_
_
_
_
_
FERNANDO PLAZAOLAEKAIA ALDIZKARIAREN ZUZENDARIA

Euskararen Nazioarteko Eguna, 50 urte geroago

Eremu Urriko Hizkuntzei Buruzko Biltzarraren zazpigarren edizio honetan gaurko amaiera ekitaldiak Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du. Estreinakoz, duela 50 urte antolatu zen abenduaren hiruan euskararen aldeko jardunaldi hau. Eusko Ikaskuntzak eginiko deiaren ondorioz ospatu zen, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan hainbat ekitaldi antolatu zelarik. Besteak beste, Argentina, Uruguay, Txile, Venezuela, Mexiko eta Estatu Batuetan ere euskararen aldeko ekitaldiak burutu zituzten.Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburu ordea den Josune Ariztondok biltzar honen aurkezpen egunean adierazi zuenez, atzerrian dauden euskal elkarteen eskakizunari erantzunez hartu da Euskararen Nazioarteko Egunari berrekiteko erabakia, zentzu honetan euskararen alde urtero lan egitearen aldeko konpromezua hartu dutelarik bai Eusko Jaurlaritzak eta baita Euskaltzaindiak ere.

"Euskarak ere nazioarteko egun bat behar duela ohartu gara", adierazi du Ariztondok, ondorioz "ekitaldi xume baina duina" antolatu nahi izan delarik. Batetik, Katalin Totorikaguenak eta Jesús Eguzkik euskarari buruz idatzitako hainbat testu irakurriko dituzte. Bestetik, Kepa Junkera musikariaren emanaldia izango da. Bi ekitaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian burutuko dira, arratsaldeko zazpietan hasita.

Eremu urriko hizkuntzen biltzarretik kanpo, Euskararen Nazioarteko Egunaren ondorioz ez da ekintza nagusirik antolatu. Ildo honetan, Euskal Autonomia Elkargoko hiru hiriburuetako udalek ez dute ekitaldi berezirik antolatu. Getxon, aitzitik, ekitaldiz gainezka egon den asteari amaiera emanaz -Egaña, Lizaso edota Jon Sarasuaren bertso saioak, Andy Warholen erakusketa eta zinea, besteak beste-, Natxo de Felipek gidatzen duen Oskorri taldearen emanaldia iragartzen da gaur arratsalderako (Fadurako pilotalekua, 21.00).

Biltzarraren azken jardunaldia

Asteazkenean hasi zen Eremu Urriko Hizkuntzei Buruzko VII. Nazioarteko Biltzarrak gaur itxiko ditu ateak. Guztira, 400 bat lagun inguruk hartu du parte biltzar honetan; tartean, bost kontinenteetatik etorritako 46 aditu nabarmendu daitezkeelarik.Amaiera ekitaldia arratsaldeko ordu bietan hasiko da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan, Mari Carmen Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, eta Pello Salaburu, EHUko Errektorea izango dira.

Ordu erdi lehenago, berriz, biltzar honen aurtengo edizioak utzi dituen ondorioak jakinaraziko dira. Ardura hori Josune Ariztondo, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Richard Bourhis, Batzorde Akademikoaren buruak izango dute.

Goizeko lehen ordutik, azkenik, azken hitzaldiak burutuko dira. Lehen-lehenik, Eusko Jaurlaritzako Ikerketa eta Informaziorako zuzendaria den Xabier Aizpuruak Euskara: bizirik irautetik biziberritzera izenburu duen hitzaldia emango du. Jarraian, Quebec-eko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia den Jean-Claude Corbeil-ek Kanadako herrialde honetan frantsesak bizi duen egoera aztertuko du, hizkuntza honen eta ingelesaren arteko harremanari tarte berezia eskainiz (Kanada eta Estatu Batuen eraginez ingelesak gero eta indar handiagoa du Quebec-en). Gainera, etorkinen kopurua kontutan hartuta, Quebec-eko gizartean etorkin hauek integratzeko hartu izan diren neurrien berri emango du Corbeil-ek. Amaitzeko, besteak beste, Alsaziako egoera hizpide izango duen Alain Lauffenburger maisuak burutuko du gaurko azken jardunaldia.

