"Literaturan historiaren istorioak interesatzen zaizkit"
Aurton irakurri ditudan liburuen artean, sakonen heldu zaizkidanen artean jarrita dut Eta handik gutxira gaur, Eider Rodriguezek (Renteria, 1977) atera duen ipuin bilduma. Gutxitan irakurri dudan indar eta antsiez, galtzaileen mundu bat agertu du. Egia da gehienetan emakumeak direla bere pertsonaia nagusiak eta galtzaile, batez ere harreman pertsonaletan galtzaile agertzen direla. Mundu berezia sortu du idazleak eta jakin du, gainera, mundu oso gaurkoan kokatzen pertsonaien galera hori. Antiheroiak, bai, baina desioz eta grinez, maitasunez blaituak, abailduak.
Galdera. Ipuin bilduma honetan galtzaileen unibertsoa marraztu duzula esango nuke. Gehien batean galtzaileak maitasun eta sexu harremanetan galdu dira, baina badira historian galdu dutenak ere.
"Euskaldun naizen aldetik Euskal Herritik mundura idazten dut, txikitik handira"
"Galtzeak bilatu beharra dakar, garaipena baino askoz interesgarriagoa da"
Erantzuna. Galtzaileak baino gehiago nik esango nuke bizitzaren aurrean apustu bat egin dutenak daudela, arriskatu direnak, eta batzuetan, ez zaie irten nahiko zuketen bezala. Baina apustua da inportanteena, sinisten duzun horren alde egitea, kosta ala kosta, hodeiertzean ikusten duzun gauza horren bila irtetea, nahiz eta gero inoiz lortu ez. Historiako galtzaileei buruz gauza bera, faxistek irabazi zuten 36ko gerra, baina faxistei aurre egin zietenek soilik ekarri zieten mundu honi ederra, nahiz eta gaur egun bide bazterretan tirokaturik datzaten, haien memoria omentzen duen plaka doratu ofizialik gabe. Galtzeak bilatu beharra dakar, jarraikortasun bat, garaipena baino askoz interesgarriagoa da.
G. Badirudi liburuan badirela erritmo joera desberdinak... Ipuin historiko sinboliko batekin, niri Koldo Izagirreren kontagintza gogora ekartzen didan ipuin batekin hasten da. Baina laster giro historikoa beti presente badago ere, drama pertsonalak kontatzera murgiltzen da liburua.
E. Koldo Izagirreren Mendekuak aspaldi irakurri nuen, ez dut batere fresko kontagintza hori, baina baliteke oihartzunik egotea, Agirre zaharraren kartzelaldi berriak presente baitaukat. Gauza garaikide bat egin nahi izan dut, kokapen politiko eta sozial definituarekin, eta kokapen horretan bizi den jendearen, pertsonaien drama eta trama ekarri dut ipuin askotara. Historiaren istorioak interesatzen zaizkit, uste dut literatura egokia dela hauei bide emateko eta Historia edo Politika edo Soziologia diren gauza zurrun horiei bizi apur bat emateko, arlo horietan adituak ez garenok arlo horiek ulertzeko ditugun manerak dira ipuinok.
G. Hala ere, erdi aldera hiru ipuin bildu egiten dira hiru ahots eta hiru ikuskizun desberdin lotzeko asmoz. Eta tonu berri bat hasten da hortik aurrera.
E. Bai, izan daiteke. Zaila izan zen narrazioen ordenaren erabakia. Editoreak asko lagundu zidan. Azken finean, pelikula batean bezala, muntaiak ematen dio bizia liburu bati, erritmo batzuk ezarri behar dira, jazarpenak, sexu eszenak, lasaialdiak... liburuak bere osotasunean izan behar duen erritmoa finkatzeko.
G. Ipuinok espazioaren asmakizun oso desberdina erabiltzen dute: oso espazio zabala dago barruan. Iparraldea, Chiapas, Berlin, Bilbo zein Donostia. Nahita izango denez, zergatik hain espazio zabala?
E. Idazlanak nire barruan jaiotzen dira, nik ematen diedan forma hartzen dute, baina idazlanetarako materiala hor kanpoan dago, munduan bertan, batzuetan Euskal Herrian beste batzuetan Krakovian. Eta nik ahal dudan guztietan bidaiatu egiten dut. Maite dut mundu hau, edo hobe esanda, maitatu nahi dut mundu hau, eta horretarako ulertu egin behar dut, horregatik idazten dut. Edonola, uste dut euskaldunak modu batean nahiko rizomatikoak garela, Deleuzen zentzuan. Nik euskaldun naizen aldetik idazten dut mundua, Euskal Herritik mundura, txikitik handira, gauza ugari ulertu dut modu honetara, eta zentzurik sakonenean diot hori. Ez dakit nori irakurri nion aspaldi argi izan behar dugula aingeruak baino pixka bat beherago bizi garela eta labezomorroak baino pixka bat gorago. Hori besterik ez gara, munduko edozein tokitan, onerako eta txarrerako.
G. Drama nagusitzen da, nire aburuz, ipuinetan, eta dramak intentsitatea ematen ohi dio historiari...
E. Bai, arrazoi duzu, intentsitatea duen gauza bat egiten ahalegindu naiz. Drama egokia da horretarako, uste dut horregatik erabili dudala. Edonola, zuen errua da, inguruan bizi zaretenona, drama besterik ez dago kalean, ez zaudete inoiz pozez zoratzen, zer egingo dut nik ba, barrez lehertzeko komedia bat? Kutsatu egiten nauzue-eta.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.