GaiakColumna
i

Literatura eta haurtzaroa

Haurtzaro zoragarria izan nuela esaten badut oso erroturik dudan sentipena ari naiz baieztatzen. Ez dut esan nahi une txarrik izan ez nuenik, halakoak ere egon baitziren, eta ugari gainera. Esan nahi dut haurtzaroa, on eta txar guztiekin batera, memorian geratu dela, heldutasun honen indargarri eta pizgarri. Bakardadea ere gogoratzen dut, eramateko oso lodia eta oso astuna. Bakarrik nengoenean, irakurri egiten nuen, ez liburuetan, naturako orrietan baizik. Badakit pedantea dirudiela esandakoak; baina, orduan, nire mundutxoa liburu irekia zen, eta irakurgarria oso. Mundua, orain ere, liburu irekia da, baina nekez irakurtzen dut.

Idazten hasi banintzen ez zen haurtzaroa berritzeko izan, baizik eta sekula hara itzuliko ez nintzela jakiteak eragindako mina ahultzearren, halakoak ez baitu sendabiderik. Ahantz daiteke, samur daiteke, goza daiteke, baina ez dago, eta ez du, sendatzerik. Jean Rhys idazleak dio mina gozatzearren hasi zela bera idazten, barnea hartua zion tristezia klasea uxatzearren. "Haurretan ohartu nintzen mina hitzetara ekartzen banuen, desagertu egiten zela bera. Idazteak malenkonia arrasto xume bat uzten du, baina geroxeago desagertzen da. Uste dut katoliko baten aitortza edo psikoanalisia antzekoak direla."

Ados nago Jean Rhysekin. Katolikoaren aitortza, izan ere, psikoanalisiaren adierazpena baino ez da, Freud baino askoz lehenago sortua gainera. Hitza, oraindik ere, sakratua da zenbait kulturatan. Hitzaren jabea denak sendatzeko ahalmena du. Hala uste dute toki askotan, eta ez naiz halakorik gezurtatzen hasiko. Ikusiak ditut, nire herrian, aitortegira larri eta estu joandakoak, eta handik izerditan ateratakoak. Hitzak bekatuak oro arintzen dituen bezala, minak ere haztatzen, ukitzen eta biguntzen ditu. Ez dira gauzak okerrean hartu behar, ordea. Mina gainetik kentzeko edo mina sendatzeko idazten duenak badaki, edo jakin behar luke, minik ez dagoela idaztean. Lehentxeago edo geroxeago bai, ordea. Idaztea, batzuetan, minaz gainera, gaixotasun bihur daiteke. Kafkarentzat izugarria zen idaztea; baina are izugarriagoa zitzaion ez idaztea. Idazten zuenean gaixotu egiten zen; idazten ez zuenean hiltzen ari zela sinesten. Horregatik bizi izan zen hitzari lotuta, kateaz bezala. Lobo Antunes idazteko bizi da, eta bizi bada idazten duelako da; eta hilko litzateke, heriotza tristeaz, idatziko ez balu. Ez dago bestelako misteriorik. Dena bihurtzen zaigu, laburrera ez bada luzera, idazteko gai.

Bizitzen jakin ez eta idatzi beharra jakina ez den bizitza horretaz. Horra hor, batzuetan, idazlearen patu maltzurra. Idazteak logikaren bati jarraitzen badio, idazlearen logikari da, eta ezin esan matematikekin zerikusia ote duen logika horrek. Literaturako testua ez da zientziatakoa. Idazle baten testuaren norabidea amets batek erabaki dezake, edo eldarnioak bestela. Coleridgek dio Kublai Khan izeneko poemaren zati handi bat ametsetan ikusi zuela. Ametsa infernu zitzaion, ordea. Thomas Mannek zioen infernua araurik gabe bizitzea zela. Diskutigarria da esaldia, gehiegizko eta, batez ere, zentzurik gabeko arauek edozein lorategi infernu bihurtzen baitute. Haurtzaroa, hain zuzen, araurik gabeko lurraldea da. Horregatik da gogoangarria. Idaztea ere logikarik gabeko jarduera da; jakinik, edo sumaturik bederen, logikarik gabe denak baduela bere logika, besteen aldean ezberdina. Idazten denean, barnekoa kanpora irekitzen da. Irekiera edo zabaltasun hori izugarria izan daiteke, zabaltzen den oro uste ez den tokira irits baitaiteke, jakineko araurik gabe.

Askotan uste dut idaztea haurtzaroan ezin egin genuena egiteko dela, irudimenean bada ere.

* Este artículo apareció en la edición impresa del domingo, 02 de marzo de 2008.