Eremu Urriko Hizkuntzei Buruzko Nazioarteko Biltzarrak hiru urtetik behin antolatzen dira, estreinakoz Eskoziako Glasgow-en egin zelarik. Jarraian, Gales, Finlandia, Frisia eta Polonia bezalako herrialdeetan antolatu izan dira biltzar hauek.

Hizkuntza txikiek dute hitza

Euskalduna Jauregiak Babelgo dorrearen antza hartu du egunotan. Turismo gidetan eta autoak alokatzen dituzten agentzietako liburusketan agertzen ez diren hizkuntzek hitza hartu dute: okzitaniera, galesera, katalana eta euskarak, besteak beste. Itsasertzearen ondoan dagoen eraikin dotorean nahasketa bitxia sortu da: burua itxuraz beste dimentsio batean duten ikertzaile-adituak; hizkuntzaren inguruko azken berrikuntzen berri jaso nahian etorritako irakasle, funtzionario eta liburuzainak; eta gobernu-ordezkariak.Aditu guztiak bat datoz hizkuntza guztietarako balio duen diagnostiko edo politika zehatzik ez dagoela esaterakoan; hala ere, beste herrialde batzuek bultzatu dituzten politika eta esperientzien berri izatearen beharra nabarmentzen dute. Horixe da, hain zuzen ere, Eremun Urriko Hizkuntzen Biltzarra bezalako jardunaldiak antolatzeko arrazoi nagusia.

Euskara eta Quebeceko komunitate frantsesa arlo honetan egun munduan dauden erreferentziarik nagusienetako bi dira. Hori dela eta lankidetza hitzarmena izenpetzea erabaki dute Eusko Jaurlaritza eta Quebeceko gobernuak. Akordioak bi esparrutan izango du eragina: toponimia eta lan mundua. Josune Ariztondo Hizkuntza Politikarako sailburuordearen iritziz, "edozein politikagintza bezalaxe norbere buruari begira egotea ez da ona; beste leku batzuetan egiten dena ikustea garrantzitsua da, besteen aurrean zure burua aurkezten duzunean egiten ari zarenaren azterketa sakona egin behar duzulako".

Bi erakundeen arteko elkarlana, ordea, ez da biltzar honetan hasi. Akordioak harrapatzen dituen gaiei dagokienez, toponimiari buruzko aurretxostena prestatu dute dagoeneko eta adituentzako mintegi berezia antolatuko dute 2000. urteko udaberrian Euskadin.

Bestalde, lan munduaren hizkuntza normalizazioari buruzko mintegia egingo da Quebecen. "Han badira hainbat kontu guri interesatzen zaizkigunak", azaldu du Ariztondok, "hainbat enpresa ikusiko ditugu eta han prestatuko dute hemen egingo den mintegi zabalago bat. Bertan egongo dira lan munduaren hizkuntza normalizazioan lanean ari diren hainbat enpresa". Arlo honek berebiziko garrantzia duela deritzo Jean-Claude Corbeil, Quebeceko Hizkuntza Politikarako ministrordeak. Bere ustez, hizkuntzaren biziraupena bermatzeko ezinbestekoa da "gizartea eta ekonomian erabilpen-esparru zabala izatea". "Erronka nagusia", dio Corbeilek, "hizkuntza horiek ekonomiarekin lotutako esparrua konkistatu edo berreskuratzea da; hau da, erabiltzen duzun hizkuntza ez badizu balio bizimodua ateratzeko, garapen soziala lortzeko, hori guztia ematen dizun beste hizkuntza erabiltzeko joera izango duzu". Ildo horretan, informazioarekin eta telekomunikazioekin erlazionaturiko teknologien garrantzia nabarmentzen du, "ez berez duten garrantziagatik, baizik eta ekonomian duten pisuarengatik".

