Burmuinetik hitzetara
EHUko ikertzaile talde bat hizkuntzaren eta garunaren funtzionamenduaren arteko harremana aztertzen ari da
Hizkuntzaren erro biologikoetan sakontzea izan da beti Itziar Lakak (Bilbao, 1962) zuzentzen duen lan-taldearen helburu nagusia. Azken lau urteotan, EHUko Psikolinguistika Laborategiaren lanak koordinatzeaz arduratu da. Burmuineko arazo baten ondorioz hizkuntza kaltetzen denean zer gertatzen den ikertzen dute. Bestetik, umeak hizkuntzaz nola jabetzen diren aztertze-bidean dira. Hirugarren aztergai bat ere badago, helduek hizkuntza prozesatzeko moduaz arduratzen dena. Horrez gainera, badute beste interes puntu bat ezen giza genoman badago FOX P2 deitutako atala mutazioak izatean hizkuntza patologiak eragiten dituena. Hala ere, gai hori urrun daukate ikertzeari dagokionez. "Hauek dira gure interesetako batzuk. Edozelan ere, niri orohar hizkuntzak burmuinean duen izaera eta hizkuntzaren sustrai biologikoak interesatzen zaizkit", azaldu du adituak.
Zientziak bide berriak ireki ditu hizkuntz gaitasunarekin lotutako zenbait gaitzen tratamenduan
Ikerketok behar bezala garatu ahal izateko, ezinbestekoa da talde sendo bat eratzea eta baldintza hori betetzea ez da batere erraza, arlo honetara bideratutako aurrekontuen mugak kontuan izanda. Horrek gauzak laztu egiten ditu eta asko dira gogo biziz ikerkuntzari ekin eta bidean erretzen direnak. Lakaren taldean badaude karrera bukatu duten gazteak, oso baldintza gogorretan lanean direnak. "Gazte hauek gizartearentzat berebizikoa den lan bat egiten ari dira oztopo handiekin eta baldintza horietan gauzak aurrera ateratzea meritu handia dauka", dio, atsekabez.
Hizkuntzalaritzan egiten den ikerkuntzak badu eraginik gizartean, arlo honetan ematen diren aurrerapausoek hizkuntzari buruzko ezagutza areagotu eta mesede handia egiten baitute. Esate baterako, gaur egun, antzina ez bezala, jende asko bizirik ateratzen da burmuineko kalte baten ondoren. Kalte horrek batzutan hizkuntzaren gainean eragin zuzena du eta orduan sor daiteke agramatismoa edo afasia deritzona. Gaitz honek hitz egiteko eta perpausak eraikitzeko ezinduta uzten du gaixoa. Herrialde batzuetan (Holandan adibidez) ikerkuntzari esker gaixotasunaren tratamenduan urrats handiak eman dira. Euskal Herriko egoera ez da berdina, ez baitago ikerkuntzarako baliabide nahikorik. Horregatik, euskal hiztun batek afasia pairatzen badu, terapia gazteleraz egin behar du derrigorrez. "Badaude euskaraz diseinatutako terapiak baina horiek ezartzea oso konplikatua da", argitu du.
Pareko adibide bat dislexiarena da. Entzumenaren kortexean kokatzen den arazo honek fonemak egituratzea eta horiek ortografiako grafemekin lotzea oztopatzen du. Finlandiak esparru honetan lortu dituen aurrerapenei esker, gaur egun posible du jaioberriei egiten zaien odol proba baten bidez umeak etorkizunean dislexia izateko probabilitaterik duen ala ez jakitea. Emaitza baiezkoa izatekotan, tratamendu berezia abiarazten da. Lakaren esanetan, "asko ikertu da Finlandian eta horregatik egun erraz konpon daiteke".
Bestalde, elebitasuna zehatz-mehatz ikertzea eta bere osotasunean ulertzea ezinbestekotzat jotzen du aditu honek. Ildo horretan, "elebakartasunarekin dauzkan parekotasunak eta aldeak" aztertzen ari da EHUko ikertzaile taldea. Atal honetako ezagutza handitzea oso baliagarria izan liteke euskal hezkuntza sistemarentzat. Izan ere, egun ez du hizkuntzalaritzan emandako aurrerapausoen berririk ematen eta idazketa eta ortografia arauekin identifikatzen da hizkuntza, bere izaera kognitiboa eta biologikoa islatu barik. "Hizkuntza, gure egitura psikologikoaren zutabe nagusia delarik ere, horri buruz ezer gutxi esaten zaigu unibertsitate aurreko hezkuntzan", dio Lakak.
