_
_
_
_
_
Crítica:LIBURUAK | Gaiak
Crítica
Género de opinión que describe, elogia o censura, en todo o en parte, una obra cultural o de entretenimiento. Siempre debe escribirla un experto en la materia

Errealitateko mamuen ifrentzua

Eta handik gutxira gaur da Eider Rodriguez oreretarraren lehenengo liburua, IV. Joseba Jaka literatur beka saria jaso duen liburua alegia. Lehenengo liburua eta aspaldiko partez ipuin-bilduma on bat goza dezagun egin digu. Beste generoen aldean ez dira asko, ez, urtean argitaratzen diren ipuin-bildumak, eta are gutxiago onak.

Ipuin-bilduma on guztiek bat-bateko eragina dute irakurleen baitan, irakurri ahala gupida gabe astindu eta alderik-alde zeharkatzen dituen indar magikoa nozitzen dute irakurleek. Horixe da ipuinen miraria, genero gutxik lor dezaketena. Bada, indar berezi hori sentitu ezean, nekez egon gaitezke ipuin on baten aurrean, noraezean sentitu behar da. Eiderren hamasei ipuinak irakurriko dituenak indar hori antzemango du, bai aurki. Eta antzeman zuten lehenengoetakoa Joseba Sarrionandia bera izan da. Sarrionandiak hitzaurre esanguratsua egin dio liburuari eta bertan literatura mamuen mundukoa dela ozen aldarrikatu digu, eta irakurleok gonbidatu ere egiten gaitu mamuen partera joatera literaturaren fikzioan murgiltzeko.

Literaturaren fikziozko ifrentzua izan liteke mamuen kastakoa Sarrionandiaren berbetan, halarik ere, errealitatearen beste aldea ez dateke Eiderren ipuinotan dabilen mamu bakarra. Arreta berebizikoa jarri behar zaie testuetan agertzen diren ausentziei eta gabeziei, ausentziak agertu ahal badira behintzat. Nire irudiko, hori da Eiderren ipuinen alderik interesgarriena, indar iradokitzaileez interesgarriagoa egiten digu lerroetatik haratago dagoen ipuinetako pertsonaien mundua, interesgarriagoa eta aldi berean irakurleentzat ezinbesteko ariketa istorioak osatzeko, erabat ulertzeko, esan bezala, askotan bakarrik iradokitzen den informazioan eraikita baitaude ipuin guztiak.

Ipuinok bata bestearengandik independenteak izan arren, elkarren segida diren Susana, gudaria eta poeta eta Zu eta Iban ipuinak salbu, badute loturarik ipuin guztiek. Kasu honetan lotura gaietan antzematen da. Barne mundua islatzen dute ipuinek. Bakardadeak, harreman galduek eta amodio ezak pertsonaiengan sortzen duten etsipena du kontagai Eiderrek. Euskal Herriko gatazka politikoari ere ez dio ihes egiten, baina bere ikuspegitik alderik intimoena erakusten digu, nola dauden uztartuta kanpoko eta barruko borrokak.

Emakumetasunaz jardun gabe, nagusi da emakumeen ahotsa, bakardadean eta egunerokotasunaren etsipenean bizi diren emakumeak. Bestalde, nabarmentzekoa da Eiderrek darabilen hizkera. Lirikatik hur-hurreko hizkera. Hizkera hau areago ederresten da sarri darabiltzan detaile zehaztuetan.

Eider Rodriguez: Eta handik gutxira gaur. Susa-2004. 158 orrialde. 12,50 euro.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_