Selecciona Edición
Conéctate
Selecciona Edición
Tamaño letra
Entrevista:IMANOL AZKUE | Lizardi Literatur lehiaketaren irabazlea | GAIAK

"Nahikoa lan daukat saria irabazi dudala sinesten"

Imanol Azkue zumaiarrak XXI. Lizardi Saria eskuratu berri du, Gaur egun handia da ipuinarekin. Elhuyar Aholkularitzan euskararen normalizazio lanetan aritzen den idazleak, ama hizkuntzarekin harreman berezia duela aitortzen du: "barru-barruko zerbait da". Kosta egiten zaio oraindik ere saria irabazi duela sinestea, eta are sinesgaitzago zaio, aldiz, bere izena Mariasun Landa, Bernardo Atxaga eta aurreko edizioetako gainontzeko irabazleen alboan ikustea. "Horiek urrutitik eta goitik behera ikusten ditut".

Galdera. Beti euskararekin zerikusia duten lanbideetan ibilia zara. Zein da hizkuntza honekin duzun harremana?

Erantzuna. Harreman estua dut euskararekin. Haurtzaroko hizkuntza bakarra, ikasketetakoa, lagunartekoa, lanekoa... Egunerokoa dut euskara. Euskara hizkuntza baino zerbait gehiago da, barru-barruko zerbait, gurekin batera daramaguna. Euskaldun egiten gaituena.

G. Orain ere hizkuntza aholkularitzan ari zara lanean. Zein da zure ustez euskararen osasuna?

E. Botila erdi hutsik edo erdi betea ikustea dago. Aurrerapauso handiak egin ditugu: administrazioan, irakaskuntzan... Baina ezin dira ahaztu azkenaldian euskarak izan dituen erasoak: Nafarroan erabat baztertuta eta gutxituta...Euskaraz hitz egiten dugunok oraindik ere gure herrian arrotz. Katea horretan, azkena Egunkaria ixtea da, adierazpen askatasunaren, euskaldunen eta euskararen aurkako erasoa....

G. Bestalde, literatura irakurtzea eta idaztea ere betidanik gustuko izan duzu. Zein liburu mota eta zein hizkuntzatan irakurtzen dituzu?

E. Euskaraz eta tarteka gaztelaniaz ere bai, ipuinak eta nobelak irakurtzen ditut batez ere. Baina gora-behera handiak izaten ditut, denbora librearen arabera, nahi baino denbora gutxiago izaten dut eta horretarako. Liburuak normalean liburutegitik hartzen ditut; joan, iritsi diren azkenekoak begiratu eta bat edo beste eramaten dut etxera. Askotan, ordea, begiratu ere egin gabe itzultzen ditut liburutegira...

G. Sari ugari irabazi duzu. Zergatik hasi zinen lehiaketetara zure lanak aurkezten?

E. Betidanik gustatu izan zait idaztea. Zumaiako Julene Azpeitiako Lehiaketan aurkeztu nuen lehenbiziko lana. Lehenengo lana bukatu eta saria irabazi nuen. Hori akuilua izan zen jarraitzeko. Harrezkero han hemenkako lehiaketetan hartu dut parte. Lehiaketek, berriz, neure buruari gogor egiteko balio dute, epe jakin baterako halako luzerako ipuina egin behar... Bestela, presio hori gabe, nekez bukatuko nituzke lanak...

G. Zer adierazi nahi izan duzu Gaur egun handia da ipuinarekin?

E. Uste dut titulua adierazgarria dela. Gaur egun handia da sari banaketako eguna delako. Ipuina bederatzi urteko ume batek kontatzen du. Aita, enpresa batean langile izateaz gain, idazle ere bada, eta ipuin batekin sari bat irabazi zuen. Orduan, umeak kontatzen du, bere begietatik, aita idazlea dela eta zer den idazle izatea, bere ustez zerk egiten duen aita idazle, eta kontatzen du goiz horretan, sari banaketako ekitaldira joan bitartean, zer egin duten. Neurri batean, familia arrunt baten erretratua ere bada.

G. Nola sortu zen ipuin honen ideia?

E. Lehenengo txispa nire ohiturek eman zidaten, noiz idazten dudan, nola... Iruditu zitzaidan nahikoa bitxia izango zela hori nire semearentzat, eta hortik abiatuta niri edo ingurukoei gertatutako anekdotak eta pasadizoak lotuta, pixkanaka istorioa gorpuztu egin zen.

G. Idaztean zuzendutakoaren gainean zuzentzen duen horietakoa al zara?

E. Bai. Idatzi, berridatzi, utzi denboraldi bat, berriz zuzendu... Etengabe. Ez naiz batere konformaerraza...

G. Sari hau Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Gerardo Markuleta eta Felipe Juaristi bezalako idazle ezagunek irabazi dute. Zure burua idazle kontsagratu hauen alboan ikusteak zer sentiarazten dizu?

E. Nahikoa lan badaukat saria irabazi dudala sinesten... Zuk esan dituzun horiek idazle idazleak dira. Guk horiei urrutitik eta behetik gora begiratzen diegu...

Haur eta gazteentzat

Haur eta gaztetxoei zuzenduriko ipuinak sustatzeko sortu zen Lizardi Saria 1983. urtean eta gaur egun arlo honetan egiten den garrantzitsuenetarikoa da. Lehen irabazlea Mariasun Landa izan zen Txan Fantasma izenburuko ipuinarekin. Hari jarraian, Bernardo Atxagak jaso zuen saria Sugeak txoriari begiratzen dionean lanarekin. XXI. edizioko irabazlea Imanol Azkue zumaiarra izatea erabaki du Anjel Lertxundik, Jesus Mari Olaizolak, Juan Cruz Igerabidek eta Karlos Zabalak osatzen duten epaimahaiak.

Antolatzaileen asmoa Xabier Lizardiren izena ezagutzera ematea ere bazen. "Zarauztarra izanik, haren izenarekin lehiaketa egiteko ideia indartuz joan zen, poetaren lana ere ezagutu zedin".

Gaztetxoengan irakurzaletasuna bultzatu asmoz sortu zuten lehiaketa. 2.400 euroko sariaz gain, ipuina argitaratzeko konpromisoa dute antolatzaileek. Zarauzko ikastetxeetan ipuinaren 2.300 ale banatuko dira doan.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 3 de marzo de 2003

Más información