_
_
_
_
Entrevista:JOSE LUIS LIZUNDIA | EUSKALTZAINDIKO IDAZKARIORDE-KUDEATZAILEA | GAIAK

'Euskal munduak erdaldunen artean oihartzun handigoa beharko luke'

Duela hirurogeita bi urte Iruñean jaio zen arren, Jose Luis Lizundiak bizkaitartzat du bere burua, izan ere Matienan eta Durangon igaro baititu bere bizitzako urte gehienak.

1969an hasi zen Euskaltzaindian lanean eta hiru urte geroago idazkariorde-kudeatzaile izendatu zuten, eta orain lan horretan dihardu. Politika munduan ere aritua da, Euskadiko Ezkerrako parlamentaria izan zen Jose Luis Lizundia eta kultura mundua ere ez du arrotza, Gerediaga elkarteko sortzailea ere badelako.

Euskal Herriak bizi duen egoera 'lazgarria' dela dio Jose Luis Lizundiak eta Euskaltzaindian duen bulegotik modu errealistaz mintzo da eta triunfalismoak alde batera utzi behar direlakoan dago, 'pazientziaz lan egiteko'.

'Nafarroako Parlamentuak erabaki zuen Nafarroan Euskara ofiziala izatea'

Galdera. Bizi dugun egoera politiko larria dela eta, euskara bera ez al dute gehiegi instrumentalizatu?

Erantzuna. Zoritxarrez beti gertatu izan da hori, beraz, ez da nobedadea. Gaur eguneko nobedadea da euskara bera gatazka politikoaren zurrunbiloan sartuta izatea. Hizkuntzaren zoritxarrerako arazo hau areagotu egin da eta nik ez dut batere atsegin gertatzen ari dena.

G. Azkenaldian Nafarroako Gobernuaren Hizkuntza Politika dela eta, Iruñean egon zineten, zein inpresiorekin atera zinen bilera haietatik?

E. Oso txosten interesgarriak irakurri ziren bilera haietan. Bistan jarri zuten Nafarroako azken gobernu hau inboluzio baten amildu dela, eta inboluzio hau Frankismoaren azken egunetakoa baino okerragoa dirudi. Nire ustez, egun bizi dugun egoera politiko lazgarria eta talmagarria dela eta etsai ahulei astindu bat emateko aprobetxatu du Nafarroako Gobernuak. Euskara, hizkuntza, da kasu honetan Nafarroako etsai ahula eta honi eman diote astindua, etsai politikoari edo ETAri eman beharrean. Bilera haietan aurkeztu ziren txosten ezberdinek Nafarroako euskalduntze prozesua geldiezina dela agertu zuten. Azken finean Nafarroako Gobernuak hartu duen bidea ez zaigu bide demokratikoa iruditzen. Nafar Gobernuak iruzur egin dio Nafar Parlamentuari. Parlamentuak Nafarroan euskara ofiziala izatea erabaki baitzuen bere garaian. Guzti hau ikaragarria iruditzen zait. Gainera, Euskaltzaindia ez da tribunaletara ezer eramateko instantzia, hau pentsatzeak erakundeari zer dagokion ez jakitea suposatzen du.

G. Susmatzen al zenuen duela hogei urte euskararen egoera egunekoa izatera heldu zitekeela?

E. Ni ez naiz igarlea eta ez nuen gaur eguneko egoera politikoa inondik inora imajinatzen. Banekien hala ere euskalduntzea ez zela goizetik gauera gauzatuko. Egia da euskalduntze prozesuak hobekuntza asko egin dituela baina pazientzia historikoa eduki behar da berrikuntza hauek behar bezala ikusteko. Beste kontu bat da nik abiadura handiago bat nahi izatea. Hala ere euskalduntzeak ezin du abiadura bera hartu Goierrin eta Erriberan.

