Hitzaren eragina JON KORTAZAR
Orain gutxi kotxean nentorrela irratia entzunez, Isabel Allende nobelagilea entzuteko aukera izan nuen. Mila istorio txiki kontatu zituen, beste batzuk tragikoak, alabaren heriotzarena tartean. Harira etorri ziren pasadizo guztien artean batek hunkitu ninduen, idazleak hunkituta kontatzen baitzuen historia, laino xumea jarriz ahotsaren tonuan. Kontua hauxe da. Txileko militarrek Isabel Allenderen literatura debekatu zutelarik, txiletarrek haren lanak fotokopiatu eta tapa berriak jarrita eskuz esku pasatzen zituzten. Lehen orrialdean, baina, irakurle anonimo eta ausart bakoitzak -jarrerak debekua hautsia zela salatzen zuelako- bere izena jarri ohi zuen. Klandestinitatearen aurkako ohitura izanik ere, zerrendak oso garbi adierazten zuen borondate baten agerpena. Isabel Allendek aleren batzuk lortu eta gorderik ditu. Aleren batek ehun irakurleren izenak dakartza lehen orrialde horretan. Allendek ezagutu nahi lituzke, banan-banan ezagutu, bakoitzari liburu ale ongi moldatua oparitu... Idazlearen eta irakurlearen arteko harremanez beste historia bat kontatu nahi nuke. Behin askorik saltzen ez duen, baina oso ondo idazten duen Enrique Vila-Matas idazleak bere liburu baten ale bakarra saldu zuela Donostian bota zuen Donostian bertan eman zuen hitzaldi batean. Bat-batean salaren azken aldetik gizon bat jaso eta "Nik erosi nuen ale hori" esan zuen. Idazleak bere irakurlea ezagutzen duenean sinesgarri bihurtzen da hitzak zentzua duela. Badu zentzurik literaturak gaur egun? Badu hitzak, literaturak eraginik gure artean? Eman dezagun, askotan entzuten den legetxe, literatura hiltzeko zorian dagoela irudiaren atzaparpean. Irudiaren kulturan bizi omen gara; beste batzuk ahozkotasunaren garain bizi garela diote. Eman dezagun literaturarentzat -idatzizko literaturarentzat- berriro heldu dela ahozkotasunarekin topatzeko garaia. Lehenago ere aurrez-aurre izan zuen Mendebalde honetan, harik eta eskola unibertsalizatu eta analfabetismoa gutxitu arte. Orain, berriz, bigarren ahozkotasunaren garaian bizi omen gara. Pantailak garaitzen omen du letra idatzia. Beraz, hiltzeko zorian omen dago, baina, aitor dezagun, ez beste garaietan baino arrisku handiagotan. Gaurkotasunak mugak jarri dizkio literaturari. Agian, merkatuaren eraginek badute zerikusirik literaturak igaroten duen egoerarekin. Literaturako liburua idazteak astia eskatzen du, eta ez dut hemen esango zenbat eraman zidan nire azkenak. Bere izaeragatik distribuzio erritmoa ere luzea izan beharko luke, eta bere kontsumoak ere, irakurketak zehatzago, denbora luzea eskatzen du. Luzaera eta iraupena dira, hain zuzen ere, gure gaurko merkatuak eskatzen ez dituena: arin eginiko liburuak, dendan ahalik eta denbora laburrenean egon eta arin irentsi, hona zer maite duen. Arin irentsi: hori da gakoa. Eta literatur-kritika desagertu da, ez euskal eremuetan soilik, gure kulturatik baino, liburuaren agerpenaren berri ematea ez baita kritika egitea, gehienez ere publizitatea litzateke. Guzti horrek zerikusi handiagoa du liburu komertzioarekin eta ez zuzenean literaturarekin. Baina nola banan ditzakegu biak? Krisialdiak ez du industriarekin soilik lotura, edo hobe, azalean komertzioaren eta industriaren irudiak dira agertzen direnak, baina sakonean eta ezkutuan dagoena gogorragoa dela esango nuke. Gaurkotasunaren erritmoa eta literaturarena desberdinak dira, eta batek ez du bestea laguntzen. Gaurkotasunak adierazten du orainaldia besterik ez dagoela eta unean unekoa bizitzeko joera zabaldu du gure inguruan. Orainaldiak, baina, ez du errorik iraganean, ez ondoriorik etorkizunean. Badirudi orainaldi iraunkor batean bizi garela: iraganak eta etorkizunak ez diote mugarik jartzen. Orainaldia garbia da, gardena: ez du maite iraganaren eraginik, bere burua bersortuz bizi da; gaurkotasunaren erroa iraganaren ukazioa bada, iragana behin eta berriro ukatuz bizi gara gaur egun. Orainaldia arina da, zeren ez baitu sentitzen ez iraganaren ez etorkizunaren pisurik, ez da iraganaren ondorio arteza, ez da ezeren jarraipen, ez du jarraituko etorkizunean. Guzti horrek sortzen duena orainaldi arrunta da, zeren memoriarik ez duen garaia da, ez du iragana kontuan hartzen, ez du etorkizunean sinesten. Entretenimendua Garatzen ez den orainaldiak ez du oroimenik. Etorkizunik ez bada, etorkizunean ez bada galtzen orainaldia ur geldiak bezala ugertu egiten da, herdoildu; geldirik dago bere basatzan; iraganean ez bada amiltzen geldirik dago oroimenik gabe. Orduan orainaldiak entretenimendua, ikuskizuna sortu du. Badirudi zerbait gertatzen dela: mendean ikusi ez diren futbol partidu historikoak (urtean behin, sikeran), joko olinpiko mundialak, inoiz ikusi ez diren ezkontzak, eta "divorcio del siglo" ugari. Badirudi zerbait gerta ohi dela, eta, gainera, badakigula zer den gertatzen den hori. Horrek entretenitzen gaitu orainaldiak bere betikotasunean, bere egonean sortu duen asperduran. Literaturari ere horixe eskatzen zaio: entretenigarria izatea. Merkatuak horixe nahi du, literaturak bete dezala funtzio soziala: jendea entreteni dezala. Baina hori ez da literaturaren helburua. Literaturak funtzio estetikoa du, bizitzeko balio du eta ez "denbora pasatzeko" eta dostatzeko. Funtzio estetikoa bizitzeko eta sentitzeko era bat besterik ez da. Bizitzeko eta sentitzeko, edo, nahi bada, bizitza sentigarri egiteko. Bizitza sentitzeko moduak badu ispilurik heriotza sentitzeko moduarekin. Gaurkotasunak bizi duen orainaldi iraunkorraren aurrean literaturak bizitza eta heriotzaren itzalak jartzen dizkigu begien aurrean. Bizitzea, bizirik sentitzea hiltzera goazela sentitzea baita, azkenean. Sentimena, sentikortasuna, sentsibilitatea literaturaren eginbeharra da. Sentitzen irakatsi behar du, baina, era berean, sentitzeko modu berriak ikusi behar ditu, sentimenaren forma ineditoak jarri behar dizkigu begien aurrean. Literatura ez da bizitzeko eren islada, ez da bizitzaren ispilu, bizitzeko eren asmatzailea da.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.