Literaturarekiko eta hizkuntzaren egiturarekiko interesak bultzatuta ekin zion ikertzaile honek Euskal Filologia ikasteari. Lizentziatu eta berehala, 1986an, AEBetara joan zen eta hizkuntzalaritza tesia egin zuen Massachussetts Institute of Technologyn (MIT) Noam Chomsky eta Ken Hale zuzendari zituela. Doktoretza lortutakoan, Rochesterreko Unibertsitatean irakasle gisa jardun zuen hurrengo bost urteetan. Ondoren, etxera itzuli zen eta 1996tik EHUko Filologia, Geografia eta Historia Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailean ari da.
Bere ibilbide zabalean zehar hizkuntza eta burmuinaren arteko hartu-emanak sakonki aztertzeko aukera izan du. Oraindik gaur egun, hitz egiteko zuzentasuna eta idazketa arauekin soilik lotzeko joera dagoen arren, XX. mendearen erdialdera emandako paradigma-aldaketak agerian utzi zituen hizkuntzaren alderdi biologiko eta kognitiboa. Gaur egun jakina da hizkuntza oso-osorik burmuinaren leku bakar batean egon ez arren, gizaki gehienengan, hots, % 97rengan, gramatika eta fonologia burmuinaren ezkerreko hemisferioan kokatzen direla, Broca eta Wernicke eremuetan, hain zuzen ere. Broca eremuak hizkuntzaren atal egituratuen, hau da, fonologia eta gramatikaren erantzukizuna duen bitartean, ustez Wernicke eremua hizkuntzaren arkitektura formalaz arduratzen da, forma horiek dagozkien esanahiekin lotzeko. Hizkuntzalaritzan gehiago arakatzeko asmoz, ikertzeari ekin zion berriz atzerriko egondalditik itzulitakoan.
Hizkuntza, gizakiaren ondare biologikoa
Gizakiak badu hizkuntza ikasteko, hitz egiteko eta ulertzeko sen bat, hots, gaitasun biologiko bat, eta hizkuntzarekiko gaitasun biologiko horrek gainerako animalietatik bereizten du. Hizkuntzak pentsamena moldatu eta errealitateari buruzko kontzeptu ezberdinak sortzen laguntzen du, eta berez garatzen du gizakiak, heziketa formal baten laguntzarik gabe; Steven Pinker psikologo eta hizkuntzalari kanadarrak esaten duen moduan, armiarma batek bere sarea josten dakien zentzu berdinean daki gizakiak hitz egiten, senak bultzatuta, alegia. Zientziaren ikuspuntutik, hizkuntzaren konplexutasuna gizakiaren ondare biologikoaren zati da, ez gurasoek seme-alabei irakatsi edo eskoletan ikasten den zerbait, eta umeak berez, jaiotzetik, gramatikaren ezagutza sakona eta zabala du.
Hizkuntzaren izaera biologikoaz jakinarazi zuen teoria hau, Noam Chomsky hizkuntzalari eta pentsalariari zor zaio. Haren arabera, gizakiak badu hizkuntza garatzeko ahalmen berezi bat, komunikatzeko ezinbesteko mekanismo gisa. Ziurtasun horrek, gramatika unibertsal bat dagoela suposatzera eraman zuen (burmuinak esaldiak eraikitzeko prozedura biologikoa duelako eta umeak gramatika konplexuak berehala garatzen dituelako), hizkuntza guztietarako baliagarri dena eta analisirako arau unibertsal batzuk ezartzea baimentzen duena. Printzipio honetatik abiatuta, komunikazioaren eraketa gramatikalari buruzko teoria garatu zuen.
Filosofia eta hizkuntzalaritza ikasi zituen Chomskyk Pensilvaniako Unibertsitatean. 1955. urtean doktoretza lortu eta urte horretan bertan MITen sartu zen. Politikoki, EEBBko ezker intelektualaren partaide da eta sistemaren kontrako jarrera izan du beti.
Bere lana hizkuntzalaritza, komunikazioa, politika eta soziologiaren alorretara zabaldu da eta idatzitako liburuen artean ondoko izenburuak aipa daitezke, besteak beste, Syntactic Structures (1957), Rogue States (2000) eta 9-11 (2002).
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.