Munduko salduenak
Meettok-ek atzerriko obren euskal edizioa erdarazkoaz batera atera nahi du
Itzulpengintzak zubi sendoak ezarri ditu euskara eta gainerako hizkuntzen artean, baina orain arte ezinezkoa zen nazioarteko best seller baten euskarazko bertsioa erdarazkoa argitaratzen zen aldi beren eskuratzea. Donostiako Meettok argitaletxeak euskarazko itzulpegintzaren azken muga hori hausteko ahaleginean dihardu iazko martxoaz geroztik.
"Euskarazko merkatua erdarazkoa baino murritzagoa da, baina oraindik badaude ohiko euskal argitaletxeek estali ez dituzten zirrikitu batzuk, eta horietako bat da nazioartean argitaratzen diren kalitate handiko liburuak euskaraz gaztelaniazko bertsioarekin batera salgai jartzea", azaldu du Ramon Etxebestek, Meettok argitaletxearen sortzaileak.
Woody Allen-en 'Anarkia hutsa' hilabete batez itzuli zuen Oskar Aranak
"Elitismotik ihes eginez, kalitatezko liburuak eskaini nahi ditugu"
Iaz, Groucho and Me euskararazi zuten estreineko aldiz Aintzane Atela eta Miren Arratibel itzaultzaileen ahaleginari esker -Harkaitz Canok hitzaurrea egin zion liburuari-, Axularren hizkuntzaz ere nazioarteko umoreaz goza daitekeela frogatuz.
Urtebete geroago, bizi-bizirik dagoen klasiko garaikide baten txanda iritsi da: Woody Allen-ek 25 urteko isiltasun literarioaren ondoren plazaratu duen Mere Anarchy -Anarkia hutsa euskaraz- narrazio-bildumarena. "Danimarkara egindako bidaia batean aurkitu nuen ingelesezko edizioa, eta sobera pentsatu gabe, Allen-en ordezkariekin harremanetan jarri eta euskarazko bertsioa erdarazkoarekin batera plazaratzea proposatu nien", gogoratu du Etxebestek.
Oskar Arana itzultzaile arabarra izan zen zezenari adarretatik heltzeko erronka bere gain hartu zuena. "Uztailaren amaieran eman zidaten jatorrizko testua, eta hilabeteko epea euskarazko bertsioa lantzeko", azpimarratu du, enkarguak eragindako neke eta buruhausteak laburbildu nahian.
Ez da hau, haatik, Aranak nazioarteko best seller bat euskaratzen duen lehen aldia, duela bi urte George Orwellen 1984 distopia ospetsuaren euskarazko itzulpena ondu baitzuen Txalaparta argitaletxearen enkarguz. "Beldur eszenikoa, zalantzarik gabe, Orwell-enak eman zidan, baina itzultzerakoan askoz ere lan handiagoa eman dit Allen-enak, batez ere erabiltzen duen estilo bihurriagatik eta jidish giroko hitz-jokoengatik", ziurtatu du aramaioarrak.
Woody Allen-ek egungo gizarte zibilizatuari egindako kritika kupidagabe horren aurretik, Meettok-ek Frantziako Lire aldizkariak "2006ko lau eleberririk onenetakotzat" jo duen Jean Echenoz-en Ravel euskaratu du Gerardo Markuleta itzultzailearen laguntzaz, Anagrama argitaletxeak gaztelaniazko bertsioa kaleratzen zuen aldi beretsuan.
Horrez gain, Meettok-ek gaztelaniaz plazaratu ditu lehenengo aldiz Europako bi idazle handiren liburuak: Esloveniako literatura sortu zuen France Preseren-en Poemas eta Kari Hotakainen finlandiarraren Camino de trincheras.
"Aurrerantzean, ildo berean jarraitzeko asmoa dugu, Estatu Batuetan eta Europan argitaratzen diren kalitatezko liburuak euskaraz edo gaztelaniaz plazaratzeko ahaleginean, elitismo guztietatik ihes eginez, baina irakurleei entretenimendurako eta nork bere burua eta bizitza antolatzeko literatur lanak eskainiz", ziurtatu du Etxebestek.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.