_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Ahotsen zeinuak

'Puskak biziz' eta 'Gure ametsen gerizan' jarraipen poetikoaren bidetik doaz

Jarraipen poetikoaren bidetik agertu dira duela gutxi agurtu dugun 2000. urte honen azken garaietan poema liburu bi. Bata, hotsik sortu gabe etorri da, Luigi Anselmiren Gure ametsen gerizan; besteak harrabots pixka bat sortu du agertu aurretik, eta Juanjo Olasagarreren Puskak biziz da. Biak idazle entzutetsuen lanak, elkarren artean diferenteak.

Luigi Anselmik lan luzea egin du euskal poesigintzan. Eta oraingo hau bere laugarren poema liburua da euskaraz, noizbehinka euskara eta gaztelania tartekatzen dituen poeta baita. Jarraipen liburu deitu dugu, lehendik oso esku trebez erabilitako bideak agertzen baititu egileak hemen ere. Hiru lau lerro nagusitan mugitu da Luigi Anselmi eta lerroon jarraibidea da oraingo hau.

Hasteko elegia joera da berea; elegia: sentipen xume eta txikiz egunerokotasunari buruz aritzea, amodioa eta grina, eta detaile txikia. Urte asko daramatza Anselmik lan horretan, eta tonua oso ondo erabiltzen daki, tonua kontua baita gehien batean bere poesiaren arazoa. Tonu txiki horretan hurbiltzen zaio irakurleari eta ahotsaren xumetasunak irakurleak senti dezakeenarekin bat egiten du. Historia luzeko eta trebezia handiko kontua, beraz. Bere norabidea, bere nortasuna zein den oso ondo dakien poetaren ahotsa dugu oraingo honetan.

Ahotsak xume eta baxu hitz egiten du, baina badaki zeintzuk diren gizarteak dituen arazoak. Izenburuak aipatzen duen 'ametsen geriza' beste nonbaiten dagoen bidea baita: 'Zer egin genezake/ gure ametsen gerizan/ burutu diren sarraski/ eta bidegabekeria orok/ ametsetan segitzea/ eragotz ez diezaguten?'. Bai, ongi dago galdera, baina errealitatea aurrean dago.

Tonua xumea da. Poetak bere berezitasuna adierazten du: 'Olerkaria,/ jende gehiena oinutsik/ dabilen herriko/ oskigilea'. Eta horrela poetak bere ikuspegia agertzen du, ironiaz, hitz jokoz, ikuspegi berria eman nahiz gauzei eta egoerei.

Baina elegia da berea, gauzei buruzko begirada urruna, eta adiskidez inguratua. Poemen gainean jarritako eskaintzak oso ongi adierazten dute poeta lagun talde baten partaide dela. Eta poema liburu horrek badu bere parekotasuna bere idazle taldean parte hartzen duen J. E. Urrutia Capeau narrazio laburren liburuarekin. Biak agertzen dira batera idazle talde baten -edo adiskide talde- partaide gisa.

Eta idazle honen -talde horren?- ezaugarri nagusia da Bizkaitik zuberera bultzatzea, eta zubereraren eragin handiz aritzea. Esanguratsua da liburu honetan poema bat zuberera itzulia agertzea, azken batean, hizkuntza diglosikoetan diren ezaugarriak aurre-aurrean baitira: urrun eta nostalgikoa den zerbaiten goraipatzea, hizkera berezi baten agerpena. Baina ez dakit hori zuzenegia den, bestera, bai badakit ez dela bidea, nahiz eta idazle talde baten ezaugarria izan hori.

Oso egitura nabarmena

Bestelakoa da Olasagarrek egin duen jarraipen bidea, ez baita hizkera eta euskalkiaren aldetik gertatu. Gaupasak (1991) eta Bizi puskak (1995 eta 1996) eman ondoren, Puskak biziz (2000) eman du argitara, aurrekoaren ahotsa jarraipen gisa. Eta jarraipena da liburuan lehen lehenik nabaritzen dena; planteamendua ez dela aldatu, alegia, nahiz eta pertsonaia berriak sartu diren testuan (Tartean, Paul Austerren horizontean, txakur bat, txakur poeta edo zenbait gauza arrunt).

Ezagutzen ez duenarentzat azaldu beharko litzateke, Olasagarrek oso egitura nabarmena asmatu zuela bere bigarren libururako, eta hemen hura agertzen duela berriro. Hor ditugu pertsonaia desberdinak, poema liburua agertu baino lehenago banan-banan aurkeztuak, antzerki lanean bageunden bezala, pertsonaiak. Pertsonaia bakoitzaren azpian bere nortasun-taiukera: zein izen duen, zer historia duen. Pertsonaia bakoitza eratzeko joera honetan Olasagarreren poesiaren lehen indarra nabaritzen dugu: historia bat osatu du eta historia horretan kasualitateak (koadrilak Baionara egindako bidaia hori) eta gaur egungo zenbait arazok (homosexualitateak, ihesak, emigrazioak) garrantzia hartzen dute testuan.

Aurkezpen horretako pertsonaien ahotsak osotzen dute poemategia, bakoitzak bere egoera nagusi horretatik bere poemak egiten ditu, eta ahotsen jokoak lientzo oso bat agertzen dute. Muralista nagusiaren lana da Juanjo Olasagarrek egin duena, bizitza asko bildu, pertsonaia bakoitzari bere ahotsa eman eta denen artean herri bateko etsipena eta sufrikarioa adierazi.

Poemak bere horretan onak dira, baina pixka bat hotzak; egitura nagusiak, planteamendu orokorrak poema bakoitzaren indarrari lagunduko ez balio bezala.

Guztiak sufrikarioaren agerpena egiten du, ahots bakoitzaren itzalak zentzu desberdina du, baina hor dago poema, ederra da bere hartan, baina osotasunak galtzen duela uste dut, noizean behin. Banan banakakoak osoa agertzeko nahikoa ez balu bezala.

Ahots desberdin horiek Pessoaren oihartzuna gogoratzen dute, bakoitza bere tragedia puskarekin, heriotzatik hain hurbil, ez-ulertzetik hain hurbil...

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_