Helburuak
Mundua puzzle bilakatu bada eta zati bakoitza beste zenbait puzzlez osatua dagoela ohartarazi bagara, gizakion sozializazio morala gizarte partikular baten barnean gauzatzen da oraindik.
Teknologiak eta informatikak mundua batu egin duten honetan ere, bakoitzaren burubide moralaren garapena moralitate jakin bati loturik dirau, justifikazioak bezala, garaiak eta pertsonaiak trukatzen badira ere. Ikus ditzagun adibide batzuk.
Bin Ladenentzat, esaterako, mundua bi aldetan zatitua dago, eta islamiar orok Alaren alde borrokatu behar du, mendebaldetik jasotzen duten irainaren erantzuna Yihad bilakatuz. Haren ondorengoek ere esana dute "guk, Estatu Batuetan bizitzeko gogoz dauden amerikarrak bezainbeste gazte ditugu beren bizia emateko gertu". Eta Profetak dio: Yihaden hiltzen den oro Paradisura joango da.
Fundamentalista guztiek bezala, berarena soilik den egiaren ikuspegia dute, fanatismoak haren zirkulutik kanpo dagoen oro etsaitzat hartzera bultzatzen baitie. Fundamentalismoa zorroztasun modura azaltzen da, beti besteek duten iritziaren, bizimoduaren edo kulturaren aurka. Fundamentalistak ez du arrazonatzen, ez du ebaluatzen, ez du denborarik elkarrizketan aritzeko. Haren metodoa koherentea da, sinisten eta praktikatzen duen egiaren sinpletasuna bezala.
Munduaz orokorrean hitz egitea edo gure zorigaitzaren errudunak besteak direla epaitzea hedatuegia dagoen portaera da, norberaren erantzukizuna saihesteko gehienetan. Honela zioen K.a. 63an Katilina erromatarrak, azken porrota nozitu ondoren, Estatu-kolpea antolatzen ari zelarik: "Hainbeste irain eta bidegabekeria jasan ondoren, eta nire ahalegin guztiak antzuak izan direla ikusita, ezin izango dut bete niri dagokidan lekua Errepublikan. Horregatik, nire ohiturari jarraituz, zoritxarrekoen alde egin eta hauek publikoki defendatzea erabaki dut; baina ez nire gain hartu ditudan zorrak ezin ditudalako ordaindu, baizik eta ni gezurrezko susmoen bidez baztertzen nauten bitartean, merezi ez duten gizonak ohorez beteta ikusten ditudalako. Arrazoi horrengatik, oraindik gelditzen zaidan izen ona defendatzeko erabaki duina hartzen dut." Hitz antologikoak, helburu eta logika garbia dutenak: nola edo hala boterea eskuratu nahian dabiltzan demagogoen ahotan entzun daitezkeenak.
Jakin badakigu historia garaileek idazten dutela eta istorioak ez direla objektiboak ezta zentzu bakarrekoak ere, interpretazioak besterik ez direla. Horrela, istorio jakin baten aurrean beti ikuspunturen bat nabarmentzen dugu eta ikusmolde hori baieztatzen duten datuak gehiago erabili, interpretazio hori zalantzan edo kolokan jartzen dutenak zokoratzen ditugun bitartean.
Beste adibide bat. Zenbat aldiz gogoratu digute Juda-ren traizioa historian eman den laidorik handiena izan dela? Epai horren arabera, Jesus bezalako Maisua hogeita hamar txanponengatik saldu izana bekatuaren paradigma bilakatu da, eta ekintza hori burutu zuen judu maltzurra bekatariaren eredu. Ba orain, bat-batean, traidore hura dizipulu maitatuena zela esaten zaigu; atzo arte mespretxua baino merezi ez zuen madarikatua, gaur, traizioaren estigma bere gain hartzea onartu zuen dizipulu leiala bihurtu dugu Juda, Jesusen mezua hedatzeko ezinbesteko tresna.
Julio Zesarrek ere Rubikon ibai eta muga sakratua bere soldaduekin igaro eta Senatua bere mende hartu zuenean (Alea jacta est!), egin beharrekoa bere izena defendatzeko egin zuela ziurtatu zuen. Dignitas, duintasuna, Erromako aristokraziaren kontzeptu funtsezkoena, izan zen bere argudio nagusiena.
Hala ere, helburu potoloen erabileraren eredutzat, Robespierren hitzok ez dute parekorik: "par pitié, par amour, pour l'humanité, soyez inhumains!". Eta hor dirau, oraindik, bere enigma eta erakartasun guztiarekin, Termidorreko 8an Asanblada frantziarrean egindako bere azken adierazpenak: "zer eragotzi dakioke arrazoia duen eta bere herriaren alde hiltzeko prest dagoen gizaki bati?"
Orain, irakurle prestu hori, jar itzazu gaur egungo izenak pertsonaia famatu horien izenen ordez.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.