_
_
_
_
_
Tribuna:Gaiak
Tribuna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las tribunas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Ferrokarrileko langile haiek bezala

GABONETAKO IPUIN BAT EMATEN DU. Ez da. Izatez, ez da ipuin bat ere. Baina gabonetako ipuinek nola, kontatzera noanak ere irakurleari esperantza poxin bat oparituko diolakoan ekin diot lerro apalon idazketari.

Kontatzera noanaren hastapenak berak ere ipuin batetik aterea dirudi. Joan den udako arratsalde lainotsu batez, paseatzen eta neure gorabeheren kabutan nindoala, gizonezko bat ikusi nuen bidea gurutzatzen, familia giroan zetorren taldetxo batetik apartatu eta gero. Nigana jo zuen. Helbideren baten peskizan zetorkidalakoan, nire izenez agurtu ninduen. Barkatzeko atrebentzia, baina nire idazkiak ezagutzen zituela. Ea emango nion nire helbide elektronikoa, istoriotxo bat zeukala-eta niri kontatzeko. Hitz horixe baliatu zuen, istoriotxoa.

Gabonetako ipuin bat ematen du. Ez da. Izatez, ez da ipuin bat ere
Handik pare bat egunetara Aitzolen gutun luze bat jaso nuen

Nigana hurbiltzeko modua eta egin berri zidan eskaria guztiz bitxiak baziren ere -halakoak atezuz hartzeko aholkatzen digute gaur-gaurko konbentzioek-, itxura eta mintzatzeko manera kortesiatsuak zituen. Hala ere, uste dut ez nuela amore emango, baldin haren hizkerak erakutsi ez balit euskara ondo landu bat, eta, oroz gain, nire egoa aparretan jarri ez balu nire idazkiak ezagutzen zituela esan zidanean.

Nire helbide elektronikoa eman nion hemendik aurrera Aitzol deituko diodanari. Alkandoraren patrikan gorde zuen.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Handik pare bat egunetara Aitzolen gutun luze bat jaso nuen.

AITZOLEK ASTEBETE ZERAMAN kezkatuta bere etxe aurrean aparkatuta zegoen furgoneta zahar eta mailatu baten peskizan. Matrikula frantsesa zuen ibilgailuak, eta, kolpe txikiak nonahi, bazter batean abandonatua izanaren seinale guztiak zituen. Gidariaren kabinan ez zen deus arrarorik antzematen. Atzeko partean, aldiz, ezin jakin zer zegoen, gortina ilun batek estaltzen baitzuen. Udaltzainei deitzekotan zegoelarik, gizon arabiar edadetu bat ikusi zuen, txilaba jantziak luze meharragoa egiten zuena, furgonetaren inguruan atzera eta aurrera.

Aitzoli koska bitxia egin zitzaion arabiar bat ikustea Donostiako auzo apartatu hartan, errepide nagusietatik hain urruti eta emigranteen exodotik hain bazter, baina ez zion garrantzi handirik eman. Handik ordu batzuetara, ordea, lanetik etxera bueltan zihoala, arabiarrak furgonetaren ondoan segitzen zuen, baina, oraingoan, espaloian eserita eta buru makur. Aitzolek, hurbildurik, kasu egin zion frantsesez. Laguntzaren premian al zegoen.

Gizonak bekain sarrien artetik begiratu zion. Gero, bizitzak kraskatutako ahots apal batez:

Musie, nondik da Almeriako bidea?

Furgonetak astebete zeraman auzoan. Zergatik apartatu ote zen errepide nagusitik? Gizona non egon ote zen bitarte hartan guztian?

Galderok kabutan, han hurbileko bide-seinale batez ohartarazi zuen Aitzolek. Bertan agertzen zela norantz hartu behar zuen. Gasteiza joan behar zuela lehendabizi, eta handik Madrila.

Arabiarrak, seinaleari erreparatu ere egin gabe, esku bat eraman zuen urdailera eta minezko zirkin bat atera zitzaion. Begiak erdi itxi zituen. Desenkusatu egin zen gero:

Barkatu, gaur goizean irten naiz ospitaletik. Astebete osoa galdu dut bertan, aspaldi behar nuen Almerian ferrya hartzeko, baina ez zait gauez gidatzea gustatzen. Lehen bai, lehen asko gustatzen zitzaidan, baina orain zaharregia naiz gauzok gozatzeko.

Eta erantsi zuen Mohamet zuela izena.

