_
_
_
_
Tribuna:
Tribuna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las tribunas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Euskal gatazka eta euskal kultura

Gure herriko konponezin politikoari buruzko azterketetan gutxi kontuan hartu arren, badago arrazoirik pentsatzeko egoera linguistikoak lagun dezakeela euskal gatazka delakoaz argi gehiago izateko. Estrukturalismo amerikarrak hizkuntza bakoitzak gizabanakoaren mundu-ikuskera baldintzatzen duela irakatsi bazuen, orobat esan daiteke kultura eta hizkuntza komunitate bakar bateko edo bietako kide izateak gure egoera politikoari eta haren irtenezin eta irtenbideei buruzko ikuskera dezente baldintzatzen duela. Nire ustez, horretxek azaltzen du, arrazoi historiko ezagunekin batera, gaur egun zergatik den ageriagoa Lizarrako hitzarmena eta planteamendu abertzaleen aldeko joera euskal kulturaren munduan bizi direnen artean. Horren froga da, besteak beste, apirilaren 10ean Bilbon egindako manifestaziorako dei eginez egunkarietan agertu zen iragarkia, euskal kulturako hainbat izen ezagunen atxikimendua zuena. Euskaltasuna eta abertzaletasuna uztarri berean jarriko lituzkeen determinismo maltzurretik ihes egin behar bada ere, errealitatean sarri ikusten dugun uztartze horretaz eta bere inplikazioez gogoeta egin beharko lukete politikan eta kulturgintzan dihardutenek, esandakoak aditzera ematen baitu gizartegintza lanean porrot egiten ari direla bai proiektu politiko abertzalea eta bai abertzale ez direnena, baina baita euskal proiektu kulturala dei dezakeguna ere. Izan ere, proiektu horiek daramaten bidetik ez dute euskal gizarte kohesionatu bat eraikitzea lortuko, ez behintzat euskaltzaletasunak abertzaleen esparruan bakarrik jarraitzen badu, edo, bestela esanda, abertzale ez direnen gehiengo ia osoa ez bada euskarazko hizkuntza eta kultura munduaren barruan sentitzen. Muga itsua Gainera, orain indar politiko abertzaleen eta besteen artean jaso den muga itsua hizkuntzaren eta kulturaren esparrura ere lerratzearen arriskua egon daiteke. Horretarako gogo eta ahaleginik ez da falta alde bietan. Askotan alderdiek esentzialismoaren eta nortasunaren alorrera desbideratzen dute arazo linguistiko-kulturalei buruzko eztabaida politikoa, gaurko gizartearen arazo praktikoen aurrean dauzkaten jarrerak zuritzearren historiari etengabe begiratuz. Askoren ikuspegitik, abertzale ez diren alderdiak oker larria egiten ari dira euskarazko kultura dela-eta daramaten jardunbide absentista horretan: ez dute erreferente euskaldun eta euskaltzale agerikorik euskaldun eta euskaltzaleentzat; ondorioz, euskararen mundua eta haren gizarte-ikuskera barrutik ezezagun eta ikusezinak dira haientzat. Grafikoki esanda, ezin lukete esandakoa bezalako izen zerrenda aurkeztu haien jarreren aldeko ekimen baterako, eta holakorik egin ezinak zerbait esan nahi du: hots, haiek babestu nahi duten euskal gizartearen aniztasun hori euskal errealitateari buruzko ikuskera mugatu batetik begiratzen dutela. Bestela esanda, alderdi horiek arazo latzak dauzkate euskaltzaleak beraien proiektuetara gerturatzeko, iritsi ezin hori handiagotzen ari direlarik. Azken urteetan euskararekiko beren jokaera alderdi abertzaleen hizkuntza politikaren polizia izatera murriztu dute, askotan mezu negatiboak bidaliz euskaltzaleen begi-belarrietara, eta euskal mundu horren irudi ilunak proiektatuz. Horrela, ez dago garbi mundu euskaltzalean ere haiek gizarte elebidun kohesionatu batean eduki beharko luketen errepresentazioa edukitzea (Katalunian bezala) benetan interesatzen zaien; baina kontuan izan behar lukete haien jarrera askok abertzaleen esparrura baino ezin dituztela hurbildu belaunaldi euskaldun eta euskaltzale berriak, batez ere herririk euskaldunenetan oso sentibera baitira gure hizkuntza dela-eta alderdi horiek hartu duten jokabide negatibistarekiko. Erantsi horri euskalgintzan dihardutenek euskal kulturaz duten ikuskeran badagoela errealitate berezi bat -haien euskarazko kultur ondarea eta haren esparrua historia politikoak jarri dituen mugen gainetik zabaltzen dela-, ikuskera hori ezagutzen ez dutenek ezin eduki dezaketena; eta alderdi konstituzionalistek beste hainbatentzat oinarrizkoa den errealitate kultural hori antolaketa politiko-instituzionalarekin