In memoriam
Pio Baroja Donostian jaio zen 1872ko abenduaren 28an eta Madrilen hil 1956ko urriaren 30ean; aurki beteko da haren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena. Horren harira, ekitaldi ugari ospatuko dira (Donostian, Irunen, Beran, Madrilen...) idazle gogoangarri honen bizitza eta lana goresteko. Nahi duen orok izango du aukera merezimendu osoz eskainiko zaizkion omenaldi eta jardunaldiak dastatu eta haren liburuetara hurbiltzeko.
Barojaren obra Euskalerriari oso lotua dago; ederki islaturik ikusten da hori bere liburuetan agertzen dituen paisaia eta pertsonaietan. Mediku ikasketak egin eta Zestoara etorri zen 1884an sendagile-plaza bat betetzera, baina lekua gustatu ez eta, handik gutxira, hor non doan Donostiara; denbora gutxirako, hala ere, berehala itzuli baitzen Madrilera, han familiak zuen okindegi baten kargu egiteko. Lanpostu hori zela medio, broma ugari pairatu behar izan zituen Barojak. "Es un escritor de mucha miga" -esan zion behin Ruben Dariok kazetari bati. Eta honela erantzun zion Piok: "También Darío es escritor de mucha pluma: se nota que es indio".
Baroja, bere garaiko semea baitzen, pesimista eta eszeptiko agertu zen beti. Haren eszeptizismoa, ordea, ez zen zentzurik ez duen mundu baten ispilua baizik; eta horri gizakiarengan federik ez izatea eransten badiogu, ongi uler daiteke Barojak edozein bizi-irtenbideri uko egin izana. Horrek indibidualismo sakon eta pesimista batera bildu zuen sarritan.
1900ekoa da bere lehenengo liburua, Vidas sombrías, Zestoan izandako esperientziez osatutako ipuin-bilduma. Europan barrena asko bidaiatu zuen (Frantzia, Ingalaterra, Italia, Belgika, Suitza, Alemania, Norvegia, Holanda eta Danimarka ezagutu zituen). Liburutegi erraldoia osatu eta Berako Itzea etxetzarrean egokitu zen.
Barojaren lanetan Shopenhauerren ezkortasun sakona nabari da, sarritan ekintza soilaren bidez eskura daitekeen librantzaren aukera agertzen duen arren, Nietzschek proposatutako bidetik. Bide hori hartzen dute haren pertsonaia abenturazale eta bitalistek, baita pertsonaia gogogabe eta desengainatuek ere.
Barojak arreta berezia jarri zion bizitza eta literatura uztartzeari. Beraz, ez da harritzekoa zenbaiten ustez Baroja Fernando Ossorio izatea Camino de Perfección-en, edo Andres Hurtado El árbol de la ciencia-n, edo Larrañaga Agonías de nuestro tiempo trilogian.
Trilogia hauetan biltzen dira bere nobelak: Tierra vasca, La lucha por la vida, La raza, El pasado, La vida fantástica, Las ciudades, El mar, Los amores tardíos, La selva oscura eta Agonías de nuestro tiempo.
Susana y los cazadores de moscas (1938), Laura o la soledad sin remedio (1939), El caballero de Erlaiz (1943), El hotel del Cisne (1946) edo El cantor vagabundo (1950) nobelak trilogietatik kanpo geratu ziren. Entseguak ere idatzi zituen: El tablado de Arlequín (1904), La caverna del humorismo (1919), Momentum catastrophicum edo Divagaciones apasionadas (1924), besteak beste.
Barojatarren ahaide zen Eugenio Aviranetaz urteetan entzundakoak aprobetxatuz, hogeita bi aleko Memorias de un hombre de acción liburu saila idatzi zuen 1913 eta 1935 bitartean. Obra horretan Espainiako XIX mendeko gertaera garrantzitsuenak kontatu zituen: Independentziako Gerrarekin hasi, Fernando VII.aren erregealdi nahasiarekin jarraitu, eta María Cristinaren erregeordetza bitarteko jazoera eta gorabeherak, alegia. Horixe da Barojaren "garai historikoa", egileak nobela-genero horretan egin zuen sartu-irtenaren erakusgarri, Walter Scott, Leon Tolstoi edo Benito Pérez Galdós bezalakoen ildotik.
Badago Pio Barojaren espiritua biziki agertzen duen beste liburu esanguratsu bat, La leyenda de Jaun de Alzate, egilearen izaera Bidasoa inguruko bazterretan agertzen duena. Beranduagokoa bada ere (1922), Tierra vasca osatzen duten nobelen barruan koka daiteke. Azkenik, aurten bertan plazaratu da Espainiako gerra zibilaren inguruko liburu bat, zentsurak debekatu zuena: Miserias de la guerra.
Pio Baroja gure artean; Pio Baroja beti gogoan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.