_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Andre idazleen euskal odisea

Gure literaturak bekatu-iturri eta objektu sexual gisa tratatu baditu ere, emakumeek beren lekua lortzeko ahalegina egin dute

Emakumezkoek aspaldi ekin zioten euskaraz idazteari, baina euskal literaturak gizonezkoena izaten jarraitzen du. Halaxe frogatzen du euskal emakume idazleek ohiko promoziobideetan eta are eskola-liburuetan duten leku eskasak.

Euskal literaturak emakumeen izen asko batzen ditu gaur egun, baita emakumeek idatzitako maisulanak ere, hala nola, Mariasun Landaren Iholdi eta krokodiloa ohe azpian, Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox eta Koaderno gorria, Miren Agur Meaberen Azalaren kodea, Aurelia Arkotxaren Septentrio edo Arantxa Iturberen Ezer baino lehen, besteak beste.

Hala ere, gure letretako izen handien artean ez da emakumerik ageri. Mari Jose Olaziregi EHUko irakasleak kezkagarritzak jo du emakumezkoek idatzitako euskal literaturaren ezagutza falta.

"Ikerlan akademiko gehiago behar dira, eta bereziki ikuspuntu berritzaileak eskaintzen dituztenak"

Bere esanetan, badira emakumezkoen euskarazko literatur lanak aztertu dituzten ikerketak. Adibidez, Linda White-k 1996an euskal emakume idazleez egin zuen doktorego tesia, Maite Nuñez-ek Missourin egindakoa eta emakumezkoen irudiak aztertzen zituena, edota Itxaro Bordak nahiz Julia Ochoak kaleratutako antologiak.

Olaziregik berak Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura izeneko ikerlana kaleratu zuen 1999an.

Bertan, EHUko irakasleak emakumezkoen euskal literaturaz dagoen ahanztura kritiko tamalgarria salatu zuen. "Maila akademikoan, oso gutxi dira gai honen gainean egindako ikerlan kritikoak", esan du.

Ondorioz, Olaziregik "ikerlan akademiko gehiago" beharko liratekeela uste du, "eta bereziki, ikuspuntu berritzaileak eskaintzen dituztenak".

Antzeko egoera aurki dezakegu eskola-liburuetan. "Normalean, testuliburu horiek ez dituzte emakume idazleak promozionatzen, sexuen arteko desberdintasunak areagotuz", ziurtatu du EHUko adituak.

Egoera erabat hobetzeko modukoa bada ere, emakumeek zailtasun eta mugapen asko gainditu behar izan dituzte historikoki honaino heltzeko. Askotan, ezizenen baten atzean edo ezkutuan idatzi behar izan dute, literatura gizonezkoei mugatutako zeregina baitzen.

Idazten zuten emakume horiek ikasiak ziren eta ezagupenak lortzeko aukera izan zuten modu batera edo bestera: batzuk maistra ikasketak zituzten, beste batzuk burges familietan sortuak ziren, eta elizgizonen laguntza jaso zuenik ere bazegoen.

Hala ere, gainerako ikasketak debekatuak zituzten eta gizarteak egotzitako rola aurrera eraman behar zuten. Virginia Woolf eleberrigile eta kritikari britainiarrak denbora librea, dirua eta espazio faltari leporatu zion historian zehar emakume idazle gehiago sortu ez izana.

Woolf-ek zioenez, idazten zuten emakumeak -Jane Austen, George Eliot eta Brontë ahizpak, kasu- etxekoandre arruntaren profiletik urruntzen ziren. Ezkondu gabe zeuden batzuk, eta ezkonduta zeudenen artean, gehienek ez zuten seme-alabarik izan.

Zer esanik ez, emakumezkoen rol horiek guztiak garaian garaiko irakurgaietan itsatsita geratu dira, "literatur jarduerak une historiko bakoitzeko mundu ikuskera osatzen duten ideia estetiko, filosofiko eta ideologiko desberdinak erakusten baititu", Olaziregiren hitzetan.

Horrela, gizonezkoen literaturan, garai bakoitzeko moralak eta ideologiak baimentzen zituen emakume irudiak kaleratu izan dira: emakume pasiboa, bertuteduna, gaiztoa, zoroa... "Irudi horiei guztiei ipuin tradizionaletan azaltzen diren klitxe sexistak gehitu behar zaizkie", esan du Olaziregik.

Heroia, jakina, gizonezkoak ordezkatzen du gehienetan, eta erlijio kristauaren liburu sakratuetan, emakumea bekatuarekin parekatzen da.

Literatura unibertsaleko idazleen artean, Seneka, Sthendal, Balzac edo Sokrates-en idazkiek era batera edo bestera gutxietsi egiten zuten emakumea.

Euskal literaturari dagokionez, Etxeparek emakumea objektu sexual pasibo gisa agertu zuen Emazten fabore izenburuko poeman: "Emazterik ez dan lekuan ez dakusat plazerik". Axularrek, ordea, emakumeen gaiztakeriari buruz hitz egin zuen.

XX. mendean, Txomin Agirrek matxinatzen ez den emakume zintzo eta txukuna deskribatu zuen Kresala eta Garoa eleberrietan, eta Lizardik emakumearen edertasuna idealizatu zuen. Gabriel Arestiren kasuan, poesia iraultzailea eta soziala landu arren, emakumea "bestea" balitz bezala islatu zuen.

Aiton-amonen garaikoak

XIX. mendearen hasieran, euskal literaturaren norabidea aldatuko zuen gertakaria eman zen, lehenengoz emakumezko batek idatzitako euskal liburuak argia ikusi baitzuen: Bizenta Mogel Elgezabalen Ipui onac, alegia.

1804. urtean argitaratutako liburu honek -Greziako Esopo alegilariaren fabulen egokitzapen hutsa- hasiera eman zion emakumezkoen euskal literaturari eta geure hizkuntzan landutako haur eta gazte literaturari.

Juan Antonio Mogel apaiz ospetsua osaba zuen Bizentak eta garaiko euskal emakumezkoengan ohikoa ez zen prestakuntza lortu zuen hari esker, emakume alfabetatua izateaz gainera, gaztelania eta latina menperatzen baitzituen.

Frantziska Inazia Arruek plazaratutako Euskaldunen bikaintasuna liburuak emakumezkoek idatzitako euskal literatura hasiberriari jarraipena eman zion 1887an. XX. mendearen hasieran, emakumeak literaturarekin bat egiten hasi ziren emeki-emeki.

Lehenengo urteetan ekoizpena urria izan bazen ere, Gerra Zibilaren hasierara arte hiru liburu gehiago batu zitzaizkion eurek egindako ekarpenari: Katalina Elizegiren Garbiñe eta Loreti eta Julene Azpeitiaren Osasuna, merketa ta yanaritzaz.

Urte haietan, euskal emakumearen presentzia handitu egin zen esparru publikoan, eta idazleen kopuruak ere nabarmenki gora egin zuen. Maddi Ariztia, Petra Belaustegi, Errosa eta Basilia Bustintza, Julia Gabilondo, Rosario Artola, Inazia Pradere Arruti, Maria Etxabe, Rufina Azkue Lizaso, Joakina Garialde edo Pilar Lekuona Etxebeguren-ek, besteak beste, idazteari ekion zioten.

Emakume hauek plazaratutako lan asko Euskal Esnalea eta Euskalerriaren alde bezalako aldizkariek bultzatu zituzten.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_