Lurralde bitxiak
Joan den astean, espero ez nuela, etorri zitzaidan etxera nire aspaldiko adiskide atzerritar bat. Ustekabea ikaragarrizkoa izan zen, azken bost urteotan elkar ikusi gabe ginelako, besteak beste. Harengandik oso berri gutxi jaso ohi nuen, eta oraingoan ere, hona etortzeko haren asmoaz banekien arren, ez zidan helduko zen egunari buruz deus ere esan. 'Lanbidea horrelakoa du' -pentsatu nuen-. Hala ere, hura ikusteaz berehala poztu nintzen, hasierako ezustea baretu eta gero.
Bera, ordea, ez nuen hain alai ikusi. Horren zergatiaz galdetu nionean, honako istorio hau kontatu zidan, modu pausatuan, esaldiak -nire adiskideak daukan kanpotar azentu bereziak apaintzen zituenak- behar zuten neurriraino borobilduz: 'Esango dizudana erabat arraroa irudituko zaizu, badakit, baina sinetsi beharko didazu, den-dena egia baita. Lau lagun ginen herrian, beste behin kontatu nizun bezala. Eskola batera amaitu genuen, baina unibertsitatera sartzerakoan bakoitzak bere bidea aukeratu zuen. Horrek, hala ere, ez gintuen gehiegi banandu. Ikasketak bukatu ondoren, ni, Ingvar, polizia egin nintzen; Tlön politikari bihurtzeko asmotan zebilen eta Uqbar-en filosofiaz idazteko zaletasuna aspalditik ezagutzen genuen; handik gutxira unibertsitateko irakasle ere bilakatu zen; Smrt-ek, aldiz, beti oso isila izan delako agian, ez zigun apenas ezer esaten egiten zuenari buruz. Haren nortasuna nolakoa zen bagenekien eta horregatik ez genion garrantzirik eman. Dena den, handik gutxira jende helduen zaindari gisa lan egiten zuela jakin genuen.
Harreman estuena Uqbar-ek eta Smrt-ek zeukaten, batez ere Tlön politikari egin zenetik. Noizean behin hura kritikatu egiten genuen, baita neuk ere, baina orain onartzen dut gauza askotan hark arrazoia zeukala. Hilabetero biltzen ginen ostatu batean, gehienetan afaltzeko. Gure lurraldearen egoeraz hitz egitea gustuko genuen, elkarren arteko konfiantza zegoela uste baikenuen, noizbehinka eztabaida gogorrak pizten baziren ere. Badakizu zeinen txikia den gure herrixka, Europako erdialdean galduta; ni ez nago ziur, baina agian horrexegatik sortzen dira gure arteko hainbeste iskanbila.
Halako batean, duela bi urte, Tlön gure laguna hil egin zuten. Ordurako ezaguna zen talde terrorista batek hartu zuen bere gain hilketa. Ohi bezala, Tlön akatzeko arrazoi politikoak aldarrikatu zituzten egunkarietan. Egia esan, gure adiskidearen ospea politikari bezala ez zen batere zabala, herri bateko zinegotzia izatera heldu zen arren. Gure lurraldearen bizitza librerako hura oztopoa zela esateak ez zuen inolako zentzurik. Gelditzen ginen hirurok bildu ginen haren hiletetan; hitz gutxi egin genuen egun hartan.
Poliziaren ikerketak aurrera egin ahala, gero eta argiago ikusten genuen hiltzaileak oso gertu genituela. Haietako bat eliza ondoko etxe batean ezkutatzen zela jakin genuenean, han sartu ginen gau batez: bertan Smrt aurkitu genuen. Ezin nuen sinetsi ere egin. Pistola bati heldu nahi izan zion alferrik, ordurako inguratura baitzegoen.
Epaiketan isilik egon zen. Beste bi taldekiderekin batera, betiko kartzela-zigorra jaso zuen. Nik ezin nion aurpegira begiratu ere egin, hain nazkagarria iruditzen zitzaidan hark egin zuena. Ezin nuen konprenitu nola doilor daitekeen gizakia beste gizaki bat, auskalo zein aitzakiarekin, hiltzera heltzeraino.
Baina istorioa ez da hor amaitzen. Uqbar filosofoa gure lagun ohia bezalako presoen egoera salatzen hasi zen. Ez zuen bidezkoa ikusten pairatzen zuten zigor itzela eta haien senideen sufrimenduez oso kezkatuta agertu zen. Eztabaida gogor bat izan nuen Uqbar-ekin, bere portaera ez zitzaidan etikoa iruditzen: senideen egoeraren errua Smrt bezalako jendearena zen, ez justiziarena. Harrezkero gure harremana pikutara joan da'.
Horrela bukatu zuen kontakizuna nire lagunak. Harrituta begiratu nion luzaro, entzundakoa sinetsi ezinik. Badira hortik zehar lurralde bitxiak -pentsatu nuen-, gizarte ulergaitzak edo agian pozonduak. Ez nuke nire lagunaren azalean egoterik nahi.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.