G. Zeintzuk dira, zure ustez, euskalduntze politika eta plangintzaren bertute eta hutsuneak?

E. 1980.ean euskara hizkuntza ofiziala bihurtu zen eta 82ko azaroaren 14an Euskararen Legea onartu zen. Honek garai hartan prozesu ilusiogarri eta interesgarri bati ireki zizkion ateak. Batzuk ez dute prozesu hau onartu eta beste batzuk aldiz, balaztatzen ahalegindu dira. Egia esan, lehiaren aldetik inoiz baino aukera gehiago izan dugula uste dut. Batzuk presa gehiegi izan dute eta hizkuntzaren normalizazioa ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait. Finlandian 80 urte iraun zuen finlandieraren normalizazio prozesuak. Euskaldunoi pazientzia historikoa falta zaigula uste dut. Dena den, badaude normalizazio hau nahi ez dutenak. Euskara nahi dutenak, baina ondare historiko gisa, museo baten gordeta. Bi jokamolde hauen kontrajarrian beste batzuk ilusioarekin jarraitu dugu lanean, euskalduntze prozesua sendoa izan arren geldoa izan behar zuela garbi izanik.

G. Euskarak azken urteotan aldaketa pila somatu ditu, batua dela, euskalkiak direla?

E. Argi dago egoera soziolinguistikoa ez dagoela normalizatua. Araugintzari dagokionez aldiz, nik esango nuke gauza gutxi aldatu direla azken urteetan, sakabanatuta zeuden kontzeptuak bateratu dira. Egia da ikastoletan eta beste hainbat tokitan azkarregi sartu zela euskara batua eta badirudi orain jendea euskalkien behar izanaz ohartzen hasi dela. Eta herri hizkerak bere lekua behar du, beharrezkoa da. Batua eta euskalkiak ezberdinak dira, baina ez kontrajarriak. Antza denez euskalkiak modan daude berriz ere, eta desoreka bat sortzen ari dela uste dut. Euskara batua beharrezko erreminta da, bestela, nola arraio egingo genuke euskara ofizial bat? Guzti hau oreka kontu bat da eta ez zanbuluka ibili behar den zerbait.

G. Ikusten al duzu Euskal Telebista?

E. Bai, gustura gainera, baina baditu bere akatsak. Euskal Telebistari eztabaida gehiago eskatzen diot, eta ez eztabaida politikoa soilik. Eta gainera esango nuke euskal mundukoek gaztelerazko katean izan beharko luketela oihartzuna. Euskal munduak erdaldun hutsen munduan izan beharko luke oihartzuna, bestela batzuk ez dira ezertaz enteratzen, edo ez dute enteratu nahi.

G. Nola heldu zen Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiara?

E. 1969ean aurkeztu nintzen Euskaltzaindian. Gabriel Aresti eta biok postu berberarako aurkeztu ginen eta azkenean Arestik uko egin zuen eta niri eman zidan aukera.

G. Gerediaga elkarteko fundatzaile izan zinen. Zein bilakaera ikusi diozu Durangoko azokari? Eta euskal literaturaren ekoizpenari?

E. Durangoko azoka guztietan izan naiz eta 35 urteetan aldaketa handiak somatu ditut, hoberako guztiak. Baita euskal literaturan ere. Gaur literaturatik bizi diren euskal idazleak daude, duela urte batzuk pentsaezina zena. Honek ez du esan nahi Durangoko Andra Mariako kanpaiak jo behar ditugunik, idazle onak daude eta belaunaldi berriak datoz baina kautela izan behar dugu. Azokaren edukiaren aldetik, liburu kopuruen aldetik eta baita literatura eta kalitatearen aldetik ere aurrerapen handiak egin dira, baina ez zait gustatzen triunfalistegia izan. Guzti hau poztekoa da baina ez pozak asetzekoa.

G. Zein idazle atsegin dituzu?

E. Joan Mari Irigoienen azken liburua irakurtzen hasi naiz eta hor gelditu naiz. Oporretarako utzi ditut nobelak. Literatura gozamena da niretzat eta lasaitasunez irakurtzea gustatzen zait. Ramon Saizarbitoria ere izugarri gustatzen zait, Aingeru Epaltzaren azken eleberria ere etxean daukat, hasi gabe.

Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitza aurrean.
Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitza aurrean.LUIS ALBERTO GARCIA

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_