Dena den, euskarak orokorrean eta Quebecen frantsesak bizi duten egoerak "guztiz bestelakoak" dira. "Munduan milioika lagunek erabiltzen dute frantsesa", azaldu du Corbeilek. "Nazioarteko komunitate indartsu bateko kide izateak eragina du negozioetan eta enpresa munduan", dio.

Beste desberdintasun garrantzitsu bat hizkuntzari dagokionez alderdi politikoen artean dagoen kontsentsu maila da, askoz altuagoa baita Quebecen Euskal Herrian baino. Hala ere, bere hizkuntzaren iraupena arriskuan ipintzen duten "mehatxuak" daudela dio Jean-Claude Corbeilek, batez ere "ingelesa bezalako hizkuntza batekin batera bizi behar izatea".

Habermasen malenkonia

ESTEBAN ANTXUSTEGI

Gaur egun Europan filosofo entzutetsurik baldin bada, hori Jürgen Habermas (Düsseldorf, 1929) dugu. Izan ere, gizon hau emankorra da benetan, kantitatez (urteak joan eta urteak etorri, bere liburu eta artikulu burutsuen iturria agortezina dirudi) zein kalitatez (egungo teoria-eraikitzaile interesgarrienetarikoa dugu). Habermasek egungo gizarteak -bilakaera industrial, ekonomiko, zientifiko edo teknologikoa dela medio- jasan dituen aldaketa nabarmenak aztertzen ditu, bizimoldean zein pentsatzeko eran, politikan nahiz moral arloan. Gaurko gizarte kapitalistan nagusi diren zapalkuntza sozial, kultural eta politikoak salatzeari ekiten dio, horretarako Max Weber eta Frankfurteko Eskolakoen ereduak jarraituz.

Weber-en ustez, kapitalismoaren berezitasuna antolaketa arrazionalaren menpean gero eta esparru gehiago barneratzean datza, lanaren arlotik hasi, egitura sozialekin jarraitu (politika, zuzenbidea, hirigintza, e.a.) eta komunikaziora ere helduz. Kapitalismoaren berritasun hau, Weber-en hitzak erabiliz, "helburuei dagokion razionalitatean" oinarritzen da. Frankfurteko Eskolakoen arabera (Horkheimer, Adorno, Marcuse), arlo guztien "razionalizatze" hau "ezkutuko menderakuntza politiko" hutsa besterik ez da, gizartean zientziak eta teknikak izandako hedapenean gauzatzen dena, zabalkuntza horren bidez bere logika funtzionala eta menperatzailea legitimatzea lortzen baitu.

Gizarte aurreratuetako bizimolde, gizarte eta produkzio-harreman modua arrazionaltzat jotzen denean, gainera, hau esan nahi da: arrazionaltasun hau gauzatu ahal izateko nahitaezkotzat hartzen dela "antolamendu teknikoa"; are gehiago, antolamendu honetatik kanpo gauzatzen den oro irrazionaltzat jotzen da. Kontua zera da: arrazionaltasun zientifiko-tekniko hau zapaltzailea gertatu dela gizakiarentzat, tirania berria sortu baitu: gero eta gauza gehiago edukitzeko, aisialdia areagotzeko, e.a., lan gehiago egin eta gehiago produzitu beharrean aurkitu gara.

Habermasek jarduera sozialean bi sail bereiztuko ditu. Bati ekintza komunikatiboarena edo elkarrekintzarena deituko dio, hau da, "giza bizitzaren mundua", gizakiak bizitza, gizartea eta bere nortasunari zentzua eman eta beste gizakiekin ulertzeko duen esparrua. Beste saila ekintza instrumentala eta estrategikoarena da, lanarena, beste hitzetan. Lana, beraz, "helburu bat eskuratzera zuzenduta dagoen ekintza" litzateke, eta bi zatitan banatua legoke: lehena, ekintza instrumentala (bertan ekintza tekniko eta zientifikoak biltzen dira, tresna baten erabilpenetik hasi eta ekoizpen edo ikerketa-metodoetaraino) eta, bigarrena, ekintza estrategikoa (berau, hautaketa arrazionala izaki, jakintza analitiko batean oinarrituko litzateke; esaterako, merkatuan ezartzeko ekitaldi-plan bat aukeratzea).

