Parkeen jarraitasuna
Berandutu egin zitzaion eta salan sartu zenerako film berrien trailerrak botatzen ari ziren. Iluntasunean zeharkatu zuen alboko korredorea eta aurreneko ilaran eseri zen, betaurrekoak, tamalez, etxean ahaztu baitzituen. Hiriko ohe-denda ezagun baten iragarkia ikusten ari zela, atzera begiratu zuen eta une horretantxe soilik ohartu zen salan ez zegoela beste inor, bera izango zela film haren ikusle bakarra. Ordura arte erantzi gabeko berokia kendu eta ondoko eserleku batean utzi zuen. Filma ahalik eta erosoen ikustearren, zapaten lokarriak ere askatu zituen.Pantaila erraldoian parke eder baten irudia agertu zen lehendabizi. Zuhaitz berdez inguratutako bidexkatik bikote bat zihoan, paseoan beharbada. Bat-batean, kamerak jauzi bortitz bat egin zuen, zerutik orduan igarotzen ari zen hegazkin baten irudia harrapatzeko, eta behin han goian zegoela, pantailan hiriko eraikin altu eta modernoak islatu ziren. Segidan tituluak ikusi ahal izan zituen. Zuzendariaren izena irakurtzen ari zela, kamera parkeko bidexkara itzuli zen, jogging egiten ari zen kirolari baten eskuz, handik segundo batzuetara hasieran ikusitako bikote harekin gurutzatuko zena.
"Badakizu zer egin behar duzun, ez dizut berriro esango", zioen emakumeak. Bere ile-adats horiak aurpegia ezkutatzen zion alboetatik eta gainera betaurreko beltzak zeramatzan. Misterioa sortzeko modurik arruntena, pentsatu zuen ikusleak, bere eserlekuan posturaz aldatzen zen bitartean. Emakumearen ondoan zihoan gizonak, berriz, oso ile motza zeukan eta une horietan erretzen ari zen. Haren aurpegian kriminal baten ohiko ezaugarri eta arrastoak antzeman zitezkeen, hala nola ezkerreko masailatik ezpainetaraino hedatzen zen orbaina edota bekain iletsu eta juntuegien azpian distiratzen zuten begien kolore kezkagarria.
"Ezin dut hori egin, dena ondo aterako delako segurtasun osoa ez badut. Hegazkinarena begiratu duzu?", galdetu zuen gizonak. "Zenbat aldiz errepikatu behar dizut, atzo arratsaldean ziurtatu zidaten guztia. Zaude lasai. Dagokizuna besterik ez duzu egin behar. Horixe da falta zaigun gauza bakarra. Egin ezazu hori eta biok libre izango gara", zirikatzen zuen emakumeak. Artean ere ez zen garbi ulertzen zertaz ari ziren, baina giroagatik ikusleak nabari zezakeen negozio zikinen bat zegoela tartean, onerako seguruenik ez zena.
Bikoteak paseoan segitu zuen, emakumeak solasaldia ustekabean moztu zuen arte. "Hori egiteko gai ez bazara, zurea ez naiz sekula izango". Melodrama nekoso batean murgiltzen ari zelako susmoa gero eta indartsuagoa zen ikuslearen baitan. Baina orduan filmaren erritmoa hautsi zuen zerbait gertatu zen. Gizonak "itxoin ezazu hemen eserita", esan zion bat-batean, eta korrika aldendu zen parkeko bidexkatik. Berdegune hartatik atera zenean, automobilez betetako kale zabal bat zeharkatu behar izan zuen, kotxeen artetik igaroz. Zinema-salaren alboetan kokatuta zeuden bozgorailuetatik klaxonen zarata narritagarria heldu zen une horretan ikuslearen belarrietaraino.
Hiriko kale jendetsuetan barrena gizona dagoeneko motelago zihoan. Izkina batean ezkerretara jo eta gero, etxe ilun batean sartu zen. Atarian zegoen leihatilan zerbait eskatu eta segidan beste ate bat ireki zuen. Bere aurrean ia hutsik zegoen sala handi bat ikusi zuen, eta barrenean bere irudia islatzen zuen pantaila. Berokian zeraman labaina ateratzeaz bat lehenbiziko ilararaino hurbildu zen. Bere atzean beste gizaki baten arnasa sentitu zuenean, ordura arte lasai zegoen ikuslea asaldatu eta zutik jarri zen. Orbaindun gizona ikusi zuen bere aurrean. "Zer arraio da hau!", oihukatu zuen ikusleak. "Plagioa besterik ez da zuen istorioa, Julio Cortázari lapurtu diozuena!". Irribarre maltzurraz, ondoegi ulertu izan balio bezala, begiratu zion orbaindun gizonak. "Eta zer? Literatura ezagutzeak ez zaitu salbatuko", esaten ari zela, lepoa moztu zion kolpe arin eta neurtu batez. Polizia heldu zenean, pantaila handian parkeko eserleku huts baten irudi finkoa ikusi ahal zitekeen.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.