AITZOLEK ZERGATIK ESKAINI ZIZKION afaria eta non lo egina, harrigarria egingo zaio baita egun seinalatu hauetako espiritu noblearen sinestunenari ere, baina Aitzolen gutunak ez dio garrantzirik ematen bere jokabideari:

"Gizona horrela bakarrik ezin utzi eta, etxean emaztearekin hitz egin ondoren, berriz ere beregana joan eta gosetuta al zegoen galdetu nion. Emango geniola afaltzen eta ostatu. Mohametek, baietz, etorriko zela etxera, baina furgonetan egingo zuela lo".

Etxeko seme txikienaren begirada isil harritua iltzatuta zuela afaldu zuen Mohametek.

MAROKOARRA NAIZ, Nadorren jaioa, baina berrogei urte daramatzat Frantzian. Urte asko pasatu dira, asko!, nire familia azkenekoz ikusi nuenetik. Gazteenak ez baititut ezagutu ere egiten eta nire adinekoak hiltzen hasita baitaude, bisita bat zor nion geratzen zaidan familiari. Azkeneko bisita izango da, nire gorputza ez baitago ausardia askotarako, eta, horregatik, urte osoa eman dut furgoneta opariz betetzen, ditudan diru apurrei buruzko kezka handirik gabe. Orain hilabete pasatxo abiatu nintzen Bretainiatik, Brest ondoan dagoen herri batetik. Maparik gabe eta ezer gabe, zertarako behar ditut nik mapak-eta... Primeran ezagutzen dut Brestetik Nanteserainoko bidea, baina behin Paris inguruetara heldu eta gero, ez dut asmatzen zein autobidetatik jo, nondik hartzen den handik behera. Galtzeko beldurrez egin ditut hogeita hamar egun hauek, amaraun erraldoi batean harrapatuta baino babesgabeago -ni bezalakoentzat oso trantze deserosoa da ezer galdetzen hastea zu bezalako bati-. Bi aldiz gaixotu naiz, bigarren aldian sei egun pasatu ditut hemengo erietxean, ez dakit zer egin ezta inoiz helduko naizen ere nire herrira. Errazago iritsiko ahal naiz Paradisura...

Arnasa hartu zuen sakon, zama astun bat gainetik kendu izan balu bezala, eta azkena eman zion katilutxoko teari.

Isilune urduri goibela.

Une hartan jabetu zen Aitzol zergatik zegoen gizon hura galduta, orduan ulertu zuen zergatik ez zion Gasteizko seinaleari begiratu ere egin. Aitzolen pentsamenduek gero eta abiada haserreagoa hartu zuten. Marokoarraren amarauna ez zen soilik errepideetakoa: ez zekien irakurtzen, horrek galtzen zuen errepide batetik bestera. Errepideek zanga erraldoiak izan behar zuten Mohamet bezalakoentzat, eta trafikoko seinaleen sarea, aldiz, zibilizazioak landatutako kanaberadi sarria Mohamet bezalakoak zangetatik irten ez zitezen.

Aitzolen emazteak, aulkitik jaikirik, te-ontzia jarri zion aurrean. Mohametek, ezetz, eta bere begi nabar ilunak argitu ziren. Ez zekiela nola eskertu hainbeste adeitasun. Emazteak, egiten ari zirenari garrantzia kendu ondoren, nekatuta zegoela eta gabon esan zien. Seme koskorra, berriz, aspaldi oheratua zen.

Aitzolek eta Mohametek elkarri begira egin zuten hainbat denbora. Isilik.

Halako batean, Mohametek arasa gaineko argazki bati erreparatu zion. Bertan, Aitzol eta emaztea ageri ziren, eta haien aurrean hiru mutil. Nabarmena zen Mohametek beste bi mutilen atarramentua zerabilela buruan. Aitzolek irribarre nostalgikoa egin zion. Aiton-amonen etxera eraman zituztela, biak gaixo, eta hatzak eraman zituen eztarriaren bi alboetara, hazizurria frantsesez nola esaten ote zen asmatu ezinez.

D'oreillons?, lagundu nahi izan zion Mohametek gaitzaren frantses izena asmatzen. Aitzolek baietz egin zion buruaz, horregatik zegoela senideetan txikiena bakarrik etxean:

Oso gaitz kutsakorra da.

Gaueko hamabiak jo zuten inguruko kanpandorreren batean. Aitzolek hizketan segitzeko eskatu zion Mohameti.

