Etsaiak eta adiskideak
Noiz uzten dio etsaiak etsai izateari?
Primo Leviren testurik ederrenetako batean etsaiari buruzko gogoeta gogor eta interesgarria dago. Sistema Periodikoa du liburuak izena. Bertan, Primo Levi, lekuko izateari uzteke, idazle bihurtu da, idazle zorrotz eta zehatza. Honako hitz hauek ageri dira Banadio izeneko atalean, Juan Garziaren itzulpenean: "Besteari berriz, etsai dirauen etsaiari, mundura sofrikarioa ekartzeko bere borondateari eusten dionari, ez zaio noski barkamenik zor: barkatu ez, bada, baina hura birgaitzen saia gaitezke; saia gaitezke (saiatu behar dugu!) berarekin eztabaidatzen, baina hura epaitzea da gure eginbidea, ez barkatzea."
Etsai dirauen etsai, hortxe dago gakoa. Baina etsai izaera, beste izaera asko bezala, bikoitza da. Niretzat etsai dena, behar bada, ez da nire etsai. Eta nire etsai dena, agian, ez da niretzat etsai. Primo Levi etsai zela asmatu zuten Alemaniako naziek, eta etsai gisa hartu ere bai, Auschwitzera eramanez, hil zedin. Ez zen hil, iraun egin zuen, eta iraun izatearen minak eraman zuen heriotzaraino. Paradoxa bitxia hortxe, ezin jasan Auschwitzen hil ez izana. Hortik aurrerakoa, logika hutsa da. Norberak besteren bat etsaitzat hartzen badu, eta haren suntsipena bilatzen badu, ahaleginean indar guztiak jarriz, alferrikakoa da beste tokira begiratzea, inor etsaitzat hartzea erabaki duen bera bihurtu baita etsai, ez nahita, ezinbestean baizik. Eta logika hau Alemaniako naziei edo beste tokietakoei aplika dakieke. Baina, etsai izaera, asmazioa da, irudimenezko fruitu eta izaki. Gaur egungo gizartean, bederen, etsaiaren irudia sortzea, ezaugarriz hornitzea eta haren ahala goraino igotzea beharrezko zaie hainbat erakunde edo talderi, etsaiaren izaerak baieztatzen eta bermatzen baitu norberarena. Ifrentzuak aurkia baieztatzen duen bezala; jakinik aurki guztiak ifrentzu bilaka daitezkeela, eta ifrentzu guztiak aurki. Etsi egin ez duen etsaia, hor dago kontua.
Noiz dakigu ordea etsaiak etsai izaten segitzen duela, etsaiak ez duela etsi? Guk etsai bila segitzen dugunean, horretan etsitzen ez dugunean.
Gizakiaren izaera ere, beste izaera asko bezala, bikoitza da. Kanpoan etsaia bilatzen da, barnean egonik barnera begiratzera ez ausartzeagatik. Hala ere, ez dago etsaia bilatu beharrik, norberak garbi badu zer eta nor den, norberak bere baitako leizean begiratu eta ikusi baditu han dauden mamu antzeko irudiak, han dauden irudi ikaragarriak, han dauden etsaiak, mehatxuzkoak batzuk, irrigarriak besteak. Ez dago etsairik asmatu beharrik; geure buruari begiratzea besterik ez dugu, geure ispiluan barrena azaltzen eta desagertzen diren hazpegiei so egitea aski da, jakiteko gordeta dagoen minaren zantzua nondik nora dabilen.
Minak nekez du atertzen. Minak nekez du etsitzen, minak min izaten jarraitzen du beti. Minak berari zentzua eman diezaioketen etsaiak asmatzen ditu, baina minak, aspaldidanik dakigu, ez du zentzurik. Primo Levik badaki hori, dakien bezala berak bere mina akaberaino eramango duela, eta minak akabatuko duela bera. Badakidalako bere barneko min zaurigarri eta hilgarri horrek ez diola bakerik emango, saiatzen da ulertzen zergatik duen min hori hain barneraino sartuta, zergatik etsaitzat hartu zutenek eragin zioten sakon errotutako min hori.
Etsaia birgaitzen saiatu behar dela dio Primo Levik, baldin eta etsaitzat dugunak edo etsaitzat gaituenak halakorik nahi baldin badu. Etsaia arerio bihur daiteke, alegia kontrario, eta, nekez, oso nekez, adiskide. Errazagoa da adiskide dena etsai bihurtzea. Ikusiagatik dakigu, Balkanetan ez ezik, Euskal Herrian ere bai. Adiskide izatea ere, etsai izatea bezalaxe, izaera bikoitza baita. Guk adiskidetzat duguna ez da beti izaten gure adiskide. Lehengo etsaia gaur adiskide bihurtzen bada, pentsa daiteke, lehen ez zela hain etsai izan edo gaur ez dela hain adiskide izango. Adiskideok, ez dago adiskiderik dagoeneko. Hilzorian zegoen jakitunak esan zuela idatzi zuen Derridak.
Adiskideak badaude, ordea; bilatzen jakin behar.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.