Irudimenaren esportazioa
Euskal literaturak tinko eusten dio liburuak beste hizkuntzetara itzultzeko apustuari
Itzulpenak kultura unibertsala hurbildu die euskal irakurleei, eta azken urteotan, euskal literatura alderantzizko norabidea jorratzen hasi da, euskaraz ekoitzitako idazlanak beste hizkuntzetara itzuliz. Internet aldaketa hauen lekuko izan da.
Bernardo Atxaga dugu, zalantzarik gabe, nazioarteko proiekziorik handiena lortu duen euskal idazlea, 1989an Obabakoak liburuaz irabazi zuen Espainiako Narratiba Sari Nazionalaren haritik. Antzeko bilakaera izan dute geroztik Kirmen Uribe, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe edota Lurdes Oñederrak.
Gertatuak gertatu, euskal literaturak duela 20 urte inguru ekin zion era sistematiko batean euskarazko lanak beste hizkuntza batzuetara itzultzeari. Isolamendu linguistikoa gainditzeko lehen ahaleginak, hala ere, askoz ere lehenagokoak dira. "Horren adibide garbia dugu Mogelen Peru Abarka, 1881ean argitaratua eta Azkuek 1899an gaztelaniara itzuli zuena", azaldu du Birmingham-eko Unibertsitatean irakasle dabilen Aiora Jakak.
80. hamarkadan 66 lan itzuli zituzten; 90.ekoan, 400; eta 2001etik 2004ra, 243 guztira
"Hor ditugu, halaber, Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Lino Akesolok 1966an erdaratu zuena, eta Txomin Agirreren Auñemendiko lorea, Inazio Goikoetxearen 1967ko itzulpenarekin", gaineratu du www.basqueliterature.com atarian esekita dagoen Euskal literatura eta itzulpengintza ikerketaren egileak.
Beste esparru askotan bezalaxe, itzulpengintzan ere diktaduraren ondoko urteek iragana eta etorkizunaren arteko mugarria ezarri zuten. Garai hartakoak dira, besteak beste, Gabriel Arestiren literatur lanen erdarazko bertsioak. Ramon Saizarbitoriak 1979an plazaratu zuen Ehun metro nobelaren gaztelaniazko itzulpena (ingelesezkoa 1985ean iritsi zen), Atxagak Aventuras de Nicolasa argitaratu zuen Madrilen 1980an, eta bi urte geroago, Arantxa Urretabizkaiak Per qué, menut? kaleratu zuten Katalunian.
Geroztik, euskaratik beste hizkuntzetara egindako itzulpenek gora egin dute etengabe. UNESCOk kudeatzen duen Index Translationum datu-basearen arabera, 1951etik hona, euskarazko 720 idazlan itzuli dira munduan, deus gutxi ingelesetik edo frantsesetik egindako 904.000 eta 168.000 itzulpenen aldean (gaztelaniatik 39.000 liburu itzuli ziren tarte berean).
Franco hil ondorengo urteetan, 11 izan ziren euskaratik itzulitako liburuak, eta 80ko hamarkadan 66. Hurrengo hamar urteetan, euskarazko 400 idazlan itzuli ziren, eta 243 liburu 2001etik 2004ra bitartean.
Jakaren esanetan, "euskaratik beste hizkuntzetara egindako itzulpena ez da oraindik oso alor emankorra", eta azken urteotako goranzko bilakaeraren oinarrian, 2000 urtean abiatutako bi ekimen nabarmendu ditu: Eusko Jaurlaritzak euskal liburuak atzerriko hizkuntzetara itzultzeko sortu zituen dirulaguntzak, kopuruak areagotzea erraztu dutenak, eta itzultzaileen gutxieneko kalitatea bermatzeko asmoz EHUk estreinatu zuen itzulpengintza eta interpretazio lizentziatura.
Sarean irakurtzeko moduan
Narratibak euskarazko literatur produkzioan duen garrantziarekin bat eginik, euskaratik atzerriko hizkuntzetara itzuli diren liburu gehienak prosazkoak izan dira orain arte, eta batez ere haur eta gazteei eskainitakoak. Ildo honetan, salbuespentzat jo genezake Graywolf Press argitaletxeak plazaratu berri duen Meanwhile, take my hand izenburuko poema liburua, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik idazlanaren ingelesezko itzulpena.
Ez da gauza bera gertatzen Interneten on-line irakurtzeko moduan dauden itzulitako euskal liburuekin. Lan horiek gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, italieraz, katalanez eta beste hizkuntza batzuetan irakurri nahi dituzten internautek zer irakurri franko aurkituko dute Susa argitaletxearen web guneko (www.susa-literatura.com) Erdaretan atalean, baina testu gehienak hitz neurtuzkoak dira.
Mikel Antzaren Un rumor debaixo dos pés, Edorta Jimenezen La voce delle balene eta Koldo Izagirreren Malandanzas de un Aguirre llamado Mecha dira galegora, italierara eta gaztelaniara itzulita irakur daitezkeen eleberri gutxietako batzuk.
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZIE) www.basqueliterature.com literatur atarian eta Euskal Idazleen Elkartearen web gunean (www.idazleak.org), bestalde, ingelesera, frantsesera eta gaztelaniara itzulitako literatur testuak irakur daitezke.
Galeseko Unibertsitateak sustatu eta Europar Batasunak babestutako Transcript literatur aldizkari elektronikoaren (www.transcript-review.org) 20. alean, Aingeru Epaltza, Angel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landaren prosazko lanen zatiak irakur daitezke ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta alemanez.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.