Konpromisoa
Horixe da Sergei Dovlatoven liburuaren izenburua; joan den urtean argitaratu zen euskaraz, baina ez du inolako iruzkinik izan gure prentsan, nik dakidala (Kritiken Hemerotekak ez du halakoren berririk ematen behintzat). Auskalo zerekin duen horrek zer ikusia: euskaldunok itzulpenei diegun balizko alergiarekin, edo Hiria argitaletxearen ikusezintasunarekin (zeina, dena aitortu behar bada, gogoz irabazi baitu: liburuen itxura itsusia da, garestiak dira, eta dendetan lortzeko zailak). Edonola ere, lan hori ahazmenetik berreskuratzeko nire aletxoa jarri nahi nuke zutabe honekin.
Dovlatov (Ufa, 1941-New York 1990) idazle errusiarrak erbestean garatu behar izan zuen bere obra, nagusiki: haren ipuin batzuk han-hemenka agertu baziren ere (gehienetan samizdat moduan, hots, autoedizio klandestinoetan), zentsura sobietarrak ez zion libururik argitaratzen utzi, eta moldiztegitik ateratzen ikusi zituen hamaika liburuak AEBtan kaleratu behar izan zituen (hara emigratu zuen 1979an; lan hau 1981ean argitaratu zuen lehenengoz).
Ironiaren erabilera etengabea da liburuan, sarkasmoaren mugetan
Konpromisoa da nik irakurri diodan onena; gaztelaniaz beste lau kaleratu dira. Liburuaren egitura sinplea da: hamabi atal, hots, hamabi konpromiso, eta bakoitzaren hasieran Dovlatovek berak erredaktatutako albiste bat, Estoniako errepublika sobietarrean kazetari lanean ibili zen garaietakoak (1973-76), eta, halako bakoitzaren ostean, atzean dagoen "benetako" istorioa, "konpromiso" izendapenaren ironia salatzen duena. Tallinn-eko laurehun milagarren biztanle jaio berri "egokia" aurkitzeko kazetariak egin behar dituen komeriak. Behi bat jezten errekorra lortu duen kolkhoztarrak Brejnev burkideari idatzitako telegrama (faltsua), eta buruzagiaren erantzuna (faltsua ere, jakina). Nazien kontzentrazio eremuetan preso egondako beteranoen bilkuraren inguruko albiste hunkigarria, zeinean, zer esanik ez, ez baita aipatzen guztiak gulagetik ere pasatuak direla. Eta abar.
Hori guztia estilo zuzen eta (itxuraz) sinple batekin kontatzen digu Dovlatovek, esaldi laburrekin, elkarrizketa pasarte biziak txertatuz, eta aforismora hurbiltzen diren hausnarketak tartekatuz; Iker Sancho itzultzailearen lana, alde horretatik, bikaina iruditu zait (lastima argitaletxearen utzikeriak tipografia akats dezente eragin izana).
Zaila da zein generotan kokatzen den ebaztea: ipuin liburu bat dirudi, baina pertsonaien eta episodio zenbaiten errepikapenek nobelaren alorrera hurbiltzen dute areago. Bestalde, albisteak benetan argitaratu baziren ere, eta narratzailea, egilea bezala, Dovlatov deitzen den arren, ezin da oroitzapen liburu soiltzat hartu, errekreazio literariotzat baizik, fikziotik ere baduena: itzultzaileak "autobiografia faltsua" izendatzen du, hots, "autofikzioa", egungo egile batek edo bestek horren gauza "berritzaile" gisa saldu nahi digun horixe hain zuzen ere...
Edonola ere, darion umorea da liburuaren ezaugarri nagusia: ironiaren erabilera etengabea da, behin baino gehiagotan sarkasmoaren mugetan, eta absurdoaren literaturara hurbilduz beste batzuetan. Umore inteligente eta pikaresko horrek, dena dela, ez digu aurrezten tristuraren labankada, liburua alde guztietatik blaitzen duena, vodkarekin batera: sermoirik eta moralkeriarik gabe, erregimen autoritario baten peko bizitzaren grisa ozen salatzen du Konpromisoak.
Eta, bide batez, laguntzen digu ulertzen nola izan zen posible "sozialismo errealaren" bat-bateko erorketa hura, laurogeiko hamarkadaren amaieran: ez zegoen sistemaren gezurra sinesterik jada. Dovlatovek, bere "konpromisoen" bitartez, ederki erakusten digu hori, soilik idazle handiek lortu ahal duten moduan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.