Habermasen ustez arazoa ez dago zientzia eta teknika-mota berria bilatzean, zientzia-teknika eta gizartearen arteko harreman berria aurkitzean baizik; edo, hobeto esanda, zientzia-teknika eta politika edo moraltasunaren arteko erlazio berria ezartzean. Funtsean, gizarte kapitalista aurreratuetan gertatzen den desoreka salatzen du, razionalitasun estrategiko-instrumentala deiturikoak razionalitasun komunikatiboa menpean hartu duela adieraziz. Egoera honen aurrean, eta Frankfurtekoen teoria kritikoaren ezaugarriak gidaritzat hartuz, Habermasek bere malenkonia demokratikoa agertzen du, gizarte gizatiarragoa, zuzenagoa, libreagoa eta arrazionalagoa eragingo duen razionalitate praktikoa (politiko-morala) bultzatzearen lehentasuna aldarrikatuz. Horretarako, nahitaezkoa da herritarrek gizartean bultzatu behar diren gogoetetan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea. Tamalez, Ongizate-Estatuaren paternalismoarekin, besteak beste, mendebaldeko sistema politikoek apenas bete dituzte Rousseauk Estatu modernoei iragartzen zizkien gaitasun demokratikoak, herritarren adore demokratikoak otzandu egin baitira.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

"Ikerlari gazteekin gastaturiko dirutza kale gorrian geratzen ari da"

Ekaia aldizkariak zientzia eta gizartearen artean dibulgazioaren zubia eraikitzeko asmoz argitaratzen da. Haren helburuen artean esparru zientifikoan euskararen estandarizazioa bultzatzea eta testuliburuen osagarriak izango diren materialak eskaintzea daude. Bi etapa izan ditu aldizkariak: lehenengoa, 1989an jaio eta urte berean desagertu arteko epea, eta bestea, 94ko bigarren jaiotza, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzi Fakultateko irakasle batzuen eskutik. Fernando Plazaola katedradunak zuzentzen du aldizkaria, EHUko kanpus desberdinetako eta beste Unibertsitate eta ikerketa zentroko doktore eta adituen laguntzarekin. Haren orrietatik Euskal Herriko eta kanpoko lehen mailako ikerlariak pasatzen dira, Urtzi Jauregi bezala, Europan sarituriko artikulua Ekaian ere argitaratu zena.Galdera. Zientzia eta euskara bikoa ez al da oso koktel gogorra?

Erantzuna. Antzinatik dator gaindituriko mito hori. Gogoan dut joan den irailean EHUko kanpus desberdinetako katedradun batzuk Errektorearekin bildu ginela, eta bertan, euskararen irakaskuntzari buruz eztabaidatzen ari ginen. Orduan, Fisikako katedradun erdaldun batek Errektoreari esan zion azken urte hauetan Fisikako lizentziaturako bigarren zikloaren ikasle hoberenetarikoak euskarazko lerrotik datozela.

G. Euskal Herrian Elhuyar dugula Zientziaren komunikazioaren eredu gisa esan genezake. Testuinguru horretan, nola moldatzen da Ekaia?

E. Elhuyarrekin komunikazioa oso ona da. Gainera, Ekaia sortu zenetik argi geratu zen Elhuyarrek betetzen ez duen hutsune bat betetzeko sortu zela, eta hor dihardugu. Gizarte osoari zabalduriko dibulgazio zientifikoaren esparruan beste erakunderik ez dago, ez gazteleraz ez euskaraz.

