Sareko literatur harribitxiak
Euskaraz argitaratutako hainbat liburu klasikoren eta bitxiren faksimil edizioak irakurgai daude Interneten
Interneteko informazio-itsas hondargabean, denetariko altxorrak eta zaborrak aurki daitezke, baina Sareko nahas-mahasean nabigatuz gero, irakurlerik zorrotzenak harritzeko moduko bitxi bibliografikoak aurki ditzakegu. Nork pentsa lezake, Heletako apaiz batek mazoneriari buruzko liburu bat plazaratu zuela euskaraz XIX. mendearen amaieran, edota Gipuzkoako nekazaritza giroan bizi ziren bi sendagilek medikuntzari buruzko dibulgazio-liburu bat argitaratu zutela garai berean, "euskal-erritarrai esqueñia"?
Euskarazko idazlan bitxi horiek guztiak, eta euskal literatura klasikoaren nondik norakoak zehaztu zituzten izenbururik garrantzitsuenak, faksimilean eskura daitezke jadanik teknologia berrien abantailei esker.
Etxepare, Axular eta Larraragaren lanak esekita daude liburutegi digitaletan
Euskal autore zaharren testuak gaur egungo grafian irakurri nahi dituztenek www.armiarma.com/klasikoak helbidera jo besterik ez dute egin behar. Baina antzinako liburuen liluraz gozatu eta euskara zaharraren zaporea jatorrizko testuinguruan dastatu nahi dutenek Sancho El Sabio Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegi digitaletan dute gustuko literatur altxorraren uhartea, www.euskadi.net/liburutegidigitala eta www. bibliotecaforal.bizkaia.net helbideetan.
Hortxe idoro ditzakete, jatorrizko edizioetan, euskara literatur hizkuntza bihurtu zuten aurreneko idazleen liburuak, eta gure literatura txikian nabarmendu diren beste harribitxi batzuk ere bai, hala nola, Tolosako Eusebio Lopezen moldiztegiak 1889an plazaratu zuen Cocinan icasteco liburua edo Deba eta Itziarren mediku ibili ziren Martin Aranburu eta Manuel Bago Agirre doktoreek argitaratutako Errico gendeentzat osasun legueac eta medicantzaco arguibideac dibulgazio-liburua.
Interneten esekita dauden euskarazko faksimil bitxien artean, aparteko aipamena merezi dute Michel Elizanbururen Framazonak eta Bizenta Mogelen Ipui onac liburuek. Lehenengoan, fraide heletarrak direnak eta ez direnak esan zituen mazoien aurka, eta bestean, Azkoitiko andre ilustratuak Esoporen 50 alegia bildu eta euskaratu zituen.
Ilustrazioaren garai bertsukoa dugu Augustin Kardaberaz apaiz hernaniarrak hizkuntzaren aldeko apologia eginez plazaratu zuen Eusqueraren berri onac, egun Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegi digitalean irakur daitekeena.
Lehendabiziko euskal idazleei dagokienez, Sancho El Sabio Fundazioak Etxepareren Linguae vasconum primitiae liburuaren bigarren edizioaren faksimila irakurtzeko aukera eskaintzen du bere liburutegi digitalean.
Euskal literaturari hasiera eman zion liburu honen lehen edizioaren faksimila Zarazuko Lizardi Institutuko webgune zaharrean esekita zegoen oraintsu arte, www.terra.es/personal3/zuzendaria/euskmint.html helbidean, baina estekaren gainean sakatuz gero, orrialdea ez dagoela dioen testu laburra ateratzen da.
Antzeko zerbait gertatzen da Axularren Guero sermoi-liburuarekin. 1643ko edizioa eskuratu ezinik, www.euskadi.net/liburutegidigitala helbidera sartzen direnek Baionan argitaratu zen bigarren edizioaren faksimila irakur dezakete.
Bertan aurki daiteke, halaber, Francisco Laphitz apaiz arizkundarrak San Inazio Loiolakoa eta San Frantzisko Xabierren omenez osatu zuen Bi saindu hescualdunen bizia, "euskaraz inoiz idatzi den libururik ederrenetakoa", aita Luis Villasante zenaren hitzetan.
Helbide berean, Zuberoako eta Bizkaiko literatura klasikoaren gailurtzat jotzen diren beste bi obra ezagunen faksimilak ere eskura daitezke: Ivan de Tartas sohütarraren Onsa hilceco bidia eta Juan Antonio Moguel eibartarraren Peru Abarca.
Literatura unibertsaleko bi libururik irakurrienen faksimilak ere duela 100 urteko euskara ederrean irakur daitezke Interneten; bai Biblia osoa, Duvoisin kapitainak Louis Lucien Bonaparte printze euskaltzalearen esanetara landu zuen itzulpen erraldoiari esker, bai eta Cervantesen On Kixote-ren pasarterik ezagunenak ere, Julian Apraiz gasteiztarrak garai hartako euskaltzale eta kixotezaleen laguntzaz prestatu zuen Donkituera umill euskalduna Cervantes-eri opatua liburuskaren faksimilaz.
Bonaparte printzearen sosei erker, Arturo Campionek zuzentzen zuen Nafarroako Euskarazko Elkargoak Orreaga izeneko balada plazaratu zuen 1880an, euskalki guztietara itzulita. Hau ere Eusko Jaurlaritzako webguneko liburutegi digitalean kontsulta daiteke, euskararen historian plazaratu diren bi gramatika-liburu garrantzitsuren faksimilen ondoan: Rafael Mikoleta bilbotarraren Modo breve de aprender la lengua vizcayna eta Manuel Larramendi andoaindarraren El Impossible vencido.
Interneten eskuratzeko moduan dauden euskal liburu bitxien lehen edizioen errepaso labur honetan, ezin barkatuzkoa litzateke Joan Pérez Lazarraga jauntxo euskaltzalearen eskuizkribua aipatu gabe uztea, Gipuzkoako Foru Aldundiak internauta guztien esku jarri baitzuen iaz, lazarraga.gipuzkoakultura.net helbidean, Arabako idazle errenazentistaren eskuizkribuaren faksimila.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.