Kultura eta genetikaz IVÁN IGARTUA
Zenbat eta zabalago izan gaia, orduan eta zailago eta korapilatsuago izan ohi dira hari ematen zaizkion definizioak. Arrazoi horrengatik ere izaten dira azken hauek beste kasuetan baino ugariagoak. Kultura hitzaren esanahia argitzen saiatzen diren hainbat eta hainbat definizio aurki ditzake edozeinek, horietatik batzuk zuzenean definizio bezala aurkezten direnak, beste batzuk, aldiz, sasi definizio izatera ere heltzen ez direnak -azalpenaren bila ez dabiltzalako, edo, alderantziz, horren bila dabiltzan arren-. Kultura duen pertsonak, A. Carpentier idazleak zioenez, ia oharkabean egiten du jauzi gai batetik bestera, aipatutako edo gogoratutako zerbaitek berehala dakarkiolako beste gai baten oroitzapena. Azalpen saio honetan -eta adibide bat besterik ez da- gizabanakoari lotzen zaio kulturaren edukia. Baina ez da hau, ez eta gutxiago ere, kulturaren esanahia adierazteko aukeratu izan den ikuspegi bakarra. Kultura hitzaren bitartez J.A. Maravall-ek gizarte eta garai oso baten bilakaera soziologikoari izena eman zion barrokoari buruzko bere lan ospetsu bezain sakonean. Oso bestelako zentzu batean ulertu behar baldin bada ere kulturaren esanahia, gure artean ez dakit nongo kolektibotasunaren aztarna sumatzen den errazago (eta maizegi) hitz honen egungo erabilera gehientsuenetan. Baina nahiz eta erabilera izan, hain zuzen, hitzaren esanahia zehazten duen irizpidea (L. Wittgenstein-en arabera behintzat), "gure kultura" edo "gure herriaren kultura" espresio motak erabiltzen direnean, kultura hitzaren esanahia, zehaztu baino gehiago, ilundu egiten dela esango nuke (bigarren esamoldean batez ere, berez esanahi nahikoa indeterminatua duen hitzarekin batera definizio errazagoa ez duen beste kontzeptu bat -herriarena- erabiltzen baita). Mintzatzeko modu eta afizio horrek kulturaren esanahia kultura indibidualaren aurkako muturrean kokatzen du, kolektiboari lotzen zaizkion ezagupenek minimo bakar batzuetara murriztu behar dutelako, edozeinek, toki edo gizatalde horretakoa izateagatik, nahitaez izango dituen ezagutzetara, hizkuntzarekin batera. Gehiegikerietan erortzeko beldur handirik gabe esan daiteke kultura, eta ez bakarrik ikuspegi etimologikotik, eduki desberdin samarrez dagoela osatuta. Eta are gehiago, "herriaren kultura" herri horren ohiturak eta folklorearekin lotutako gertakariak -artistikoak zein deportiboak- adierazteko aipatzen denean, zaila egiten zait oraindik ere entzundakoak sortzen didan harridura nire buruari ezkutatzea. Une horietan behin eta berriz etortzen zait gogora Yuri M. Lotman semiologo errusiarraren definizioa: kultura da gizakiaren genetikoa ez den informazio guztia. Genetikoa ez dena. Tartu-ko eskola semiotikoaren sortzaileak ematen duen azalpena ez da batere korapilotsua, negatiboa da, hori bai, kultura ez dena adierazten baitigu, eta zabalegia irudi dezakeen arren, bere azken ondorioetara eramanez gero haren interpretazioa, zehatz baino zehatzago bilaka daiteke Lotman-en definizioa, batik bat kulturaren mugak finkatzerakoan. Aipatutako esanahitik abiatuz, kulturak, ereduen errepikapen soilak ez bezala, aukera bat eskatzen du, gizaki bakoitzak egin dezakeen hautaketa, ezagupen berrien bila joateko ager dezakeen asmoa, bere jaiotzaren baldintzetatik kanpo. Hau da, gizakia naturatik bereizten duen informazio multzoan murgiltzeko grina. Zentzu hertsian kultura gizakiaren ezaugarria da, ez gizarte osoarena. Ohiturak eta tradizioak garapen genetikoekin antzekotasun nabarmen samarra duen herentzia-prozesu baten bidez jasotzen dira, norberak horrelakorik eskatu gabe -horregatik kontsidera daitezke, neurri handi batean, eta ADN-arekin zuzenean lotuta ez badaude ere, genetikoak-. Horrez gain, folklorea ez da askotan ohitura eta jarduera horien estilizazioa baino, estilizazioak eta ereduen automatizazioak beraiekin dakartzaten arrisku estetiko guztiekin. Era honetan ulertuta, kulturaren esanahiak, zabala bada ere, baditu bere mugak. Genetikak ezartzen dizkionak, adibidez. Eta folklorea, gure herriaren kultura edo lurraldetasuna genetikatik hurbilago daude kulturatik baino.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.