenarekin, den-dena prest dago etzi Iruñean ospatuko den Nafarroa Oinezi begira. Egitarauak 50 ekitaldi inguru jasotzen ditu, eta tartean, Oskorri, Gozategi, Maixa ta Ixiar, Hemendik At, Skalariak, Etzakit, Amaia Zubiria edo Lehiotikan-en emanaldiak iragartzen dira. Gainera, musika afrikarrak, folkak edota dantzariek ere tartea izango dute egitarauan."Nafarroan, euskararen etorkizuna Iruñean oinarrituko da", adierazi du Aingeru Epaltza, Ikastolen Elkarteko presidenteak. Ildo honetan, hamabost urte pasa eta gero, Nafarroako ikastolen aldeko festa Iruñera itzultzen da, aurtengo antolatzailea Francisco de Jaso Ikastola baita. Gainera, datorren urtean, San Fermín ikastola iruindarra arduratuko da antolakuntzaz. Jasok 735 milioi pezeta kostatu den eraikina estreinatu du aurten Mendebaldea auzoan. Aurtengo ibilbideak sei kilometro t"erdi ditu, sei areatan banatuta.
Nafarroako ikastolen eskutik, azkenik, Iruñeko Planetarioa eta EITB-ren laguntzaz, Bernardo Atxaga idazlearen Asto bat hipodromoan ipuinean oinarritzen den 40 minutuko proiekzioa ikusgai izango da Gabonak arte Planetarioaren egoitzan.


























































