"Webgune kopuruak ikusita, .eus domeinua lortzea ez da lehentasunezkoa"
Euskara eta teknologia berriak uztartzea izan da Aitor Lopez de Aberasturiren (Gasteiz, 1973) azken urteotako helburu nagusia. Duela 10 urte, Kaixo.com bilatzailea eseki zuen Interneten, eta iazko abenduan, Dinux izeneko euskara hutsezko sistema eragilea abiarazi zuen. Gasteizko Diocesanas ikastetxean irakasle dabilen informatikari euskaltzale hau teknologia berrien bilakaeraren lekuko bihurtu da urte hauetan guztiotan. "Euskaldunon artean, Internet gaur egungo errealitatea da jadanik, ez da etorkizunean etorriko den zerbait", ziurtatu du.
Galdera. Zer dela eta bururatu zitzaizun 1997ko ekainean Kaixo.com martxan jartzea?
Erantzuna. Karrera bukatu berria nuen, eta master bat egiten ari nintzela konturatu nin-tzen euskarazko zerbitzu gutxi zegoela Interneten. Garai hartan, Euskal Herrian egindako 300 bat webgune zeuden, horietatik 50 inguru euskara hutsez egindakoak eta beste 100 elebidunak, eta gure helburua webgune horiek guztiak jaso eta bilatzaile batean sartzea izan zen. Horrelaxe sortu zen Kaixo.com bilatzailea.
"Lehengo internauta pasiboen aldean, Sarearen egungo erabiltzaileek webguneak sortu eta edukiak lantzeko aukera dute"
"Erakundeen dirulaguntzen zain egon beharrean, webguneen autofinantzaketa da etorkizunera begira bilatu behar duguna"
G. Eta nolako kopuruetan mugitzen zarete gaur egun?
E. Gaur egun, Euskal Herrian egindako 6.000 webgune inguru ditugu zerrendatuta, hauetatik 1.500 euskara hutsezkoak eta 3.500 elebidunak.
G. Zein izan da Interneten azken urteotako aldaketa nagusia?
E. Internet asko igo da erabiltzaile kopuruaren aldetik, baina horrekin batera erabiltzailearen tipologia ere aldatu da. Lehen, webgune edo atari bat egiteko informatika ezagupenak eduki behar zenituen. Orain, aldiz, word prozesagailu bat erabilita webgune bat sor dezakezu, eta blog bat egiteko ere duzu jakintza berezirik izan behar. Alde horretarik, gaur egungo internauta ez da erabiltzaile pasiboa, baizik eta webguneak eta edukiak egin eta Interneten buru-belarri sartuta dagoena.
G. Zer moduzko bikotea osatzen dute euskarak eta Internetek?
E. Bikote ona, nire ustez. Lehen, euskara erabiltzeak Euskal Herrian egotea suposatzen zuen, baina oraingo teknologiari esker, Argentinan bizi den batek Euskadi Irratia entzun dezake, eta edonon zaudela ere euskara ikas dezakezu Interneten bitartez.
G. Interneten dauden euskarazko edukiei erreparatuta, Sarean euskaraz bizi daitekeela uste al duzu?
E. Euskara erabiltzen dugunok gutxi gara, eta eskaintza ere, horrexen araberakoa. Gaur egun, eduki asko daude Interneten, eta euskaraz ere, gero eta gehiago. Munduko albiste nagusiak, esate baterako, euskaraz aurki ditzakezu Sarean edozein momentutan. Hala ere, euskarazko eduki eta webguneen sorrera sustatzen jarraitu behar da, kopuruak piskanaka-piskanaka gora egin dezan.
G. Euskal internauten interesak defendatzeko, Elkarnet elkartea sortu zenuen duela sei urte...
E. Elkarnet sortu zen garaian, Foro Bilbao izenekoa ere eratu zen, antzeko helburuekin. Handik gutxira, Madrilera joan nintzen lan egitera eta beste ba-tzuen esku utzi nuen elkartea. Azkenean, Elkarnet proiektuak porrot egin zuen, eta Foro Bilbao ere desagertu egin zen. Internet & Euskadi izeneko elkartea sortu zen ordezko gisa. Euskaldunok askotan gauza bat ondo egin beharrean, lauzpabost egiten tematzen gara. Horrelako zerbai gertatu zen elkarte horiekin.
