Duda-mudak argituz
Hik Hasi elkarteak irakaskuntza arloko kezkak harrotu ditu VIII. Udako Topaketa Pedagogikoetan
Giza-harremanak, etorkinak eta teknologia berriak izan dira Hik Hasi elkarteak urterik urte antolatzen dituen Udako Topaketa Pedagogikoen aurtengo protagonista nagusiak. Ekimena duela zortzi urte abiarazi zuten, "ikasturtean sortzen diren eskola munduko kezka eta zalantzei erantzun praktikoak emateko asmoz", eta denboraren poderioz, "ezinbesteko hitzordu bilakatu da irakaskuntza munduarekin zerikusia dutenentzat", ziurtatu du Joxe Mari Auzmendik, topaketen koordinatzaileak.
EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailaren babespean eratutako topaketa hauek era guztietako 26 ikastaro eskaini ditu zortzigarren edizio honetan. Irakaslearen mahaian, 42 adituk jardun dute irakaskuntza munduko zalantzak argitzen, eta ikaslearena egiteko prest, 575 lagunek eman dute izena ikastaro hauetan guztiotan."Topaketak martxan jarri genituenean, egunen batean 300 pertsona biltzera iristea zen gure helburua", gogoratu du Auzmendik.
Hik Hasi Udako Topaketa Pedagokikoak irakasleek irakasleentzat eratutako bilgunetzat sortu zen 1995ean, euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko asmoz. "Egia esan, topaketa hauetako partaideak ikasteko gosez etorri ohi dira uda hasierako hitzordu honetara, eta horrek izugarri errazten du informazio eta esperientzien trukaketa", azaldu du Auzmendik.
Parte-hartzaileen %80 inguru irakasleak dira, %10 Pedagogia eta Magisteritza karreretako ikasleak dira, eta gainontzekoak gurasoak eta irakaskuntzarekin nolabaiteko lotura duten beste arlo batzuetako profesionalak.
Hik Hasi Topaketa Pedagogikoak EHUko Pedagogia eta Informatika fakultateetan eta Donostiako Ekintza eta Zurriola ikastoletan egin dira asteartetik ostegunera bitartean, honako lau ardatz tematikoen inguruan: hizkuntza, informatika, adierazpena eta harremanak.
"Irakaskuntzan dihardutenek eta beste kolektibo batzuek proposatuta, ikasturtean sortutako zalantza eta kezka nagusiak argitzen ahalegintzen gara", adierazi du Auzmendik.
Horrela, hizkuntzaren erabilerari dagokion ikastaro-multzoan, kultura eta identitatearen arteko lotura, ahotsaren erabilera, bigarren hizkuntzaz jabetzeko prozesua eta ahozkotasuna eskolan lantzeko aukerak aztertu dituzte, besteak beste, Andoni Egaña bertsolaria, Eugenio Arraiza Euskokultur Fundazioko zuzendaria, Joxerra Gartzia EHUko irakaslea, Pello Añorga ipuin kontalaria eta beste aditu batzuen eskutik.
Informatika eta teknologia berrien arloan, aldiz, zortzi ikastaro antolatu dira, gehienak testuak eta irudiak editatu eta manipulatzeko baliabideen ingurukoak, baina Maite Goñi irakasle ordiziarrak eskainitako Wikiak eta webquestak irakaskuntzan izenburuko ikastaroa izan da, Auzmendiren hitzetan, "arrakasta eta ikusminik handiena sortu dutenetakoa".
Antzerkia, musikaterapia, dantzaterapia eta birziklatzearen bidezko sorkuntza izan dira adierazpenaren arloan jorratu diren gaietako batzuk; eta harremanei buruzko ikastaro-multzoan, azkenik, zeregin desberdinetan trebatutako psikologo eta terapeutek autismoa, afektibitatea, umorearen erabilera, irakaskuntzako estresa, eta gatazkak konpontzeko prozedurak aztertu dituzte, besteak beste.
"Gai batzuk ia-ia urtero jorratzen ditugu, baina batzuetan ez dute lortzen espero dugun arrakasta, harik eta, oihartzun informatibo handia duen gertakariren batek gai horiei buruzko jakinmina areagotzen duen arte", aitortu du Auzmendik.
Horrelako zerbait gertatu da Amaia Agirre bitartekariak gatazkak gainditzeko prozedura desberdinei buruz eskaini duen ikastaroarekin. "Gai hau duela urte batzuk ere programatu genuen eta nahiko erantzun epela izan zuen orduan", gogoratu du. "Baina Hondarribiko harresietan bere buruaz beste egin zuen Jokin Zeberio gaztearen kasuaren haritik, gero eta gehiago dira ikastaro honetan parte hartzeko interesa agertu dutenak", nabarmendu du.
Inmigrazioaren gorakada izan da Hik Hasi Topaketa Pedagogikoetan haziz joan diren beste aztergaietako bat. "1998an planteatu genuen lehenengo aldiz, eta orain erakarri duen jende multzo ederraren aldean, orduan nahiko eragin mugatua izan zuela esan genezake", esan du ekitaldi sortaren koordinatzaileak.
Italia aldeko haize berriak
Italia aldeko haize pedagogiko berriek ohorezko lekua izan dute Hik Hasi elkartearen aurtengo topaketetan, Maddalena Tedeschi pedagogoak eta Alfredo Hoyuelos ikertzaileak -italieraz eta euskaraz- eskaini zuten Reggio Emilia: proiektu baten azalpena ikastaroan.
Hoyuelosek urteak eman ditu Reggio Emiliako eredu pedagogikoa aztertzen, eta doktorego tesia hango haur eskoletako filosofia parte-hartzailea sustatu zuen Loris Malaguzzi pedagogo italiarrari buruz landu zuen.
Reggio Emilia 140.000 biztanle inguruko hiria da. Hantxe finkatu zuen Malaguzzik 1963an irakaskuntza aldarazi duen eredua, haurrak eta haurren ahalmenak erdigunetzat jotzen dituena.
Malaguzzi 1920an jaio zen, eta II. Mundu Gerraren ondoren, irakaskuntzatik giza duintasuna bermatzen lagunduko zukeen eredu berri bat bilatzeari ekin zion, demokrazioa, gizabidea eta haurren eskubideak oinarritzat hartuta.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.