Bere alorrean bakarra
Kalitateak gora egitearekin batera, zailagoa da lanen aukeraketa egitea
Datorren ostegunean Lekeitiok ateak irekiko dizkio zazpigarren artea deritzonari, eta larunbata bitartean, euskal zinegile zein bideogileen hamaika lanez disfrutatzeko parada izango dute bertara hurbiltzen direnek. 1978. urteaz geroztik ez du hutsik egin eta aurtengoan, gainera, ospatzeko aitzakia badute antolatzaile zein zaleek, 25. urteurrenean.
Mende laurdena euskarazko zinearen zerbitzura, Lekeitioko Bilera, euskarazko zine amateurra bultzatzeko sortu zen. Aipatu bezala, 70. hamarkadaren bukaeran sortutako hau, ez zen garaian jaialdi bakarra, Zestoak ere antolatzen baitzituen Topaketak. Ez luzarorako, baina. Horrela, gaur egun eta hogeita bost urteko eskarmentuz, Lekeitiokoa da ezaugarri hauek dituen Bilera bakarra Euskal Herrian. Benito Anzola bikarioari eman behar eskerrak, bere babesean sortutako zaletu taldeak jarri baitzuen abian I. Euskal Zine Amateur Bilera proiektua.
Talde honen xedea euskaraz egindako pelikulak plazaratzea zen, eta egun, helburu horri eusten diote antolatzaileek beti ere zine amateurraren aldeko jarrera erakutsiz. Garapenak aldaketak ekarri dizkio jaialdiari, dena den. Besteak beste, 1978an Lekeitioko Bilera sortu berria pelikulak erakusteko gunea besterik ez zen, edizio zenbaiten ostean, ordea, lehiaketa bihurtu zuten. Lehenbiziko ekitaldietan zine lanak soilik ikusteko parada zuten zaleek eta hala jarraitu zuen bideoa zabaldu zen arte. Antolatzaileek ez zioten muzin egin euskarri berriari. Sasoiko Antzoki zinemak utzi gintuen, eta bere ordez jarritako kirol kantxak ere. Euskal zinearen kabi bihurtu dute hiru egunez Ikusgarri aretoa eta bertan burutuko dira saio guztiak. Garai berrien magalean, Lekeitiokoa jaialdi garrantzitsua bihurtu da, dudarik gabe, zinegile euskaldunen erreferente.
Jose Luis De la Torre jaialdiko sortzaile eta arduradunak azaldu duenez, lehen edizioko helburu berbera mantentzen saiatzen dira, alegia, euskara ikus-entzunezko medioen artean zabaltzea, "kontuan izan, orain 25 urte, ikus-entzunezkoan, gaztelania zela nagusi eta euskarazko lanak ikustea zaila zela erabat. Egun normalizatuago dago baina oraindik lan asko egin beharrean gaude". Aurkezten diren lanen kalitatea ere goraipatu du De la Torrek, "azken bost urteetan nabarmen aldatu da laburren kalitatea, geroz eta zailagoa da aurkezten diren lanen aukeraketa egitea, profesional zein zine eskoletako partaideek aberastu egin dute eskaintza. Aldaketa garrantzitsua ere nabaritu dugu zinegileen artean, lanak egun euskarazko mentalitatearekin eginak daude". Lekeitioko jaialdiak geroz eta ikusle gehiago biltzen ditu urtero. De la Torre-ren aburuz, herriko jendeari eman beharreko eskerrak dira, "herritarrek bizitasunez bizitzen dute Bilera, urtero jendetza mordoa biltzen du ekitaldiak, eta horrez gain, lanen kalitateak ere zaletuak erakarri ditu zine ospakizun honetara". Aurten gainera, 25. urteurrena ospatu asmoz, antolatzaileek, aurkezten diren lanak internet bidez ikusteko aukera abian jartzea nahi izan dute "gure xedea zinegile partehartzaileen lanak eskura izatea izan da, batez ere ekoiztetxeei begira egindako ahalegina. Aldizkari berezi bat ere kaleratuko dugu, Zine eta Bideo Bileraren historia biltzen duen liburuxka, eta horrez gain aretora sartzeko parada izan ez dutenek, laburrak, Isidro Salinas enparantzan jarritako pantaila erraldoi batean ikusteko aukera izango dute".
Kalitatezko film uzta oparoa
L
ekeitiko Euskal zine eta Bideo Bilera ostegunean, hilaren 21, hasten bada ere, asteazkenean Eusko Jaurlaritzak gerra garaian propagandarako egindako hiru film izango dira ikusgai, Guernika, Semana Santa en Bilbao eta El entierro del reverendo Padre Korta, alegia. Proiekzioez gainera, giro historikoa argitzeko eta azalpenak emateko, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Santiago de Pablo izango da, zine historian aditua berau.
Ostegunean bertan jarriko dute abian lehiaketa, iluntzeko zazpitan hasita. Fikziozko lanak eta dokumentalak izango dira gehienak, formatu txikiko bitxiak. Laburraren arnasaz filmatuta dauden Ane Muñozen Basurdea, Manu Castillaren Chiloe, Siriaren barruan, edota 25 minutuko iraupena duen Amaia Urzelairen Mezularia, besteak beste. Guztira hamar lan aurkeztuko dira jaialdiaren lehen egun honetan eta beste hainbeste biharamonean, ostiralean. Lehiaketaz kanpo, Agustin Goenagaren Aita Madina, Aita Gurea-k aurrea hartuko die Iñaki Beraetxeren Metropolian, Maru Soloresen Dortoka Uhartea eta Sabin Egiliorren Gabriel Aresti. Luma zikina lanei, hauek bai, ordea, lehiaketaren barne. Kalitatezko hamabi labur gehiago, beraz, ostiraleko egitarauak eskaintzen duena.
Bilerarekin amaitzeko antolatzaileek beste sei lan aurkeztuko dituzte larunbatean, arratseko zazpi t'erdietatik aurrera. Hauetako hiru sormenezko lanak dira, bi argumentozkoak eta dokumental arloan kokatzen dena bestea. Azkenik, Aukeran taldearen ikuskizunak emango dio bukaera jaialdiari eta ondoren, Anuska Lasak eta Iñigo Larrinagak aurkeztuko dute sari banaketa. Lanen aztertzaile bezala, epaimahaikide lanetan alegia, Xabier Portugal eta Begoña Vicario zinegileak, Arkaitz Arostegi idazlea eta Eguzkine Salterain zine kritikaria izango dira.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.