ERREPIDE BATETIK BESTERA, eguzkiak esaten zidan nora jo behar nuen. Behera, beti behera. Baina goiz batez euria hasi zuen goi eta behe, eta, eguzkirik gabe, are galduago sentitu nintzen. Portugalen hasi ziren komeriak, eta badakizu zergatik ohartu nintzen okerreko tokira iritsi nintzela, lur hura ez zela Espainia? Bertakoek egiten zuten hizkuntzagatik. Frantsesez hitz egiten zuten lekutan nik banekien Frantzian nengoela, gaztelaniaz egiten zuten tokitan, berriz, Espainian, nire aitak bai baitzekien gaztelania pixka bat. Artzaina zen bera, baina sos gehienak ipuin kontalari gisa irabazten zituen. Behin -ondo gogoan dut eguna, ama urte osorako intsentsua zehatzen ari baitzen sutondoan-, Espainiako soldaduak agertu ziren gure herrian, eta soldadutzara eraman zuten gure aita. 36ko gerra hasi zenean, Francoren guardako lantzaduna izan zen, eta behin soilik itzuli zen etxera, egun bakan batzuetako baimenarekin. Ez zuen denbora galdu: txilaban zeraman diru freskoarekin auzoko emakumeak liluratu eta bere gaztelerarekin zahar guztiak txunditu nahian ibili zen bospasei egunez. Gero, berriro desagertu zen. Halako batean, gutun bat iritsi zitzaigun, auzo batek irakurri ziguna, aita gerran hil zela esanez. Nik zazpi bat urte izango nituen. Ordutik aurrera, ahal dudan bezala atera dut bizimodua.

Marokoko gerratik ihesi, ama eta senide guztiak Algeriako Oranera joan ginen, eta hango kaleetan, eguneroko gosea arintzeko peskizan, frantsesa ikasi nuen. Oso gazterik ezkondu nintzen, oso gazterik egin nintzen lau neska-mutilen kargu. Ez ninduten Algeriako gerrara behartu, baina familiaren mantenuak ematen zidan eguneroko gerra ez zen samurragoa. Independentzia lortu zutenean, marokoarrak gaizki ikusiak baikinen han, emaztea eta lau seme-alabak Nadorrera bidali, eta Frantziara joan nintzen beste marokoar asko bezala.

Hasieran dirua bidaltzen nion familiari, baina urrutiak eta urteen joanak berotasuna ahitzen dute. Beste emakume bat ezagutu nuen.

Begirada eta ahotsa apaldu zitzaizkion.

Erretiratzeko tenore zutela erabakirik, Aitzolek furgonetaraino lagundu nahi izan zion, baina Mohametek ez zion utzi, moldatuko zela bakarrik.

Etxeko atean, Aitzolek bostekoa luzatu zion. Mohametek besarkada batekin estutu zuen, eta, Aitzolen usadioen guztiz kontrara, pare bat musu eman zizkioten elkarri.

Ahalik isilen egin zituen oheratu bitarteko lanak.

Berriro galduko da, entzun zion kezka emazteari.

BIHARAMUN GOIZEAN, Aitzolek kafesnez beteriko termo bat jaitsi zion furgonetara. Berriketan egon ziren biak: Aitzol, denbora egiten; Mohamet, berriz, kortesiarekin estaliz lehenbailehen abiatu nahia. Halako batean, auto bat jarri zen furgonetaren atzean, eta Aitzolen lagun bat jaitsi zen bertatik, mekanikaria bera, lan jantzian. Diosalen ondoren, erreminta kaxa bat atera zuen autotik eta furgoneta aztertzen hasi zen. Errebisioak ez zuen ordu laurdena ere iraun:

Dagoen bezala, furgoneta ez duk Tolosaraino ere iritsiko. Zatozte nirekin.

Aitzol eta Mohamet furgonetan sartu ziren eta mekanikariaren tailerrerainoko bidea egin zuten, baina lagunaren autoa atzetik zutela. Badaezpada.

Bospasei egun beharko ditiat furgoneta ahal den kuriosoen uzteko.

Aitzol diagnostikoaren itzulpena ematen hasi zion Mohameti, baina marokoarra janda zegoen egoeraren larria, eta ozta-ozta eusten zion negar egiteko zoriari. Ez zuela matxurak ordaintzeko dirurik. Furgonetarik gabe, non egin behar zuen lo egun haietan guztietan.

"AUTOA KONPONDU BITARTEAN, Almeriaraino lagunduko dion norbaiten bila hasi gara emaztea eta biok. Badakizu, Marokora oporretara joan nahi duen ikasleren baten atzetik... Bitartean, txoko bat egokitu diogu etxeko sotoan, eta otorduak, berriz, gurekin egiten ditu. Bazkal-afari ondorengo tertulietan, nire frantses traketsa praktikatzeaz gainera, kontu gehiago jakin dut Mohameti buruz."

