_
_
_
_
_
Reportaje:

Arriskuaren eremua

GAIAKEuskal zinemagintza sustrai ahuleko landare zimur bat da: guztiz hiltzen ez dena, baina loreak ere nekez ematen dituena. Euskal zinearen kontzeptuak definizio ezberdin ugari du. Badira zinegilearen nortasun agirian jaioterri euskalduna izatearekin konformatzen direnak, euskal tempo zinematografiko baten esistentzia frogatzen saiatzen direnak eta erabilitako hizkuntzaren erabilerari garrantzi berezia ematen diotenak, diogunak. Guztiak dira baliagarriak eta guztiek dituzte euren kontraesanak. Beste arte guztietan bezalaxe, zazpigarrenean ere kontraesana eta kontzeptuen talka izaten da garapenaren oinarria.Nahiz eta euskal zinea definitzen asmatu ez, inork ezin du ukatu Euskal Herrian apenas egiten dela luzemetraiarik. Azken urteotan ekoizpenak ugaldu badira ere, gehienez bizpahiru izaten dira euskal zinearen zigilua eraman dezaketenak. Hala ere, panorama kaxkar honek betirako iraungo ez duen sentsazioa ez da itxaropen soilean geratzen. Eta itxaropen izpi hori urtero Euskal Herrian egiten diren laburmetraia ugariek dakartzate.

Laburmetraia da, gainera, izaeraz eta iraupenez, zine formaturik oinarrizkoena. Lumière anaien garaian eginiko lehendabiziko lanak laburmetraiak izan ziren. Gaur egun, 30 minutura iristen ez den film oro da laburmetraia bat. Gaur egun, luzemetrai baten ekoizpenak presio ugari jasan behar du, nagusiena ekonomikoa delarik. Urtero ekoizten den luzemetrai kopuruak gorantz egiten duen heinean, gero eta zailagoa da ekoizleek zine ezberdin eta esperimentalago bati ateak irekitzea. Garai batean ekoizten zen ia produkzio guztia banatu eta zine aretoetara iristen zen moduan, gaur egun ez da halakorik gertatzen. Konpetentzia handiagoa da eta honek komertzialtasuna bultzatzen du. Laburmetraiak zinea egiten ikasteko eta luzemetrai bat egitera hurbiltzen laguntzen duen pauso hori emateko balio izaten du. Baina, zinean arriskua eta esperimentazioaren bidea jorratzen dutenentzat ere formatu aproposa da. Laburmetraietan generoen uztarria ez da hain nabarmena izaten.

Askatasun honetan, film laburra genero bat dela esan genezake, etorkizuneko zinearen laborategi eta froga eremua. Laburmetraia ez da beraz luzemetraiaren anai txikia, anai laburra baizik.

Diru ezean, kemena

Aurrekontu dantza ugari ematen da laburmetraietan ere. 20 milioitik gorakoak ekoiztu izan dira (Tinieblas Gonzálezen The Raven eta Iñaki Elizalderen Lorca), baina ez da ohikoa. Sei kilo bitartekoak izaten dira gehienak.

Zinean beharrezkoak izaten diren diru kopuruekin nola da posible aurrekontu xume hauekin laburmetraiak egitea? Pare bat film laburren ekoizpenean eskarmentua duen Marian Fernández Pascalek badu azalpenik. "Diru falta kemena eta ilusioarekin betetzen dugu. Gehienetan, film hauetan parte hartzen duten ekipo artistiko eta teknikoek ez dute kobratzen. Jendeak lana eta ilusioa jartzen du gisa honetako proiektuetan. Zergatia? Arrazoi asko egon daitezke, baina askotan laburmetraietan askatasun handiagoaz jokatzen denez, bai aktore eta teknikoek, esperimentatzeko eta erregistro berriak frogatzeko aukera izaten dute".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Askotan, hala ere, lan eta ilusio guzti honek arazoak izaten ditu banaketa eta erakusketa aproposak topatzerako orduan. Laburmetraien jaialdien ugaltzea nabarmena izan bada ere, hauetaz kanpo zaila izaten da laburmetraiak ikusi ahal izatea. Zine klub askok lan polita egiten du laburmetraien zabalkundean, baina lehen aipatu konpetentzia eta komertzialtasun arazoengatik, duela hamarkada pare bat ez bezala, zaila da gaur egun laburmetraiak zine aretoetan ikustea.

