Selecciona Edición
Conéctate
Selecciona Edición
Tamaño letra

Euskal zinearen eguna Zinemaldian

"Aspaldi honetan ohitura bihurtu den bezala, Zinemaldiak Euskal Zineari eskainitako jardunaldi berezi bat babesten du, Euskal Herrian edo euskal zuzendariek egindako ikus-entzunezko ekoizpen berrienak erakusteko asmoz". Era honetan aurkezten du Zinemaldiak Principe aretoetan bihar ospatuko den Euskal Zinearen Eguna. IBAIAk (Euskal Ekoizleen Elkartea) eta EITBk antolatua, egun osoan zehar bost luzemetraia, hamar film labur, dokumental bat, bi making of, telefilm bat eta ETB-ren telesail berrien hiru atalez osaturiko egitaraua aurkeztuko da aurten. Ekitaldia Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez (1985) filmarekin hasiko da. Euskarazko eleberri baten lehen moldaketa izan zen hau, eta Anjel Lertxundik berak hartu zuen gidoia idatzi eta zuzentzeko ardura. Idazleak aurkeztuko du emanaldia. Jarraian, aurtengo aretoetara iritsi diren lau pelikula ikusi ahal izango ditugu: Lo mejor de cada casa (Antonio Garzón), Asfalto (Daniel Calparsoro), Ione, igo zerura (Joseba Salegi) eta Yoyes (Helena Taberna).

Hamar film laburrez gainera, Ana Díezek zuzenduriko La mafia en la Habana dokumentala; Pausoka ekoiztetxeak FORTArentzat eginiko Clara telefilma; Año Mariano eta Sabotaje filmen making of-ak; eta ETBk udan zehar grabaturiko Teilatupean, Platos sucios eta Campus telesailen lehen atalak erakusgai izango dira.

Euskal Zinearen Eguna bi sari bereziren banaketarekin amaituko da: Ibarretxe anaiek "ekoizpen independenteari" ematen zaion Ibaia Saria jasoko dute Sabotaje filmagatik, eta Juan Ruíz-Anchía argazki zuzendari bilbotarrak Ama Lur Saria jasoko du bere "ibilbide profesionalagatik".

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 25 de septiembre de 2000