San Vicenteko zine zaharra
Sortu eta hamar urtera, Bilboko Kafe Antzokia ezinbesteko erreferentzia bihurtu da euskararen alde ari direnentzat
Badira hamar urte Bilboko Kafe Antzokia sortu zenetik. Gabriel Aresti euskaltegian mugitzen zen euskaldunen talde batek urteetan zehar mamitutako egitasmoak ateak ireki zituen 1995eko abenduaren 15ean, San Vicente kaleko zine zaharraren egoitza izandako areto apartan. Egun euskal kulturaren erreferente da, agian inork ez bezala berton bertoko izaera egungo garaiekin uztartzen jakin duelako. Bere ibilbidean zehar 2.500dik gora ekitaldi eskaini ditu (kontzertuak, antzerki emanaldiak, bertso saioak, erakusketak, hitzaldiak, eta festa egun esanguratsuen ospakizunak, beste batzuen artean astegunetan bazkariak zerbitzatzen dituen jatetxe eta asteburuan gau giroko ezinbesteko geraleku bihurtuta.
Asmo ugarik bultzatuta abiarazi zuen euskaldunen koadrila hark Kafe Antzokia. Bilboko euskaldun zaharrek, euskaldun berriek eta euskaldunduta egon ez arren euskararen aldeko jarrera zuen jendearentzat espazio fisiko baten premia zegoen, euskaraz bizi nahiz euskara praktikara eraman ahal izateko. Jabier Lauzirika Kafe Antzokiaren koordinatzailearen hitzetan, "jomuga horietan pentsatuta ireki genuen Antzokia, azken faktore bat ahaztu barik: euskararen presentziaren kontra gordinki azaltzen zirenei Bilboko komunitate linguistiko euskaldun bat, euskararen nazioaren aldekoa, ginela agerian uztea".
Hasieratik ezarri ziren helburuetatik asko eta asko bete egin dira. "Proposatutako asmoei erreparatuz, hamar urteotako balantzea oso positiboa dela uste dugu. Hala ere, badira epemugarik ez duten helburuak", argudiatu du Lauzirikak.
Kafe Antzokia aitzindari izan zen. Sortzaile eta eredugarri izateko erronkarekin jaio zen, beste kultura batzuetako ereduak kopiatzen saihestuz eta propioak sortzen ahaleginduz. "Kanpoan zegoena egokitu eta kalkoak egin beharrean gure errealitatea sortzea posible zela uste genuen. Horrek ez du esan nahi kanpoan ikasteko ezer ez dagoenik, asko baitago, baina gure filosofia gugan oinarrituta dago", azaldu du aretoko arduradunak. Bere esanetan, "alferrik ibiliko ginateke besteengandik ezberdinduko ez bagina eta porrot hutsa izango litzateke beste sistemetatik gauzak hartzea eta euskaratzea".
Beste herrialdeekin hartu-eman etengabean izatea aberasgarria izan da Kafe Antzokiarentzat eta ezinbestekoa bere martxa onerako. Bestalde, modernotasunarekin bat egin izanak azal lezake Kafe Antzokiak lortutako arrakasta, modernoa izatea norberaren izaera bertan behera ez utzi eta sortzailea izatea baldin bada. Lauzirikaren ustez, "modernotasunak elkartasun eta balore printzipioetan eta sortzaile izateko gaitasunean oinarrituta egon behar du".
Bere filosofia irekiari egotz dakioke hainbat jende Kafe Antzokira hurbildu izana, bertan-bertako kulturaren aldeko apustua eginda ere, munduari zabalik baitago gheto itxia izateari uko eginda. "Irekiak gara eta jendea gurean gustura sentitzen da. Gure ateak zapaldu gabe eta begirunez etortzen den edonorentzat zabalik daude", azaldu dute bertako arduradunek.
Bizpahiru urteren buruan Bermeon eta Tolosan antzeko ekimen bana sortzea izango da hurrengo urratsa izango da, helburu horrekin harremanetan ari baita Zenbat Gara Elkarteak herri horietako udalekin.
Abenduaren 15ean urteurrena ospatzeko lagun andana (musikariak, idazleak, dantzariak, artistak eta bertsolariak) bildu zituen festa egin zuen Kafe Antzokiak. Horrez gainera, urtean zehar egiten denaren isla eta seinale diren zenbait ekitaldi prestatu dira hamabost bat egunetarako, besteak beste Xirula Mirula eskolaren jaialdia, Urbeltzen dantza ganbara berezia (publiko zabalari euskal dantzak hurbilarazteko), Santo Tomaseko jaia, bertso saio klinikoa (entzuleek igarri beharko dute bertsoaren diagnostikoa), Skalariak taldearen kontzertua.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.