Horrexegatik, aipagarria da azken hiru urteetan Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak martxan jarritako ekimena. Kimuak laburmetraia katalogoari esker hemen egiten diren laburmetraiak Euskal Herrian bertan eta gure mugetatik kanpo ikusiak izan daitezen aukera izaten da. Katalogoa aukeratutako laburmetraiak biltzen dituen bideoak, film bakoitzaren afixek, sinopsi, datu eta argazkiek osatzen dute. Euskal zinearen landare zimelari kimu batzuk ateratzen zaizkiola dirudi. Itxaropen lilurak, hala ere, ezin gaitu itsutu. Ureztatzen eta zaintzen ez badugu, berehala lehortuko zaizkigu kimu berriak.

Munduak euskaraz eginiko zinea ezagutzea ere merezi du

Euskaraz zinea egin daitekeela frogatua dago. Urtero gorantz egiten du gure hizkuntza den honetan filmaturiko laburmetraien kopuruak. Hala ere, esfortzu hutsala da euskaraz filmak egitea gero pelikula hauek jendearengana iristeko inolako biderik ez bada jorratzen behintzat. Banaketa eta promozioa ezinbestekoak diren jarduera honetan bera den bezalako plangintza bat beharrezkoa da. Gogora datorkit urte pare batez Zarautzen antolatu zen Eremuak zinemaldia. Bertan, mundu osoko eremu urriko eta gutxiengoen hizkuntzetan eginiko filmak ikusteko parada izateaz gain, gure hizkuntzan eginiko lanek bazuten merezitako duintasun eta traturik.

Baina, bistan denez, Eusko Jaurlaritzako arlo honetako arduradunek bere garaian nahiago izan zuten Donostiako Nazioarteko Zinemaldi glamurosoa laguntzea, Eremuak bezalako zinemaldi bat behar bezala antolatzea baino. Gaur egun, entretenimenduaren industriak inposatzen duen globalizazioari aurre egiteko ezinbestekoa da nolabaiteko erresistentzia kreatibo bat mantentzea. Bide honetan, hizkuntzak badu zeresanik. Zineak berez izaera unibertsala badu ere, hizkuntza ezberdinek zazpigarren artea aberasteko armak izan daitezke.

Oparoa den uzta

Zinea berez hizkuntza mota bat izanik, ez du hitzen eta gramatikaren beharrik izaten istorio bat kontatzeko. Zinea euskaraz egitea ez da helburu politikoan bilakatu behar, baizik eta errealitate baten normalizazioaren eredu. Herrialde ezberdinen zinea gurera iristen den moduan, gureak mundura zabaltzea ere merezi du.

Arrazoi honengatik dira hain garrantzitsuak azken urteetan euskaraz egin diren laburmetraiak. Folklorikotasunaren muga hautsi eta inguruko errealitate ezberdinak naturaltasunez eta ikuspuntu ezberdinez jorratzen jakin izan dutelako.

Begoña Vicario-ren lan esperimental ezberdinek arrakasta eta sariak jaso dituzte nazioarte mailan, Asier Altuna eta Telmo Esnal-en Txotx eta 40 ezetz filme laburren ekoizpen eta zuzendaritza lan finak ikuslego eta kritikaren oniritzia izan dute, Ondarruko Ole produkziñoak-eko jendeak Anabasa Eremua eta Securitas Angelorum lanekin zinea herri mailan eta ilusioz egin daitekeela frogatu dute, Koldo Almandozen A Dar Ba Kar eta Razielen Itzulera filmek ere gai unibertsalak euskaraz eta modu original batean kontatu daitezkeela frogatzen dute eta Beatriz de la Vegaren Sarabe laburrak ere, azkenik, euskalki nafarren berri ematen jakin izan du.

Azken finean, asmatzaile lana oso gustuko izan ez arren, epe ertainean euskaraz eginiko zineak aurrerapauso handia emango duela ez dela asmo hutsean geratuko dirudi. Euskaraz eginiko zineak badu, beraz, esperantzarako arrazoirik.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_