G. Nola ikusten duzu Euskal Herriko Zientzia eta Teknologiaren egoera?

E. Lehenik esango nuke egoera azken urte hauetan asko hobetu dela, baina hala ere, asko hobetu behar duela gure inguruko beste zenbait estatuen mailara iristeko. Nire ustez larriena da ikerketa eta garapenean ez dela behar bezain beste ikerketa egiten, eta industria eta unibertsitateen arteko lotura gutxi dagoela. Guzti honetan Eusko Jaurlaritzak asko lagundu du, inoiz ez bezalako curriculumeko doktoreak diren ikerlari gazteak ditugu. Baina Eusko Jaurlaritzak babestutako ikerketa zentroek berrikuntza proiektuetarako oso aproposak izan daitezkeen doktore gazte horiek ez dituzte kontratatzen, eta beraiekin gastaturiko dirutza kale gorrian geratzen ari dira. Nire ustez, ikerketa aplikatuko zentro horiek unibertsitate eta enpresen arteko zubi izan beharko lirateke, Euskal Herriko enpresa txiki eta ertainek etorkizun oparoa izan dezaten.

G. Laguntza ekonomikoak ezinbestekoak dira Ekaia bezalako komunikabideak bizi daitezen?

E. Argi dago gurea bezalako aldizkari batek diru laguntzak behar dituela. Hala ere, gazteleraz idatzitako gurearen antzekoek ere laguntza ofizialak behar dituzte aurrera jarraitzeko. Beste gauza desberdina da Elhuyarrena, irakurlego zabal bati zuzenduta eta produktu oso erakargarria egiten dutenez beraien kaxa aurrera baitoaz.

G. Euskaltzaindiak euskara zaintzen du. Eta zientziaren arloan erabiltzen den euskaraz nor arduratzen da?

E. Euskaltzaindiak arauak ematen ditu, baina ez guk nahi bezain arin. Arautegi normalizatua osatzeko oraindik asko falta dela esango nuke. Horregatik, Ekaia aldizkariko ale bakoitzean, eztabaidagai, edo erabiltzerako orduan zalantzak sortzen dituen gairen bati buruzko artikulu bat argitaratzen da.

G. Zientziaren hizkuntza ingelesa da. Beraz, non geratzen dira euskara bezalako eremu urriko hizkuntzak?

E. Bai, hala da, egun, zientzialari batek ingelesa ez badaki hankamotz dago. Baina honek ez du esan nahi laborategietan ingelesez egiten denik soilik. Hau kontutan hartzeko, ondo ezagutzen dudan Finlandiaren kasua datorkit burura, duela 50 urte suomieraz berba egiten zuen biztanleria basoan zegoela esan genezake, eta unibertsitateetan suedieraz irakasten zen. Gaur egun, berriz, unibertsitateko ikasle guztiek ingelesa menperatzen dute baina gehienek suomieraz ikasten dute. Gainera, gaur egun zenbait ikerkuntza arlotan ere suomiko taldeak punta-puntakoak dira, adibiderik ezagunena Nokia multinazionalarena delarik. Hizkuntza batek aurrera joan nahi badu, derrigorrez berrikuntza guzti-guztietara zabalik egon behar du.

G. Zuk zuzentzen duzun aldizkariaren inguruan, anekdotaren bat konta dezakezu?

E. Bai, burura datorkit niri gertatutakoa. Kataluniako unibertsitate bateko irakasle batek Ekaiaren harpideduna izateko eskaera egin zidan. Horrek harritu ninduen, baina bereziki harritu ninduena bere izenaren iniziala eta abizena oposaketako epaimahaikide batenaren berdinak zirela izan zen. Oposaketa amaitu eta gero bera ote zen galde egin nion. Ezetz esan zidan, baina bere anai matematikariarena izango zela esan zidan. Gero jakin nuen irakaskuntzan oso interesgarriak suerta zitezkeen matematikei buruz idatzitako artikulu batzuen ondorioz oso interesatuta zegoela.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_