"Astebetera doi, mekanikariak deitu digu furgoneta prest zegoela esanez. Guk, ordea, ez dugu inor aurkitu kopilotu lanetarako eta, familiak baimena eman didanez, bihar ni neroni jarriko naiz txofer, eta Madrilera abiatuko gara. Oraindik lotzeko daukat Madriletik behera nork hartuko didan txanda, baina Mohamet Almeriako itsasontzian uztea da helburua".

HORRAINO LEHENDABIZIKO GUTUN LUZEAK kontatzen zituenak. Nik asmatutakorik, apenas dago. Egokitutakorik eta erantsitakorik, bai, hala beharrez. Eta zu, irakurle, Mohametekin zer gertatu ote zen galdezka ari bazara, jakizu neuk ere halaxe egin nituela egunak, Aitzolek noiz bidaliko beste posta elektronikoren bat.

Baina Aitzolen berririk ez.

Isiltasuna, ordea, ez baita beti ahanzturaren marka, eguneroko errutinaren hautsak beren lana egiten hasi aurretik iritsi zitzaidan Aitzolen bigarren gutuna.

AITZOLEK USTE BAINO HOBETO gertatu ziren gauzak, furgonetak aitzakiarik gabe egin baitzuen Madrilerainoko bidea, txarraka-txarraka, 80-85eko abiadan. Madrilen, berriz, emaztearen neba zeukan zain: koinatu saltsero bat -hitzak Aitzolenak dira-. Haren etxean egin zuten lo. Biharamunean, Almeriara abiatu ziren, Aitzol eta Mohamet furgonetan, koinatua bere autoan atzetik badaezpada.

Bi gizonek bidean zer hitz egin zuten, isilune luzeetan batek zein besteak zer mamurtu zuten, kontu bat da segurua: sasiak inoiz hartuko ez duen baztertxo bat goldatzen jardun zuten bi-biek beren oroitzapenen eremuan.

Almeriako portu handira iritsi zirenean, ferryrako billete bat erosi zuten eta barkuaren konpainiako enplegatu jator itxurako batekin hitz egin zuen Aitzolek, Mohameten kargu egin zedin.

Slimani Mohamet Ben Tahar dardarka zegoen. Sentimendu kontrajarri askoren zirimolaren erdi-erdian.

Musie, nire anaia zara betiko, esan zion Aitzoli, eta besarkatu egin zuen. Bi musu eman zizkioten gero elkarri.

Furgoneta ontzi erraldoiaren tripetarako bidean jarri zen.

"PENA BAKARRA DUT -zioen Aitzolek lehendabiziko gutunaren akaberan-: etxeko bi seme zaharrenak aitona-amonen etxean ditugu Zarautzen, paperak jota, seme txikia ez kutsatzeko, eta ez dute Mohamet ezagutu, garai batean, errepide bazterrean zegoen aitonaren baserrian, ijitoak eta ferrokarrileko langileak ezagutzen genituen bezala. Eskolan eta etxean normalean erakutsi ezin diegun zerbait ikasiko zuten otorduak gurekin egin izan balituzte".

GABONETAKO IPUIN BAT EMATEN DU. Ez da. Izatez, ez da ipuin bat ere. Baina gabonetako ipuinek bezala, kontatu berri dudanak ere esperantza poxin bat oparituko ahal zion irakurleari...

Anjel Lertxundi

1970an Hunik arrats artean ipuin-bilduma argitaratu zuenetik, Anjel Lertxundi (Orio, 1948) euskal literaturaren erreferentzia nagusietakoa bilakatu da. Eleberriez eta ipuinez gain, saiakerak, artikuluak eta haur eta gazte literatura idatzi ditu. Barne paisaiak deskribatzeko eta hizkuntzaren baliabideak erabiltzeko berezko maisutasuna erakutsi du genero horietan guztietan. Birritan irabazi du Euskadi Saria (Hamaseigarrenean, aidanez eta Argizariaren egunak) eta beste bi aldiz Kritika Saria (Kapitain frakasa eta Hamaseigarrenean, aidanez). Aise eman zenidan eskua (1979) kontakizun laburren bilduma, Otto Pette (1994) eta Piztiaren izena (1995) dira bere ibilbideko beste izenburu esanguratsu batzuk. Horietako berriena 2006an aurkeztutako Ihes betea eleberria da, nazi sutsua izan ondoren sustrai judutarrak dituela ohartzen den gazte aleman baten istorioa.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_