Euskalkiak hizpide
Euskaltzaindiak euskara batua sortzea erabaki zuen 1968. urte hartatik asko aldatu dira gauzak. Hizkuntzak normalizazio bidean pauso garrantzitsuak eman ditu eta momentu honetan euskalkien inguruan lasaitasunez hitz egin daiteke, garai batean sortutako eztabaidak alde batera utzita.Batzuen ustez, euskara batua idatziz erabiltzeko egokiagoa da eta euskalkiak, aldiz, hitz egiteko aproposagoak, gertutasuna transmititzen duten heinean. Baina Autonomi Erkidego mailan aritzen diren komunikabideek, oro har, batua hartzen dute eredu nagusitzat. Aitzitik, aldizkari, irrati edota telebista lokalak edo lurraldekoak dira gaur egun euskalkien erabiltzaile nagusiak, etxe eta kalean hitz egiten denaz gainera.
Euskal Telebistako euskara arduraduna den Asier Larrinagak komunikabide publiko honetan euskalkien inguruko arau konkreturik ez dagoela azaltzen du. "ETBk egiten dituen gauzen artean mota ezberdinetako produktuak bereiz daitezke. Alde batetik, kanpotik etorri eta hemen bikoizten dena dago, beti batuaz egiten dena". Bestetik, albistegiak kate publikoaren beste lan atal handia dira eta hauek ere batuaz egiten dira. Eta bukatzeko, barne produkzioa deritzona dago, "etxeak berak egindako programak. Hor ere, berez, batuaz egiteko joera dago. Gure ustez, denentzako produktua egiten dugunez, euskara batuan egin behar dugu". Saioetara doan jendeari dagokiona da askatasun handien agertzen duen esparrua Larrinagaren esanetan, norbera erosoen dabilen euskaran mintza daitekeelarik inongo traba edo mugarik gabe. "Azken finean, kontua bakoitzak esateko duena modu hoberenean komunikatzea da, eta hori ondo zure etxeko euskaran egiten baduzu, aurrera".
Ikuslegoaren nahia
Ikuslegoak nahiago lukeenaren inguruan datu zehatzak jasotzea zaila izaten da, dena den. "Normalean jendeak egokiena euskara jasoa erabiltzea dela pentsatzen du. Azken batean, prestigioa duen euskara hori da, eta telebista komunikabide den aldetik, jendeak nahi duena hor erabiltzen den euskara prestigiozkoa izatea da", dio ETBko euskara arduradunak. Ezberdinak dira iritziak gauza konkretuei buruz galde egiten hasiz gero, ordea. "Bakoitzak norberaren euskalkitik hurbilen dagoena hobeto ulertzen duela argi geratzen da. Datuetan, beraz, nolabaiteko kontraesana antzeman daiteke".
Hamarkada osoa darama Ibaizabal argitaletxeak bere lanak batuaz eta bizkaieraz kaleratzen. Bertako literatura arduraduna den Eukene Herrerak bitara argitaratzearen arrazoiak azaltzen ditu. "Argitaletxea sortu zuenean bizkaieraz baino ez genuen argitaratzen, baina 90ean batuaz ere lanean hastea erabaki genuen", dio Herrerak.
Honen zergatia bikoitza izan zen. Batetik, edozein euskalkiri ematen zioten garrantzia. "Euskaraz gehiago jabetzeko edo aberatsagoa izateko, hasieran bakoitzak bere euskalkia ondo ezagutu eta menperatu behar du. Horretarako, umeek etxean erabiltzen duten hurbileko hizkuntzan aritzeko aukera izatea inportantea zela iritzi genuen". Bestetik, hori menperatuz gero, ondoren euskara batura zabaltzea errazagoa izango zela uste zuten argitaletxeko arduradunek, eta ondorioa euskalkiaren aberastasunaz gain, "batuarentzako ere ona dela uste dut".
Ibaizabalera iristen diren lanak bai batuaz eta baita bizkaieraz ere idatzita daude, bestera moldatzeko ardura argitaletxe berak hartzen duelarik. "Idazle gipuzkoarrak dira jatorriz batik bat batuaz aritzen direnak, eta bizkaierara moldatuko ditugula jakiten dutenean denok ontzat hartzen dute. Ados daude euskalkiak lantzea aberasgarria denaren iritziarekin", gaineratzen du Herrerak.
1973. urteaz geroztik bizkaiera hutsean emititzen du gaur Bizkaia Irratiak deritzonak. Jaio zenean Euskaltzaindiak batua sortzeko hartutako erabakia oraindik bero zegoen eta Bilbo Herri Irratiak, hura baitzen orduko katea, euskal programazioa bizkaieraz egiteari ekin zion. "Zein euskara mota erabili planteatu zenean euskalkira jo genuen", azaltzen du Juan Mari Iraolagoitiak, Bizkaia Irratiko zuzendariak. "Garaian, Loiola Herri Irratia asko sartzen zen Bizkaian, ez zegoen gaur bezalako uhinen saturaziorik. Gipuzkerazko eskaintza bazegoenez, hura osatzeko bizkaierazkoa emango genuela erabaki genuen". Geroago Euskadi Irratia sortu zenean, besteekin batera panorama osatzera etorri zela irizten dio Iraolagoitiak.
"Gaur euskalkien aldeko giroa dago erabat. Ikusten da bere premia dagoela, ez bakarrik bizkaierarena, zaindu egin behar dira batua bera zaintzeko". Egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia Fakultateak duela bi urte eta erdi egindako inkestaren arabera 31.000 entzule ditu Bizkaia Irratiak. "Izan ere, Bizkaitik Bizkaia osora euskara hutsean emititzen duen irrati bakarra gara gaur egun".
Bizkaieraz aritzearen bi ezaugarriak bakar batean batzen direla dio Iraolagoitiak: hurbiltasuna. "Guk hurbiltasun geografiko bat badaukagu, baina horretaz gainera euskara beraren hurbiltasuna dago. Guk erabiltzen dugun euskara bizkaiera batua dela esan liteke, eta hori dudarik ez dago hurbilagoa dela bizkaitar batentzat, batez ere euskaldun zaharra den batentzat". Azken finean, hizkuntzaren balio garrantzitsuena komunikatzeko erraztasuna ematea dela dio Bizkaia Irratiko zuzendariak, eta euskalkiarekin hori erabat lortzen dutela.
Etxekoa ere ona
Autonomi Erkidego mailan aritzen diren komunikabideek euskalkiei eman beharreko leku egokia aztertzeke dagoen zerbait dela ikusten du Iraolagoitiak. "Askotan, telebista edo irratira doan pertsona batek, gauzak hobeto egin nahian, erabiltzen duen euskalkia alde batera utzi eta batuaz aritzen saiatzen da, baina emaitza ezer ulertzen ez zaiola da, eta berak ere gaizki pasatzen duela, lotsatuta".
Gakoa bakoitzak erabiltzen duenari balioa ematen jakitean datza, euskalkiak naturaltasun osoz hartzen hastea, hain zuzen. Honi dagokionean, Bizkaia Irratiak eta bere antzeko beste komunikabideek etxeko euskaratik euskara baturako zubi lana egiten dutela irizten dio hedabide honen zuzendariak. "Irratian bertan egindako mahainguru batzuetan parte hartutako entzule askok eskerrak eman zizkiguten eurek hitz egiten zuten euskara ere ona zela sentitu arazi genielako".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.