_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Tresna zaharraren gaztaroa

Manu Gojenolak albokaren azken urteotako bilakaera aztertu du liburu batean

Manu Gojenola siouxen lurraldean jaio zen 1956an -Idahoko Shoshone herrian-, Ameriketara fortuna bila joandako familia baten altzoan. Aita itzaina zuen, Amorotoko semea, eta ama, Gizaburuagako okinaren alaba.

Hamar urtez, Euskal Herrira etorri zen bizitzera. Garai beretsuan, Xabier Gereñok artzain-soinuari grabatutako lehenengo diskoa plazaratu zuen, Mariano Barrenetxea albokariarekin. Barrenetxeari zor zaio Alboka. Entorno folklórico liburua, albokaren larousse-tzat jo dutena.

"Disko horren aurretik, Manuel García Matos ikerlariak Xilibrin albokariaren pieza batzuk sartu zituen Antología del Folklore Musical de España diskoan 1960an, eta zortzi urte lehenago, Alan Lomax amerikarrak Andoni Goikoetxearen alboka grabatu zuen", zehaztu du.

Albokaren alde batzuk osatzeko datu-bilketa duela lau urte hasi zuen. "Buruko tumore bat kendu zidaten, eta gaixoaldia leuntzeko liburua idazteari ekin nion", esan du. Operatu zuten egun berean, Juan Otxandio albokari eta laguna hil zitzaion.

Euskal Herriko musika-tresna zaharren artean, albokak du antzinako kutsurik nabarmenena. Adar itxurako instrumentu honek badu parekorik Mediterraneo aldeko zenbait herritan, eta adituen ustetan, klarinetearen senidetzat jotzen den soinu-tresna aerofono hau India edo Mesopotamian sortutakoa izan liteke.

"Itxura guztien arabera, duela 200 edo 300 urte, albokak urrezko aroa izan zuen geure artean, baina harez geroztik,bere erabilera soziala murriztuz joan da etengabe", adierazi du Manu Gojenolak, Albokaren alde batzuk izenburuko saio eta testigantza liburuaren egileak.

Gojenolak esaldi bakar batean laburbildu du albokaren bilakaera: "Toki batzuetan ematen dizkioten pastoresoinua eta artzaisoinua gisako izenen ildotik, alboka artzain giroko soinu-tresna dela esan dezakegu, baina geroztik, menditik baserrira eta baserritik kalera jaitsi zen".

Musika-tresnaren ezaugarriak alde batera utzita, albokaren azken 100 urteotako gainbeheraren nondik norakoak islatu nahi izan ditu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez plazaratu duen idazlan mamitsu honetan.

Geroa bermatu

"Gaur egun, albokagileak, irakasleak eta 80 albokari inguru ditugu; eta hauen guztion ahaleginari esker, euskal soinu-tresna zahar honen geroa bermatuta dagoela esan genezake", ziurtatu du Gojenolak. Itxaropenez beteriko egoera honen erdigunean, Juan Mari Beltran, Ibon Koteron, Imanol Atxa, Fede de Dios, Joserra Fernandez eta beste hainbat albokazaleren izenak tartekatzen ditu liburuak.

Duela urte gutxi batzuk, ordea, egoera arras bestelakoa izan zen. "Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan desagertu ondoren, albokak Arratia eta Gorbeialdean zokoratuta iraun zuen ia XX. mende osoan", erantsi du.

Orduko albokariak "joleak ez ezik egileak ere baziren", eta izen batzuk aipatzekotan, Gojenolak "Anbros Gorostiaga igorretarra, Graziano Lekue Txisperue zeberiotarra, Juan Jose Amundarain zeanuritarra eta Pontxo Orue lemoarra" ekarri ditu gogora, "horiexek izan baitziren XX. mendeko maisu nagusiak alboka tradizionalari dagokionez", azpimarratu du.

Euskal kulturako beste alor askotan bezalaxe, gerra osteko diktadurak kinka larrian jarri zuen albokaren etorkizuna. "Pontxo eta Amundarain, esate baterako, goardia zibilaren aurrean salatu zituzten alboka jotzeagatik", azaldu du Gojenolak.

Berezko musikari haien ondorengotzat jo behar ditugu Leon Bilbao, Silbestre Elezkano Xilibrin, Eugenio Etxebarria edo Antonio Aiesta Jitano albokariak. Belaunaldi berriek haiengandik ikasi dituzte albokaren sekretuak. Manu Gojenolak ere haiengana jo zuen informazio eske Albokaren alde batzuk liburua osatzeko. "Azken albokari tradizional hauen zuzeneko testigantzak dira, nik uste, obra honen ekarpen nagusia", esan du.

Albokaren berpizkundea 60 eta 70eko hamarkadetan hasi zen Dindirri, Beti Alai eta Andra Mari dantza taldeen eraginez. "Urte batzuk geroago, Oskorri eta Txanbela folk taldeek azken bultzada eman zioten soinu-tresnari", gogoratu du Gojenolak.

Ermiten inguruko erromeriak omen ziren albokarien topagune nagusiak. "Baserrietan eta tabernetan ere jotzen zuten, baina normalean ez zituzten gonbidatzen eliz ondoko plazetan jotzera", azpimarratu du Albokaren alde batzuk liburuaren autoreak.

Bazterketa honen arrazoiak, "instrumentuaren berezko mugak eta txistua eta eskusoinuaren konpetentzia gogorra" izan omen ziren. Gojenolak dioenez, txistularia "askoz ere dotore eta itxurosoagoa izan da beti" albokaria baino. Akordeoiari dagokionez, berriz, "instrumentu honen gaitasun musikal apartaren eraginez, alboka, dultzaina eta beste soinu-tresna tradizional batzuk ere baztertuz joan ziren apurka-apurka".

Urtetako zailtasun guztien gainetik, alboka gerora begira ere zer esan handia emango duen instrumentua da, Gojenolaren iritziz. "Soinu-tresna honek desafinatzeko zuen joera, esate baterako, gaindituta geratu da fabrikaziorako ezarri diren arau estandarrei eta material berriei esker, eta Beltran eta Koteronek garatu dituzten eredu berriek instrumentuaren gaitasun musikala zabaldu dute", esan du.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_