G. Bestalde, teknologia berrietan euskaraz lan egiteko zegoen software eskasiari aurre eginez, Dinux sortarazi duzu. Nola definituko zenuke hitz gutxitan?
E. Dinux euskara hutsezko sistema eragile live bat da. Honek esan nahi du ez duzula ezer instalatu behar ordenagailuan erabili ahal izateko. CDa sartu eta zuzenean kargatzen da, disko gogorra erabili gabe. Gasteizko Diocesanas ikastetxeko ikasleen artean banatu genuen abenduan, eta zenbait arlotan Windows ordezkatzen duela esango nuke. Izan ere, Dinux ez da soilik sistema eragile bat; horrez gain, euskara hutsezko 100 aplikazio baino gehiago biltzen ditu, hala nola, Open Office, Firefox nabigatzailea, posta elektronikoa eta abar.
G. Erakundeek dirulaguntzarik eman al dute proiektu hau sustatzeko?
E. Dinux proiektua orain dela bi urte abiatu zen. Orduan, proiektu teknologiko bezala aurkeztu genuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean, baina ez zuten onartu. Guztira, 1.000 euroko dirulaguntza eman zuten, edo horrelako zerbait.
G. Hobetu beharko litzateke, hortaz, teknologia berrietarako dirulaguntza politika?
E. Nire ustez, dirulaguntza nahikoak daude. Araban ez daukagu euskara sustatzeko Aldundiaren laguntzarik, baina Bizkaian eta Gipuzkoan badaude. Horretaz aparte, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak dirulaguntza interesgarriak ematen ditu horrelako proiektuetarako. Alor honetan, behintzat, aukera handiak daude teknologia berrietan proiektuak aurrera ateratzeko. Hala ere, dirulaguntzen zain egon beharrean, autofinantzaketa da, nire ustez, bilatu beharko genukeena. Ni horretan saiatu nintzen orain dela lauzpabost urte, baina azkenean ikusi nuen publizitate agentzia guztiekin lehiatu behar nuela zeozer lortzeko. Gogoan izan behar da, Euskadin trafiko handiena duten publizitate-bideak egunkariak direla, zein bere edizio elektronikoarekin. Egunkariei, hortaz, berdin zaie publizitatea paperean edo Interneten argitaratzea, baina gerora begira, hortik etorri beharko luke webguneen autofinantzaketak.
G. Gizarteak Interneten sinesten al du, ala etorkizunean etorriko den zeozertzat jotzen du oraindik?
E. Azken estatistikak ikusita, populazioaren %40 baino gehiago Interneten sartzen da normalean, eta portzentaia %80 baino gehiagokoa da gazteen artean. Erabiltzaile kopurua kontuan hartuta, beraz, Internet gaur egungo errealitatea da jadanik, ez da etorkizunean etorriko den zerbait.
G. Duela urte eta erdi, Katalunian .cat domeinua lortu zuten katalanez idatzitako webguneentzat. Noizko .eus domeinua?
E. Lehenik eta behin esan behar da Interneteko marka bereizgarria .com dela. Horrez gain, egia da, orain dela zortzi-bederatzi urte, .eh domeinua eskatzen hasi zela, eta gero .eu domeinua, Europar Batasunak bereganatu zuena. Orain .eus domeinua eskatzen ari gara, baina oso gauza zaila izango da. Seguraski, Gobernuak zerbait esan beharko luke horretaz. Kataluniaren kasuan, ez dakigu .cat domeinua asko erabiltzen den ala ez, baina gure kasuan, dauzkagun erabiltzaile eta webgune kopuruak ikusita, ez dut uste .eus domeinua sortzea lehentasunezkoa izango denik.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.