bateraezina dela esan besterik egiten ez duten bitartean, beste batzuek erraz lortuko dute errealitate kultural horretan sinesten dutenak beraien lerroetara erakartzea. Uste dut hortxe datzala gure arazo politikoei buruz gizartean dauden ikuskera gero eta kontrajarriagoen arrazoietako bat, argi asko erakusten duena euskal gatazkaren enborrak sustrai kulturalak ere badituela. Bestalde, euskalgintza eta abertzaletasuna beti besotik agertze horrek gizartegintzaren ikuspegitik dituen ondorioez ere hitz egin behar da. Hasteko, gure kulturako adierazpen asko abertzaletasunez kutsatzen utzi ditugu. Horrek uxatu besterik ez ditu egiten, ez bakarrik abertzale ez direnak, baita hainbat euskaltzale eta abertzale ere -iazko Durangoko azokan Ardantzak esan zuen, Lizarratik ateratako giro politikoari esker, estreinakoz sentitu zela hara joateko lasai-. Hortaz, nola harritu abertzale ez direnek ezaxolaz eta susmo txarrez begiratzen badiote euskal kultura adierazpen askori, pentsatuz horiek denak abertzaleen gauza huts eta, okerrenean, haien inposizioa direla? Zentzu honetan, euskalgintzaren proiektu kulturala ere bide okerretik doala konturatu beharko dugu noizbait, euskararen eta bere kulturaren etorkizuna ezin baita behar bezala bideratu abertzale ez direnak ere proiektu horren onuraz ohartarazi gabe eta haien artean ere euskaltzaletasuna zabaldu gabe; hau da, Katalunian bezalako egoera normalagoa lortu gabe. Eta lehenago aipatu manifestazio-deia bezalakoekin nekez lortuko da helburu hori. Zergatik? Bada, abertzale ez direnen ikusmoldetik, euskal kulturaren ordezkari ezagun horien ekimenek askoz esanahi txikiagoa dutelako euskal kulturaren mundu horrek beste arazo larri batzuen aurrean sarri azaltzen dituen isiltasunek baino. Horretan sakonduz, kokapen politiko horretan daudenei ezin zaie eskatu euskararekiko eta euskarazko kulturarekiko atxikimendu handiagoa, baldin eta ororen gainetik beraien segurtasun fisikoaz, eskubide zibilez eta askatasunaren defentsaz kezkatu behar badute -gogoratu, Matías Múgica traidoretzat jo zutela askok bere libeloagatik-. Adostasuna pitzatuz Giro honetan, demokrazia-aro honen hasieran indar politikoen artean euskararen inguruan zegoen kontzentzua pitzatuz joan da. Gainera, abertzale eta euskaltzaleen taburik mamienetako bat erortzen hasi da: euskara ezin dela arma politiko moduan erabili. Aldiz, hori gertatzea ezinbestekoa zen "hizkuntza politika" zer eta horixe den neurrian, politika alegia, eta aurretiazko kontzentzu horrek hizkuntza politika horren gauzapen praktikoekin talka egiten duenean. Gainera, agian ongi etorria eta guzti eman beharko genioke tabu horren erorketari, oinarri faltsukoa besterik ezin baitzitekeen izan haren gainean eraikitako adostasuna, baina, batez ere, libre izan nahi duen gizarte batek ez duelako tabu sakralizaturik onartu behar, are gutxiago gizartearen zati batena bakarrik bada. Ildo horretatik, ondo legoke, askotan aldarrikatzen dugun askatasun nahi horren froga gisa, euskaldun oro, abertzale izan zein ez, gure erkidegoetan euskara ikastea derrigorrezkoa izan ez dadin onartzeko gauza izango bagina. Hori bai, aldi berean, euskara jakitea eta euskal kulturaren barru-barruko partaide izatea komenigarria ez ezik, edonorentzat erakargarria ere izan dadin lanean jarraitu beharko genuke. Bukatzeko, eta laburbilduz, bistan da harresi handi bat jaso dugula denon artean gure gizartearen erdian, eta kulturgintzan gabiltzanok gogor ekin behar diogu harresi hori osatzen duten ulertezintasunezko adreiluak botatzeari. Baina, agian, harresi horren alde bakoitzean goxo daudenen antzera, gu ere bizi gara giro endogamiko batean goxo. Eta endogamia, Claudio Magrisek bere Microcosmi liburuan dioenez, itogarria da, edozein nortasun izugarria den bezala, harresi bat altxatu eta bestaldean dagoena ikustea eragozten duelako. Harresi hori kulturaren esparrutik suntsitzen lagundu eta mugen botere hilgarria ezereztu nahi badugu, mugalde bietan daudenak ere bultzatu behar ditugu lan horretara. Magrisek dioen bezala, horretarako beharrezkoa da beti-beti bestaldeko sentitzea eta geure burua bestaldekoen aldamenean ere jartzea.

Koldo Biguri irakaslea eta itzultzailea da

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_